Engainatzen ez uztea...

Mari Feli Ugarte
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkenaldian, herri honek amore eman duelako sentipena zabaldu da. Ohikoa da norberaren estatua ameskeria bat eta iraganeko oroitzapen lauso bat dela entzutea. Horrek pentsarazten digu gure jendeak beharbada alde batera utzi duela independente izateko gogoa, eta jada ez duela sentitzen herri askea izateko beharra, dagoeneko ez duelako herritzat hartzen ere berea. Baina, aldi berean, beren berezitasun linguistiko, kultural, soziologiko, historiko eta abarrez egiten duten erakusketak agerian uzten du oraindik ere oharkabean nolabaiteko maitasuna sentitzen dutela diren horrekiko, eta, beraz, beren buruaren beraren eta beren liderren uste guztia eta itxaropena baino ez dute galdu beharbada; harrotasun nazionala, autoestimua galdu dute.

Konkistatua eta hainbeste urtean okupatua dagoen gure herri honetan, berebiziko ahalegina egin behar da gutxieneko duintasun nazionalari eusteko, eta, erresistentzia gidaturik eta eraginkorrik ezean, nekez dakar oposizio espontaneorik.

Okupatzaileak, herriko botere latentearen jakitun, herri okupatua, militarki eta ekonomikoki esplotatzeaz gain, azpigarapen ideologikoan atxiki behar du, haren askatasun-desira berriro piztuko duen amodio propioaren zantzu oro ezabatzeko. Rousseauk zioenez, «nahiko erraza da herriak engainatzea; askoz zailagoa, baina, haiek usteltzea».

Izan ere, konkistatutako herrien erabateko asimilazioa hobeto ziurtatzeko, eraginkorragoa da, eta ez hain neketsua, haien segurtasun eskasean eragitea ideologia baten bonbardaketa jarraituaren bidez, zeinak identitate-bereizgarriak diluitzea helburu duen (are haien historia bera ezkutatuz edo lausotuz ere), setio-egoera iraunkorra mantentzea baino. Izan ere, indarkeria fisikoak, okupazio-egoeretan beti berme bat bada ere, agerian uzten du bizitzarako mehatxu bat dagoela, indarkeria hori modu nabarmenean erabiliz gero, eta horren ondorioa defentsa-erantzun instintiboa ematea izaten da. Herri okupatuetan barneratzeko prozesu horretarako, denbora guztia dute beren alde, bai eta hezkuntza- eta propaganda-agente ugari ere beren zerbitzura. Agente horien artean, zeregin nagusietako bat betetzen dute, herri okupatuetakoak bertakoak izanik, engainua bideragarriagoa egiten dutenek.

Indarraren bitartez menderatutako herria, haren autoestimua murriztuta, gidatu, manipulatu, estutu eta erosi egiten da, sistema menderatzailearen balio eta egiturak dituzten eta sustatzen dituzten gizarte-erakundeetan parte har dezan eta, horrela, sistema hori legitima dezan. Erakunde horiek beren ideologia inposatzen dute eta herri menderatuari ideologia horretan parte harrarazten diote, eta, hala, ukatu egiten dute herria okupatuta daukatela.

Prozesu horren bidez, bezatu eta menderatu dute gure jendearen gaitasun kritikoa. Tankera honetako baieztapenek agerian uzten dute herriak bere egin duen moral biktimista, eta gatazkaren benetako dimentsioaz eta berak gatazka horretan betetzen duen lekuaz ohartzeko duen ezintasuna: «Indarkeria mota oro utzi behar dugu, bizikidetzaren eta bakearen mesedetan», «arrazistatzat joko gaituzte», «sentsibilitate [pentsaera] guztiak errespetatu behar ditugu», «indarkeria gaitzesten dugu, batzuena eta besteena». Herriari sinetsarazi zaio ezinezkoa dela (eta, are gehiago, beharrezkoa ere ez dela) egoera politikoa iraultzea, posibilismo politikoa koartada edo alibitzat hartuta, mende hauetako guztietako menderakuntzak gaitasuna kendu baligu bezala gure bide propioa askatasunean irudikatzeko.

Estatu totalitario modernoek mozorro edo estalki baten atzean ezkutatzen dute beren monopolio ideologikoa, munduan demokrata-jantzian soilik aurkez daitezkeelako, beren jatorrian dituzten eta beren sistemari eusten dioten oinarriak ezkutatuz. Demokrata-plantak egin behar horren barruan daude elkarrizketarako, borondate ona izateko, bizikidetza baketsurako eta abarrerako deiak eta elkartasunerako eta sentimendu onak izateko aipamenak. Horren guztiaren ondorioz, menderatuaren baitan halako errudun-sentimendu bat sortzen da, bide ematen duena norberarena den guztia desprestigiatzeko besteenaren mesedetan, herria erremediorik gabe desagertzeko bidea ezkutatzen duen normalizazio prozesu batean.

Espainiako jurisdikzioaren arabera, Espainian ez dago inperialismorik, eta euskal herria ez da existitzen; Espainiako herria baino ez dago. Beraz, Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubideak ez du izateko arrazoirik, existitzen ez denak ez baitu eskubiderik. Logika horren arabera, herri bat ez bagara eta okupatuta ez bagaude, Espainiako herriaren parte gara, eta, beraz, Espainiako herritar gisa ditugun eskubideak baino ez ditugu. Agindu horretatik abiatuta, ez al da barregarria pentsatzea euskal herriaren existentzia bera sistematikoki ukatu dutenek askapen nazionalaren bidea erraztuko diotela?

Engainatzen ez uztea da herriek bete behar duten lehen araua; izan ere, manipulazio-prozesu horren amaieran herriak emantzipatzeko gogoa galduko balu eta talde nagusiaren ideologia guztia bere egingo balu, herria desagertu egingo litzateke.

Bada garaia herri gisa harro sentitzeko, etsaia identifikatzeko eta eszeptizismoz ikusteko helburutik gure arreta desbideratzen duen edozein kontzesio edo distrakzio dialektiko. Bada garaia behingoz erreibindika dezagun okupatzailearen ideologia neutralizatuko duen lidergoa, gure autoestimua indartuko duena eta posizio estrategiko baterantz politikoki bideratuko gaituena. Izan ere, gure benetako egoera ezagutzen dugunean —bake, demokrazia, biktima, normalizazio eta hutsaldutako antzeko kontzeptuen esanahia ulertzen dugunean—, independentziaren aldeko borroka askatasunaren eta justizia globalaren aldeko borroka dela onartzen dugunean, eta politika zientzia bat dela ulertzen dugunean —inondik inora ere ez arau etikoak eta boluntarismoa— eta bere hartan tratatu behar dugula, orduan bakarrik gai izango gara badaukagun indar hori guztia bideratzeko eta gure herria subjektu politiko aktibo eta independente izatea ahalbidetuko duen ekimen politikoa sortzeko: estatu bat.

OHARRA: Mari Feli Ugarte irailaren 6an hil zen, eta haren azken iritzi artikulua Orreaga Taldeak helarazi dio BERRIAri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.