Askok ez dute ulertu nahi, baina beste askok ez dute ulertzen. Eta azaltzen asmatu behar dugu. Eta lehenengo eta behin, ulertu egin behar dugu zergatik ez duten ulertzen.
Inoiz ez dute guk sentitzen dugunik sentitu. Eta horregatik esaten dituzte horrenbesteko mina eragiten diguten gisa honetako esaldiak: «Hizkuntza komunikazio tresna bat baino ez da» edo «Denok erdaraz badakigu, hitz egin dezagun elkar ulertzen dugun hizkuntza horretan». Eta sarritan, ez dugu jakiten nola erantzun horrelako baieztapenen aurrean. Nola ulertarazi sentitzen duguna. Nola lortu beharrezkoa zaigun enpatia hori.
Eurek ez dute inoiz euren hizkuntza arriskuan sentitu eta hizkuntza hegemoniko bat hitz egiteak, ohartu gabe, erosotasun-egoera batean jartzen ditu, eta duten pribilegio hori ikusezin bihurtzen zaie. Hegemoniarena normaltzat sentitzen dute. Eta bizi ez dutena zaila zaie irudikatzea.
Kontua da nola ulertarazi hizkuntza komunikazio tresna hutsa baino askoz gehiago dela. Nola ulertarazi norbere hizkuntzan aritzeak komunitate pertenentzia sendoa eskaintzen diola edonori. Nola ulertarazi dimentsio emozional handi bat ezkutatzen dela norbere hizkuntzan aritu nahiaren atzean. Hizkuntza bat zerbait bizia dela eta ez tresna hotz bat. Afektua, amorrua, umorea erakusteko modu bat dela, gure modua.
Ni modu askotara saiatu izan naiz orain arte esandakoak eurei adierazten. Galdetu izan diet: «Nola sentitzen zara munduko beste puntan egon eta zure hizkuntza hitz egiten duen batekin topo egiten duzunean?». Eta eransten diet: «Bada, zure hizkuntza zure etxea da. Ez da erabiltzen den zer bat, bertan bizi zara. Hor daude zure oroitzapenak, txantxak, isiluneak, maitatzeko moduak, eztabaidatzeko moduak… Inori ez litzaioke eskatu behar bere etxea uzteko beste bat praktikoagoa delako».
Bai, orain arte esan ditudan guztiez jabearazi behar ditugu. Ni saiatzen naiz errietatik baino gehiago erraietatik hitz egiten. Ukitu egin behar ditugu, nahi dutenek behintzat uler dezaten. Enpatia gorputzetik sartzen da, ez burutik.
Mota hauetako galderek funtzionatu dezakete: «Ze hizkuntzatan hitz egiten zizun amonak txikitan? Imajinatzen duzu praktikotasunaren izenean, adibidez, berarekin frantsesez edo ingelesez hitz egin behar izatea?». Edo eska iezaiozu eskolan ikasi duen ingeles horretan haserretzeko edo ume bati samurtasunez hitz egiteko edo umorea egiteko. Edo galde iezaiozu haurra zela kantatzen zioten lo kanta hark eragiten dizkion emozioez eta imajina dezala kantu bera beste hizkuntza batean. Galde iezaiozu, bai, ea gauza bera litzatekeen.
Jasotzen duguna ez da kolpe handi bat, egunero-egunero jasotzen den marruskadura baizik. Agian ez dira konturatzen, baina guretzat hizkuntza ez da aukeratzen den zerbait. Gu hor bizi gara
Horrelako galderek askotan arrakala bat irekitzen dute: denok dugu hizkuntzarekiko harreman emozionala, batzuek inoiz defendatu beharrik izan ez duten arren. Erakutsi behar diegu hizkuntza zerbait ez bada horixe ez dela: komunikazio tresna huts bat.
Hizkuntza hegemonikoen pribilegioez jabearazi behar ditugu, erasorik gabe. Era honetako baieztapenekin adibidez: «Zure hizkuntza beti erabilgarri dagoenean, neutroa dirudi. Baina neutraltasun hori pribilegio bat da».
Orain arte esandakoarekin esan nahi dudana da argi daukadala eurak ez direla gure larruan jarriko, guk jarri behar dugula eurenean eta hortik enpatia sentiarazi.
Hori lortzen dugunean, eta orduan bakarrik izango ditugu euren belarriak adi. Eta orduan bakarrik entzun eta ulertuko dizkigute horrelakoak: euskal hiztunok nekatuta gaudela. Hizkuntza bat ulertzea ez dela soilik hitzak harrapatzea; hizkuntza batean bestean baino hobeto pentsatzen eta sentitzen dugula eta adierazkorragoak garela. Erdaraz elkar ulertzen dugula esatea erraza dela, baina galdera dela: nork egin izan duen ahalegina beti? Ulertzen dugula elkar baina noren kontura? Beste batzuek beti makurtu behar izan dugula. Denok elkar ulertzen dugula norbaitek beti bere etxetik irten behar izan duelako. Eta ulermena eta justizia ez direla gauza bera. Eta erosotasuna ez dela berdintasuna. Beti itzultzen bizi izatearen sentsazioa ez dela gozoa, egunero, etengabe, buruan klik bat egin behar izatea bezala dela, zure pentsamenduak, txantxak, emozioak beste hizkuntza batera pasatzea, zuk hautatu gabe. Ikusezintasuna gogorra dela. Badirela gauzak euskaraz bakarrik esan daitezkeenak. Eta horiek ez erabiltzean, barruan zerbait itzaltzen ari zaigula sentitzen dugula. Zerbait oso intimoa galtzen ari garela sentitzen dugula. Hutsunea eta tristura sentitzen ditugula. Etengabe justifikatu beharra nekagarria dela. Neke emozionala gogorra dela. Amorru isila jasangaitza dela. Euskaraz egin nahi duzula esateagatik erradikaltzat hartzea latza dela. Injustua dela. Babesgabetasuna sentitzen dugula. Bat-batean euskaraz lasai aritu zaitezkeen leku batera iristen zarenean… arnasa sakon hartzen duzula. Etxera itzultzea bezala dela. Eta ez dugula ezer irabazi nahi. Geure burua berreskuratu nahi dugula. Ez dugula inor baztertu nahi; ez baztertuak izatea dela nahi duguna. Eta jasotzen duguna ez dela kolpe handi bat, egunero-egunero jasotzen den marruskadura baizik. Agian ez direla konturatzen, baina guretzat hizkuntza ez dela aukeratzen den zerbait. Gu hor bizi garela. Agian ez dutela inoiz sentitu euren hizkuntza traba dela, baina guri askotan gertatzen zaigula. Bilera batean, klasean, kalean… euskaraz hastea gehiegikeria balitz bezala. Uler dezatela euskarak guretzat ez duela leku gehiago eskatzen, bizitzeko lekua baizik.
Bai, azaltzen asmatu behar dugu, ulertu nahi dutenek behintzat uler dezaten. Ez dakit nik asmatu dudan.