Confebaskek eta CENek, Hego Euskal Herriko enpresarien bi elkarte nagusiek, ez dute inongo legezko arazorik lan-harreman guztietan eragina izango duen soldata-atalase txikiena adosteko. Ez dute nahi. Patronalak eroso daude Espainiako legezko lanbidearteko gutxieneko soldatarekin, horrek beste lurralde batzuetan baino diru gehiago irabazteko aukera ematen baitie, langileen esplotazioaren kontu, noski.
Otsailean EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen Confebask kondenatu nahi izan, eta sindikatuoi egotzi zigun lege mailako gutxieneko soldata negoziatu nahi izan dugula patronalarekin. Ez da hala izan. Badakigu ezin dugula hori egin. Confebaski ez diogu sekula eskatu lege maila duen gutxieneko soldata negoziatzea (adibidez Fogasako kalte-ordainak aldatuko lituzkeen akordio bat); eskatu dioguna da enpresari batek langile bati ordaindu beharreko soldata gutxienez 1.500 eurokoa izatea, hitzarmen kolektiboetan negoziatzen dugun antzeko terminoetan.
Confebaski aitzakiak kendu nahi izan dizkiogu, eta horretarako beste negoziazio eskaera bat egin diogu martxoaren 24rako, Auzitegi Nagusiak ezarritako terminoen baitan negoziazioari ekiteko. Arazoa ez baita legea, patronalek martxan jarri nahi izan ditugun negoziazio guztietan argudiatu legez. Arazoa da gure enpresariak esplotatzaileak eta oso nagiak direla, eta dirua erraz irabazi nahi dutela, langileen bizkar.
EAEko eta Nafarroako patronalek badakite soldata baxuenak handitzen ez badira langileei miseria ordainduta eta inbertsio handirik egin gabe irabaziak izan ditzaketela. Soldata altuagoekin, enpresariek irabaziak izan nahi badituzte aurretik inbertsioak egin behar dituzte, eta lan egin behar dute. Europan soldata altuenak dauzkaten herrialdeak dira, era berean, enpresetan teknologia berrikuntza handienak egin dituzten herrialdeak.
Gurean milaka dira 1.500 euroz azpiko soldatak dituzten langileak. Lan harremanak estatalizaturik dituzte gehienek, eta ez da kasualitatea langile horietatik gehiengo handi bat, bi herenak, emakumeak izatea, ezta ere erdia langile migratu eta arrazializatuak izatea edo laurdena 25 urtez azpikoa izatea. Patronalek lan esku merkea behar dute euren irabaziek hazten jarraitu ahal izateko, eta horretarako sexuen araberako lan banaketaz edo langile askoren egoera zaurgarriaz baliatzen dira.
Confebasken kasuan negoziatzeko lau aukera izan ditu, eta denetan egin du kale. Martxoaren 24an beste aukera bat izango du. Aurreko lau aukeretan patronalak ezezkoa emateko aukera izan du instituzioek ere kale egin dutelako. CENek ere, Nafarroako patronalak, uko egin dio negoziazioak abian jartzeari. Patronalek bazekiten euren ezezkoak ez zuela ondoriorik izango, ondoren Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez zituztelako negoziatzera behartuko. Adibidez, instituzioek aukera zuten gehiengo sindikalak bultzaturiko herri ekimen legegileari baiezkoa emanaz legez gutxieneko soldata ezartzeko eskuduntza aldarrikatu eta patronalari argi erakusteko beraiek negoziatu ezean instituzioek gutxieneko soldata ezarriko zutela, mundu guztian egiten den bezala.
Patronalak badaki soldata baxuenak igota soldata guztiak igotzeko bultzada elikatzen dela. Eta hori ere ez dute nahi. Azken urteetan enpresariak inoizko irabazi handienak pilatzen ari dira, munduan eta Euskal Herrian
Orain urtebete patronalekin lehen aldiz negoziatzen saiatu ginenetik bi elementu aldatu dira: sindikatuok 138.000 sinadura baino gehiago jaso ditugula gure aldarrikapenaren alde; eta patronal zein instituzioen betoari martxoaren 17an greba orokor bat deituta erantzun diogula.
Patronalak badaki soldata baxuenak igota soldata guztiak igotzeko bultzada elikatzen dela. Eta hori ere ez dute nahi. Azken urteetan enpresariak inoizko irabazi handienak pilatzen ari dira, munduan eta Euskal Herrian. Enpresariek lantokietan eta sektoreetan hitzarmenen negoziaketei ezezkoa ematen dietenean Euskal Herrian greba bidez erantzuten diogu. Greba horiek ekartzen dituzte ondoren hobekuntzak lan baldintzetan.
Eta beste erabaki bat ere hartu dugu: Galiziako eta Kataluniako sindikatuekin batera gutxieneko soldataren eztabaida Espainiako Kongresura eramatea. Vox eta PP ez diren alderdi politikoek proposamena aztertzeko borondatea erakutsi dute, eta alderdi batzuek lege proposamena kongresura eztabaida eramateko prestasuna adierazi dute. Zaila baita ezezkoa ematea. Sindikatuok soilik eskatzen dugu Espainiako gutxieneko soldata gure lurraldeetan hobetu ahal izatea. Gure greba deialdiarekin lortu nahi dugu Hego Euskal Herrian ordezkaritza duten alderdi politiko guztientzat gutxieneko soldata hobetu ahal izatea ezinbesteko aldarrikapen bilakatzea. Jadanik hori lortzen hasi gara.
Langileoi martxoaren 17an lantokiak hustea eta kaleak betetzea dagokigu. Langile borrokaren historian beste mugarri bat ezartzera goaz. Iraganeko borroken ondarea jaso dugu. Ondare baitira aurreko belaunaldiek irabazitako lan baldintzak. Etorkizuneko langile guztiei aplikagarri izango zaizkien lan-baldintzei egungo belaunaldiak bere borrokaren ondarea utziko die: gutxieneko soldata Euskal Herrian modu esanguratsuan igotzera goaz, eta etorkizuneko belaunaldiei beste borroka batzuen bidez are gehiago handitzeko aukera emango diegu. Soldatak Euskal Herrian erabakitzeak hori baitakar, grebarako aukerak izatea. Ez baita kasualitatea, martxoaren 17koa izango da Estatuan historian gutxieneko soldataren alde egingo den lehen greba orokorra.
Patronalaren betoa gainditzeko baldintzak sortzen ari gara. Testuinguru honetan estatusa berritzeko alderdi politikoen arteko akordio batek gutxieneko soldata propio baterako aukera jaso behar luke, ELA eta LABen ustez. Patronalek badute garaia lanean hasi daitezen. Lanean norbanako enpresariak, horren soldata baxuekin aberasteari utzi diezaioten. Eta lanean patronalak, behingoz negoziazioari bide eman diezaioten. Bestela lanean jarriko ditugu.