EHU eta EHU-Politika Publikoak + Ikerbasque

Ekoteknopolitika: Adimen Artifiziala armagabetzen

Itziar Eizaguirre eta Igor Calzada
2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zalantzarik gabe, aldaketa azkarreko garaian bizi gara, tsunami digitalak, krisi ekologikoak eta nahasmendu geopolitiko global zabalak markatutako garaian. Gainera, demokraziaren funtsa bera higatzeko joera gero eta nabarmenagoa dago, eta horrek berariaz sortutako erakundeak eta bake soziala arriskuan jartzen ditu. Faktore horiek guztiek gobernantza-esparru nagusien gabeziak eta ongizate komunaren etika baten ezinbesteko beharra azpimarratzen dituzte.

Datu-zentro handien, Adimen Artifizialeko (AA) lantegien eta konputazio kuantikoaren azpiegituren bidez makinaren subiranotasunaren gailentzearekin, sistema teknologikoek de facto-zko gobernatzeko gaitasuna eskuratzen ari dira planeta-eskalan. Haratago, nazioz gaindiko mailan ere, estatuen autoritate politikoa gaindituz, herri, hiri eta eskualdeen ingurumena birmoldatzera iritsi arte.

Mundu mailako konputazio-azpiegiturak kontrolatzen dituzten korporazioek —plataformak, hodeiak, interfazeak, algoritmoak, AA eta konputazio-ahalmena barne hartzen dituztenak— botere-egitura bertikal berriak sortzen ari dira, arkitektura instituzionalak gaindituz. Bidenabar, atzeraldi demokratikoa, krisi ekologikoa eta gero eta sakonagoa den gizarte-desberdintasunaren testuinguru globala irudikatuz. Bitartean, disfuntzio horiek tokiko testuinguruetan ezartzen saiatzen direnean, zalantzan jartzen dira, tokiko realpolitikaren intentsitatearekin talka egiten dute. Horrela, teknologia digitalek proposatzen duten «desmaterializazioaren fantasia» delakoa ez da gauzatzen errealitatearekin tupust eginez. Izan ere, hodei digitala ez da neutrala; eragin material zuzena dakar beregain bioeskualdeko ekosistemengan. Beraz, AA ez da berrikuntza teknologiko bat soilik, baizik eta boterea eraikitzeko proiektu bat, azpiegiturak, merkatuak eta harreman politikoak berrantolatzen dituena, baliabide naturalak kontsumitzeaz gain, gainbegiratze etiko egokirik edo estatuaren esku-hartzerik gabea. Eta Gramscik aurreratu zigun moduan: «Mundu zaharra hiltzen ari da, eta mundu berria jaiotzeko borrokan ari da: orain munstroen garaia da». Ba holaxe.

AEBetan, 64.000 milioi dolarreko datu-zentroen proiektuak blokeatu egin dira hamar estatubatuarretatik zazpik egindako oposizio publikoaren ondorioz. DataCenter.org-en arabera, kostu ekonomiko eta sozial handiak, baita ur eta energia murrizketak ere aipatuz ingurumen-inpaktu argudio nagusi gisara. Cambridgeko Unibertsitateak egindako ikerketa batek agerian utzi du muturreko baldintzetan funtzionatzen duten AA datu-zentroek tenperatura 9,1 gradu zentigradu igo dezaketela 10 km-ko erradioan.

Ziurgabetasun geopolitiko honetan, sistema ekoteknopolitikoak eskatzen du erantzukizun ekologikoa gobernantza teknologikoan modu transdiziplinarrean integratzea, gobernuek, parlamentuek eta beste gizarte-eragile batzuek erabaki informatuenak har ditzaten

Industria Iraultzaren etorrera birjina den mundu batean gertatu zen bezala, baliabide naturalak oparoak ziren eta haien kontserbazioaz kezka gutxi zegoen planeta batean; AAren aroko Iraultza Digitalak uste du ustia daitekeen mundu bat dagoela, non datuak masiboki erauzten diren, «merkatu libreko» ondasun gisa tratatzen diren, subiranotasun demokratiko, instituzional eta estatalaren defizita sortuz, baita ingurumen eta gizarte desberdintasuna areagotzea badakar bere horretan ere.

Trantsizio digitala ulertzeko eta bideratzeko modu horrek ingurumen eta gizarte-aztarna bikoitza sortzen du, eta washing green-digital-a sustatzen du, nekez digeritu daitekeena sen onaren bitartez. Baliabide naturalak bortxaz kontsumitzen ditu, eta herritarrek datu bat baino ez dira, eta, aldi berean, lanpostu mota batzuen suntsipen masibo bati egin behar diote aurre, alternatibo susmorik ez duen The Economist aldizkariak adierazten duen bezala. Leon XIV. Aita Santua bera ere kezkatuta dago bazterketa digitalaren arazoez eta azpiegitura konputazionalei eusten dieten milioika pertsonen egoera prekarioaz. Bere azken entziklika AA armagabetu behar dela dioen ideian oinarritzen du, gizateriaren gehiengoa erabilgarritasunik gabekoa senti daitekeen historiako une batean.

1973an, Nazio Batuek ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izendatu zuten. Beraz, arduraz jokatzeko eta prebentzio-printzipioa berresten duten gobernantza-esparru proaktiboak ezartzeko garaia da. Teknologiaren lilura amu gisa jokatzen du, baliabideen erauzketaren, boterearen kontzentrazioaren eta higadura demokratikoaren benetako dinamiketatik arreta desbideratzen duena, AA-n oinarritutako politika ekonomikoaren eredu garaikide bat diseinatuz, ekologikoki eta sozialki jasangarria ez dena. Ikuspegi teknokratiko hutsean oinarritutako trantsizio digital-berdeen paradigma nagusiak ez ditu gure garaiko egitura-aldaketak behar bezala integratzen eta, argi eta garbi, ez da nahikoa planetaren muga ekologikoei, botere teknologikoaren asimetriei eta AAren hedapenarekin lotutako erronka demokratikoei aurre egiteko.

Ziurgabetasun geopolitiko honetan, sistema ekoteknopolitikoak (ekologikoak, digitalak eta politikoak) eskala globalean gobernatzeak eskatzen du erantzukizun ekologikoa gobernantza teknologikoan modu transdiziplinarrean integratzea, gobernuek, parlamentuek eta beste gizarte-eragile batzuek erabaki informatuenak har ditzaten mundu oso konplexu batean, beren subiranotasun digitala aktiboki sustatuz. Ingurune osasuntsu batean ongizate komunaren alde egiten duten politika publikoak ezartzeko norabidea aldatzea da kontua. Eraldaketek inoiz baino egiturazkoagoak izan behar dute, eta haien gobernantzak ekoteknopolitikoa izan behar du, ezinbestean. Berandu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE