Jordi Muñoz.

Erantzunik gabeko prozesu bat

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Zortzi urte pasatu dira lehen herri kontsulta egin zutenetik, Arenys de Munten, 2009ko irailean. Zazpi, berriz, Auzitegi Konstituzionalak estatutuaren aurkako sententzia kaleratu zuenetik. Harrezkero, historia ezaguna da: mobilizazio masiboak bata bestearen atzetik kalean; Kataluniako alderdien lerrokatze irmoa; galdeketa ez-lotesle bat 2014an, eta plebiszitario deitu zieten hauteskunde batzuk 2015ean. Denbora horretan guztian, Katalunian esponentzialki ugaritu dira independentziaren aldekoak, eta, orain, egonkorra da kopurua: %50 inguru. Gaur egun, gehiengo absolutu eroso bat dute independentistek parlamentuan, eta herrialde honetan inoiz ikusi gabeko tamainako mugimendu sozial bat.

Konplexu samarra den edozein fenomeno sozialen antzera, independentismoa zabaltzea ere hainbat faktoreren araberakoa izan da. Eragina izan dute, seguru asko, belaunaldi aldaketak —bai herritarren artean eta bai alderdien zuzendaritzetan—, independentismo tradizionalaren aktibismo nekagaitzak eta Kataluniako ekonomia egitura aldatu izanak, gero eta askeago baitago Espainiako merkatutik. Baina bada funtsezko kontu bat, hura gabe ez baikinateke gaur egun gauden haustura unean egongo: estatuaren erantzun politikorik eza.

Katalunian gero eta ugariagoak ziren autogobernu handiagoa eta Espainiarekin bestelako harreman bat izateko eskariak, eta, bitartean, nazionalismo espainiarra bere burua armatuz zihoan berriz. Ez negoziatzea justifikatzeko eta erantzun bakartzat errepresioa hartzeko, beharrezko baldintza da kontakizun ideologiko bat sortzea; haren arabera, independentziaren ideia bera bateraezina da demokraziarekin eta elkartasunarekin, eta jarrera independentistei fanatismoz soilik euts dakieke. Kataluniako kasuak, beste kasu askok lehenago bezala, berekin ekarri du Espainiako bloke konstituzionalaren erantzun erabat koordinatua: PSOEk eta PPk, goi funtzionarioek, ekonomia eta hedabide talde handiek, botere judizialak eta estatuaren aparatuek apenas erakutsi duten desadostasunik denbora honetan guztian. Mugitu dira, bai, baina, hain zuzen ere, kontrako noranzkoan: krisiaz baliatu dira berriz zentralizatzeko eta Kataluniako instituzioen kontrol ekonomikoa estutzeko.

Hori da giltzarria oraingo egoera azaltzeko. Izan ere, inork ez luke bere burua engainatu behar: independentismo katalana ez da, inondik inora ere, gune politiko monolitiko bat. Hain justu, Katalunian, independentismoa bainoago, izatekotan, independentismoak daude, pluralean. Gaur egun, subiranotasunak —PDECatetik hasi eta CUPeraino— bloke trinko samar baten moduan jokatzen badu, estatuaren erantzunak beste aukerarik utzi ez diolako jokatzen du horrela. Ez da beharrezkoa Kataluniako politikaren zirrikituak askorik ezagutzea jakiteko bloke subiranistan giltzarri ziren zenbait sektorek prozesua utziko zutela estatuak ateren bat ireki orduko. Sektore batzuk, berez, deseroso daude egoera honetan, erakundeen arteko konfrontazioa, Espainiako legezkotasuna gainditzea eta herri mobilizazio indartsua baitira nagusi. Baina estatuak batuta erantzun izanak, ezinbestean, jarrera unilateralak-edo hartzera behartu ditu. Grisak izan zitezkeenak beltzez margotuz joan dira.

Zeintzuk dira horren guztiaren ondorioak? Zalantzarik gabe, jokaleku korapilatsua sortu da estatuaren erabateko aurkakotasunaren eta Kataluniako independentziazaleen eta kontrakoen arteko desadostasunen ondorioz. Independentismoarentzat, jokaleku ezin hobea litzateke Eskozian egin zutenaren moduko erreferendum bat, alde guztiek onartutako erabakitzeko tresna gisa.

Baina susmoa dut Eskoziaren moduko jokaleku batean ez ote lukeen independentziari emandako ezetzak aukera handiagoa izango demokratikoki ezartzeko: beharbada, Espainiatik alde egitea ez litzateke hain presazkoa izango autodeterminazio eskubidea aitortzen duen estatu batean. Baina, askotan, ezin da saihestu pentsatzea nazionalismo espainolak nahasgarri jokatzen duela eta kalkulu arrazional hori egitea galarazten duela. Autodeterminazioa Espainiako nazioaren ideia bateratzailearen kontrakoa da, zeinean oinarritzen baitira 1978ko konstituzioa eta hura defendatzen duen nazionalismo konstituzionala.

Edo, agian, badago kalkulu arrazional bat, eta luzera begirako nolabaiteko beldur bat da. Irtenbide bat irekita egonda, Kataluniaren eta Espainiaren arteko harremanek adostuak behar lukete, eta ez, orain arte bezala, inposatuak. Horrek nabarmen aldatuko luke jokalekua, eta ezinbestean ekarriko luke estatuaren arkitekturaren zenbait funtsezko kontu berrikustea, eta horrek beldurra ematen die egungo statu quo-an etekina ateratzen duten horiei. Horregatik, malgutasuna hautatu beharrean, muturreko zurruntasuna aukeratu dute. Eta badakigu zer gertatzen zaien gorputz zurrunei: zenbaitetan, hautsi egiten dira. Egun hauetan, estres proba bat izango dugu, eta ikusiko dugu noraino eusten dion estatuak. Agian hautsi egingo da, edo agian ez. Baina ederki zartatuta geratuko da, seguru.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.