Soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordeko kidea

Elebakartasun funtzionala

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil hurren dago elebakartasun funtzionalik ez duen hizkuntza oro. Hain zuzen ere, inperialismo linguistikoak horixe izaten du jomuga nagusia: ahulezia egoeran dagoen hizkuntzak ez dezala aukerarik txikiena ere izan elebakartasun funtzionalean bizitzeko.

Inperialismo linguistikoak hizkuntza gutxituari erasotzeko eta hura suntsiarazteko bidean, beti elebitasuna bihurtzen du lege eta, bereziki, elebitasun simetrikoa ezartzen du jarraibide aldaezin eta bazterrezin.

Elebitasun simetrikoak gizarte egoera berean ez dauden bi hizkuntzari tratamendu berbera ematen die hizkuntza indartsuenak bere nagusitasuna betikotu dezan eta hizkuntzarik ahulenak bere ahulezia areagotu dezan, heriotzarainoko bidean hizkuntza nagusiarekiko erabateko menpekotasunean bururik ez altxatzeko. Elebitasun simetrikoak, kate beretik orkatilatik elkarri lotuta doazen bi preso horiek bezalaxe, ibiltzeko beti pausoa aldi berean eta neurri berean eman beharra eragiten du, hizkuntza gutxituak pausoa luzatu ez dezan bere kasa aurrera egiteko.

Horregatik, hizkuntza gutxituak pausoa pixka bat aurreratzen duen tokietan eta esparruetan, inperialismo linguistikotik hizkuntza hegemonikoaren «bazterketa» gertatzen dela gaitzesten dute eta salatzen dute; maiz, gainera, salaketa hori bere alde sistematikoki egiten duten epaitegietara eramanez. Inperialismo linguistikoaren epaitegi horiek, berriz, elebitasun simetrikoaren zaintzaile amorratuak ditugu, funtzionario bati lehen agurra euskaraz egitea ukatzeraino eta debekatzeraino, edota euskal administrazio publikoaren telefono erantzungailuetan eta informazioa zabaltzeko bozgorailuetatik lehen ahots mezua euskaraz ematea ezeztatzeraino eta galarazteraino, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, aurrena, eta Espainiako Auzitegi Gorenak, ondoren, 2023an eta 2025ean, hurrenez hurren, ebatzi zuten bezalaxe.

Elebakartasun funtzionala, berriz, osasun beteko hizkuntza ororen ohiko hizkuntza egoera naturala da. Euskararen elebakartasun funtzionaleko guneek, giza harremanetarako euskara erabiltzeko behar objektibotik, euskalduntzearen aldeko dinamika linguistikoak sortzen dituzte gune horietan bizi diren herritarren artean. Elebitasunak erasandako hizkuntzek, aldiz —gure euskarak, kasurako—, pairatzen duten minorizazio graduaren arabera, gero eta elebakartasun funtzionaleko esparru eta eremu soziolinguistiko gutxiago izango dituzte, hain zuzen ere, elebitasunetik eremu soziolinguistiko horiek suntsiaraztea baita lehentasunezko helburua. Gaur egun, hamar herritarretatik bakarra bizi da euskalduntzera daramaten dinamika linguistikoak nagusi diren gune soziolinguistikoetan. Beste era batera esanda: hamar herritarretatik bederatzi erdalduntzera daramaten dinamika linguistikoak nagusi diren gune soziolinguistiko elebidunetan bizi dira. Alegia, egungo Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu egiten du.

Gaur egun egiten den euskararen erdia baino gehiago (%60) arnasguneetan egiten da. Siadeco ikerketa elkarteak aurkeztu berri duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren arabera, euskararen arnasguneetan hiztunen %7,2 bizi ziren 1991. urtean; %2,9 ziren 2021ean; eta %0,2 izan daitezke 2036an. Bakarrik 7.267 pertsona biziko dira euskararen nagusitasun eremuetan 2036an, biztanle gutxiko 21 udalerritan: hamabi Gipuzkoan egongo dira, eta gainerakoak Nafarroan. Bizkaian alerik ez. Galera handia da: 2021ean 82.791 biztanle bizi ziren eremu horietan, 1991n 113.734 ziren. Horrela, proiekzioa betez gero, historian lehen aldiz, sozialki nagusi den ia lurralde eremurik gabe geldituko litzateke euskara.

