Erretiratua

Ekialde Hurbila sutan

Joan Mari Beloki Kortexarena
2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena Hamabi Eguneko Gerra bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera litezke.

Israelek AEBen laguntzaz Irani egin zion eraso gogorraren helburua bonba nuklearra lortzeko azpiegitura suntsitzeko asmoz egin zuela saldu ziguten komunikabideek. Hala ote? Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk 30 urte inguru daramatza esaten Iranek oso gutxi falta duela bonba nuklear hori lortzeko. Bere bizi politiko guztia, alegia.

Nahi izan balu, Iranek dagoeneko eskuetan edukiko luke arma boteretsu hori. Baina bi arrazoi sendo ditu ez edukitzeko. Lehenik, beren lider nagusi Ali Khameneik esanda, islamak debekatu egiten duelako. Bigarrenik, Iran 1970a ezkero Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren sinatzaileetako bat delako. Itun honen jarraipena egiten duen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak azken mende erdian jarraipen zehatza egin dio eta mundu osora zabaldua zuen Iran ez zela bonba nuklearra egiten ari. Israelek eta AEBek ziria sartu nahi izan digute denoi.

Benetako helburua 2001ean AEBetako Estatu Idazkariorde Paul Wolfowitzek adierazi zuen. Gizon horrek, Ekialde Hurbilean Israelen nagusitasuna errazteko bidean, zazpi herrialdeko zerrenda bat osatu zuen, militarki erasotuak eta politikoki desorekatuak izateko: Irak, Siria, Libano, Afganistan, Somalia, Sudan eta Iran. Lehen seietan helburuak beteta zituzten. Iran bakarrik falta zen erasotua izateko. Wolfowitz honen plangintzan kokatu behar da ekainean gertatu den Hamabi Eguneko Gerraren zergatia.

Israelek Irango Aiatola Khamenei, buruzagi militarrak eta zientzialari nuklear gorenak hil egin nahi izan zituen. Aiatola ez zuten hil aurkitu ez zutelako. Baina zortzi buruzagi militar eta gutxienez dozena bat zientzialari nuklear akabatzea lortu zuten lehen erasoan. Eta beste mila inguru zibil irandar ere, ehunka hegazkin israeldarrek jaurtikitako bonben ondorioz.

Israelek eragindako hilketa eta bonbardaketa guztiek helburu politiko argia zuten: Aiatolaren egitura politiko osoa boteretik kendu eta beste erregimen mota bat ezartzea. Agian 1941-1979 urteetan zehar Irango xah (enperadore) izan zen Mohammad Reza Pahlaviren semea.

Baina Israel-AEB bikoak kalkuluak oker eginda zeuzkan. Iranek erasoari aurre egiteko duen gaitasuna gutxietsi egin zuten eta Iranen erantzuna neutralizatzeko duen gaitasuna gehiegi balioetsi. Iran gai izan zen aurreikusi baino askoz modu sendoagoan erantzuteko eta egunetik egunera kolpe handiagoak hartuz joan zen Israel. Iranek bonbardaketak geldiaraztea besterik ez zuen bilatzen eta lortu egin zuen.

Operazioa irandar guztiek gaitzetsi zuten, baita erregimenaren aurkakoek ere. Erasoak herritarrek beren gobernuarekin eta instituzioekin bat egitea lortu zuen. Israeldarren eta AEBen akatsetako bat izan zen pentsatzea armadak desertatu eta zientzialari guztiak lasterka aterako zirela, eta jarraian jendea gobernuaren aurka altxatuko zela.

Bistakoa zen Iran gai zela nahi zuen edozein helbururi eraso egiteko, Mossaden egoitza barne. Argi ikus zitekeen Israel lehen aldiz gogotik sufritzen ari zela eta ez zegoela inolako seinale positiborik Iranek misilen arloan duen gaitasuna neutralizatzeko. Israeli misilak agortzen ari zitzaizkion eta horrek arazo estrategiko eta zaurgarritasun handiak zekarzkion.

Iranen aldean, berriz, jasaten zituzten kalteak gero eta txikiagoak ziren. Gune nuklearrak ez ziren ia kaltetuak izan. Eta herritarrak egunero uholdeka ateratzen ziren kalera, gobernuari babesa ematera. Gerra gero eta desorekatuago zegoen, eta Israel porrot handia pairatzeko zorian.

Israelen aldeko lobby yankiak aurrera jarraitu nahi zuen, baina Donald Trump eta haren MAGA (Make America Great Again) mugimenduak ez. Iran ere prest zegoen gerrari amaiera emateko baldin eta Israel gelditzen bazen. Eta ustekabea gertatu zen. Hegazkin estatubatuarrek Irango gune nuklearren bonbardaketa amaitu eta minutu gutxira Trumpek su etena iragarri zuen. Horretarako, publikoki kargu hartu behar izan zion Benjamin Netanyahuri, sekula ikusi ez den zerbait egin. Trumpek presio izugarriak ditu sionisten eta neokontserbadore globalista gerrazaleen aldetik, eta bide berezi bat bilatu zuen gerra amaitzeko.

Zaila da interpretatzen gune nuklearren gaineko bonbardaketen arrazoiak. Zabaldu den bertsio batek dio Israel prest zegoela bonba nuklearrak erabiltzeko eta Trumpek aurrea hartu nahi izan ziola Israeli. Izan ere, gune nuklear guztiak suntsituta gelditu zirela ziurtatzean, Israel bonba nuklearra erabiltzeko aitzakiarik gabe geratu baitzen.

Estrategikoki, Aiatolaren eta haren egitura politikoaren aldaketa ez lortu izana porrot izugarritzat hartu behar da Israel-AEB bikoarentzat. Iranek, berriz, garaile ateratzea lortu du. Bestalde, Nazio Batuen Erakundea eta Nazioarteko Zuzenbidea jota geratu dira. Beste hainbeste esan dezakegu TNP Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaz. Aurrerantzean nekez hartuko du serio Itun hori inork.

Iranek orain arte arma nuklearrik ez garatzeko politika izan du, baina aurrera begira kontuan hartuko du lehengo politikak eraman dituela AEBak eta Israel Iran bonbardatzera.

Guda oraingoz amaitu da. Baina denbora kontua dirudi Israel eta AEBak berriz ere antzeko erasoren bat egiten saiatzeak, Iran suntsitzeko asmo osoa baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.