Liburu-iruzkingilea

Emakumeek bezala, euskaldunek ez dute beren osotasunean konfiantzarik

2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua liburua hizpide betiere. Gizona subjektua da, absolutua. Emakumea, berriz, Bestea da. Beauvoirren jardunean Bestea hitz gakoa da. Dioenez, emakumea Bestearen kategoria da. Gizarte primitiboetan, Norberaren eta Bestearen kategoria-bereizketa ez zegokion sexuen banaketari. Geroago, filosofiek —gizonezko filosofoek oroz gain— bereizketa ezarri zuten. Ongiaren eta gaizkiaren artean ez bide dago bereizterik inolako elementu femenino agerikorik. Inolako taldek ez du bere burua Norbera gisa definitzen, berehalakoan Bestea aurrean jarri gabe. Herri txiki batekoentzat, bere herrixkakoak ez diren guztiak Besteak dira. Areago, susmagarriak dira. Atzerritarrak dira. Antisemitikoarentzat, juduak Besteak dira. Arrazista estatubatuarrentzat besteak beltzak dira. Kolonentzat: indigenak.

Fenomeno horiek ezin dira ulertu, baldin eta elkartasunean eta adiskidetasunean oinarritutako Mitsein delakoan oinarrituta pentsatzen ez bada. Mitsein kontzeptua Être-avec da. Hots, izatea da Bestearekin izatea. 


Halaxe izanagatik, paradoxikoki, kontzientzian oinarritutako etsaitasun bat jalgi ohi da: gaineratikoen kontzientziarekiko etsaitasuna. Subjektuak kontrakarrean bakarrik agertzen du bere burua. Esentzial gisara berretsi nahi du bere burua, bestea in-esentzial bihurtuz, objektu bihurtuz. 
   

Ezein subjektuk ez du bere burua in-esentzial-tzat hartzen, hasieran eta bere kabuz, behintzat. Bestea ez da Norbera definitzen duena, bere burua Bestea gisa definitzen duena. Hartara, emakumeek zergatik ez dute auzitan jarri gizonen subiranotasuna? Nondik etorri zaio emakumeari sumisio hori? Horra galderak.


Bestea ikuspuntu arrotza da. Norberak jotzen du bere burua Beste-tzat, bere burua Norbera gisa agertzen duenean. Bestea Norbera izateko itzulbidea egin ez dadin, ezinbestekoa da Besteak men egitea. 



Kategoria batek lortu du Bestea menpe jartzea. Gizonak ez dira inoiz kopuruz nagusiak izan. Emakumeak ez dira gutxiengoa izan. Ez da emakumearen kasua soilik. Komenigarria da esklaboen eta proletarioen kasua aintzat hartzea. Nagusitasuna, kopurutan ulerturik, ez da balekoa gizonaren nagusitasuna baiesteko. 
   

Emakumeen jarduera astintze sinboliko bat besterik ez da. Emakumeek irabazi dute gizonek eman nahi izan dietena, ez dute inoiz ezer hartu: errezibitu egin dute. Sexu bereizketa, izan ere, funtsezko batasun bat da, zeinaren bi erdiak ekarri atxikiak baitira: ezinezkoa da gizartea sexuka zatitzea. 
   

Nagusia eta esklaboa, horiek biak ere, elkarri lotuak daude. Elkarren premia ekonomiko batek lotuak, premia horrek ez du esklaboa askatzen uzten, ez du ahalbidetzen askatzea. Emakumea beti izan da gizonaren esklaboa, edo gutxienez, haren jopua. Emakumeen lege-egoera ez da gizonaren egoera bera. Eskuarki, askoz okerragoa —izan— da.

Gizonek —izan— dute boterea eta gainera prestigioa. Gizonek subjektu gisa agertzeko duten nahikaria da —nahikari etikoa da hori, hara, arra, arranopola!—. Norbanako guztiengan badago askatasunetik ihes egin eta gauza bihurtzeko tentazioa, baina bidea ezinago okerra izaten da: gizona, kasu, pasiboa baita, alienatua, galdua. Subjektua, ondorioz, borondate-arrotzen preso geratzen da, bere transzendentziatik erauzia, balio guztiaz gabetua. 
   

Paradoxa berriz ere: bide okerra baina erraza izan da, antza. Bide horretatik itzuri egin izan die, benaz, existentzia onartuaren larriminari eta tentsioari. Emakumea Bestea bihurtzen duen gizonak konplizitate sakonak aurkituko ditu harengan. Hala, emakumeak ez du bere burua subjektu gisa aldarrikatu, ez baitu horretarako baliabiderik ukan. Hauxe bide da emakumearen ezaugarri nagusia: Bestea da osotasun baten barrenean, eta osotasun horretan bi osagaiek elkarren beharra daukate. 
   

Zergatik ez zen egoera aldatzeko aukera gizonen esku izan? Zergatik hasi zen iragan mendean aukera hori aldatzen? Zergatik hasi da oraintsu modu eraginkorrean aldatzen? Ona al da aldatzen hasi izana? Horrek berekin ekarriko al du jendartea berdintasunez partekatzea, gizonen eta emakumeen berdintasuna partekatzen alegia? 
  

Neronek, terminologia zehaztu aldera, emakumeen eta gizonen eskubideen berdintasuna partekatzea idazten dut.   
  

Emakumearen emantzipazioa edo zapalkuntza —edota sindromea— eta euskaldunona alderatzen ausartuko naiz, eta aldeak alde, baita parekatu ere: emakumeek bezala, euskaldunek ez dute beren osotasunean federik, ez dute konfiantzarik, ez dute Subjektua direnik uste. Objektua dira.

Feminismoak feminismo, ildoak ildo, feminismo existentzialistaren arabera, emakumeak determinatzen du bere esentzia. Feminismo diferentzialistak, berriz, emakumearen printzipioetatik abiaturik, natur femeninoa izan badela dio. Feminismoaren ildo horrek dioenez, badaude atributu femenino-artekoak. 
   

Norbanakoak ez badu esentziarik, bere esentzia askatasuna bada, zeinaren bidez bere proiektu-existentziala eraikitzen duen, orduan, galdetzen ahal dugu: zer bilakatu daiteke askatasun suerte horrek ez badu inolako oztoporik topatzen. Gure askatasunak ez badu erantzunik, hots. 
   

Norbanakoa bere independentzia-proiektua eta bere emantzipazioaren aldeko borrokan erreakzioan aritzen da, bizitzako egoera bati erantzuten dio, eta determinazio delakoari uko eginez, errebelatzen da. 
  

Zer litzateke, ez bagenu bidean etsai bat aurkituko? Horra askatasunaren paradoxa. Norbanakoak gainditzeko kontrario bat behar du beti. Zer da Norbanakoon askatasuna? Nola gauzatzen da, ez bada beste baten kontrakarrean. Zer litzateke Norbanakoen arteko lehian mugarik ez balego. Zer litzateke Norbanako librearen destinoa ez balego deus konkistatzeko? Konkista: hitz esanguratsua.
  

Ez dago mugarik gabeko askatasunik. Oztopoak izateak ematen dio balorea askatasunari.

Artikuluaren bertsio luzea helbide honetan:
https://blogak.eus/begizolia/desberdintasunean-berdintasuna-ii-partea

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.