Eguneroko dinamika linguistikoak elebakartasun funtzionaleko esparru eta eremuetan bizi diren hiztunak berezko hiztun bihurtzen ditu, eguneroko giza harremanetarako erabiltzen duten hizkuntza horretan beste edozein hizkuntzatan baino erraztasun handiagoa ukanez. Pilotariek pilota jotzeko eskurik trebeena nola, hala lehenesten dute hiztun horiek, aukera duten guztietan, hobeto eta errazago egiten duten hizkuntza hori. Hiztun horiek berezko hiztunak dira, hizkuntza horrek bere-bereak dituen hiztunak, edozein hizkuntzak osasuntsu bizirauteko behar-beharrezkoak dituen hiztun naturalak. 2021eko Inkesta Soziolinguistikoaren datuetan oinarrituta honakoa dio Iñaki Iurrebasok: euskaraz errazago eta hobeto moldatzen diren 195.000 berezko hiztun dauzkagu (%7), bi hizkuntzetan antzera moldatzen direnak 222.000 (%8) eta beste guztiak, 2.230.000 erdaraz hobeto moldatzen dira (%85), nahiz eta horietako batzuek euskara ere badakiten baina zailtasunez moldatzen diren. Alegia, euskaraz egiten den lurraldearen luze-zabalean hamabi lagunetatik bakarrak egiten du errazago eta hobeto euskaraz beste edozein erdaratan baino.

Elebitasunak erasanda hil hurren dagoen hizkuntza ororen elebakartasun funtzionalaren azken gotorlekua familia dugu. Familia euskaldunek euskara dute etxekoen komunikazio tresna efektibo eta afektiboa. Etxe elebakar horietako kideek, euren komunikazio beharretarako, euskara dute molde eta moldatzaile. Hain zuzen ere, familiaren baitan egiten den lehenengo sozializazio horretan, etxeko txikienen artean aurkituko ditugu, gaur-gaurkoz, euskarak dituen euskaldun elebakar eta ale bakar apurrak. Euskarak dituen elebakar horiek, ordea, bigarren sozializazioak elebidunduko ditu: eskolak, alegia. Etxetik lehen hizkuntza euskara duten euskaldunek ekoizten dute egiten den euskararen bi heren. Proportzioan, horiek dute euskal hiztunen arteko erabilera ratiorik onena.

Euskal Herrian 2036an beste jatorri batzuetako 692.000 herritar (%23) biziko dira gure artean eta 25-44 adin taldean erdiak Euskal Herritik kanpo jaiotakoak izango ditugu. Adin multzo zentrala da hori, bai haurrak izateko adinean dagoen belaunaldia delako, bai lan munduan daukan eraginagatik. Lan munduak erakarrita etorriko dira gurera eta lan mundua bihurtu behar dugu belaunaldi horiek euskalduntzeko ate. Euskalgintza antolatuak XX. mendean eskola euskalduntzeko egindako apustu eta bultzada hura XXI. mendean lan mundua euskalduntzearekin daukagun erronka berbera da. Izan ere, gaur egun, eskolak euskalduntzen duena lan munduak erdaldundu egiten baitu.

Udazken kolorea duen gure euskararentzat negu gorririk nahi ez badugu, etxean ez ezik, eguneroko gizarte bizitzaren luze-zabalean, oro har, eta lantegi-fabriketan eta lan bizitzan, bereziki, elebakartasun funtzionaleko gune soziolinguistiko berriak ugaritzetik eta finkatzetik ekarriko diogu udaberritzeko abagunea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.