Berriki, sare sozialetan, modan diren bideo batzuk agertu dira. Neska batzuek haien hobekuntza fisikoa eta psikologikoa erakusten dituzte bikotekide maskulinoaz banatu ondotik: #breakupglowup da.
30 segundo osatzen dituzten muntaia horietan, hasiera batean maitemindu batekin diren gazte batzuk agertzen dira: kexu, nekatuak dira eta haien itxurari ez diote garrantzirik ematen. Negar eta dolu fase baten ondotik, neskek bidaiatzen dute, irriz, lasai, eta haien ileek kolorez aldatu dute. Bideo horien bidez, ohartzen gara protagonistak azkenean bere burua berriz atzeman duela, libre, bakarrik.
Noski, #breakupglowup bideoak oso kodifikatuak dira: koloreak, filmatzeko manera edo musika ongi hautatuak dira bikote heterosexuala arazoa dela adierazteko. Estetika manipulatzailea da, dudarik ez. Alta, fenomeno honek aztertua izatea merezi du.
Lehenik, txikia naizenetik, irakatsia izan zait bizilaguna urostasunaren helburu nagusia zela: telesailetan, musikan, liburuetan... ikusi nuen handia izango nintzelarik lotura erromantiko heterosexuala ukan beharko nuela ongi sentitzeko. Banatzea, hutsegite bat, porrot bat bezala barnatu nuen.
Baina, emakume bezala sozializatuak izan baldin bagara, nork ez luke onartuko maitasuna nekagarria dela? Sakonki errotuak diren arazo berdinak agertzen dira harreman gehienetan: etxeko lanak emazteen ardurapean izateaz gain, kargu mentala, komunikazio eskasa, frustrazioa... etengabe aipatzen ditugun gaiak dira lagun artean. Txikitik ikasten baldin badugu gure biziaren helburua bikote heteronormatiboa dela, neskak eta mutikoak hain desberdinki sozializatuak gara non ez dugun elkar ulertzen eta... elkarrekin triste bukatzen dugu. Alta, gaizki izatea berezkoa bezala ikusten dugu. Normalizatzen dugu, esentzialisten dugu eta kulturak estetiko bilakarazten du.
Demagun ostegun gauean begiratzen duzun telesail arrunt baten aitzinean zarela: Raian eta Bridget ohean dira. Raian bere amorosaz poliki-poliki hurbiltzen da irakurtzen ari delarik. Bere intentzioak argiak dira. Bridgetek espres egiten du ez kasurik ematea eta Raianek bere eskua emaztearen bularraren gainean ematen du. Bridgetek bere begiak liburutik altxatzen ditu:
- Ez gaur, Raian, nekatua naiz.
Raian tematzen da eta musu bat egiten dio lepoan:
- Ale, otoi, justu gaur gauean, fite egina izanen da (erregistratutako irri karkailak)
- Ez, Raian, migraina dut!
Raian kolpez gibelatzen da:
- Migraina! Baina beti arazo bat baduzu! Badakizu, behin beste andere batengana joaten baldin banaiz, zure falta izango dela! (irriak, berriz ere)
Bortxaketaren kultura umore tresna bilakatzen da. Dinamika horiek normalak dira. Hori da uros izatea azkenean! Ez kritikatu, ez gogoetatu, ez oldartu! Bikotearen partizio hori jokatzea irakasten zaigu eta eredu eskasez birsortzen ditugu alternatibarik gabe. Baina hain harreman patetikoak nahi ote ditugu gure bizian?
Nik horrelako ipuinak ikusi nahi ditut: mutiko ideal (edo egia erran, arrunt) horietaz askatzen diren neskak beren burua besarkatzeko eta bakardadea maitatzeko
Ondotik, ohartu behar gara joko honetan kaltetuenak genero femeninokoak direla. Haiek dute etxeko ardura gizonek haien karrera aitzinarazten eta moltsak betetzen dituztelarik. Emazteok, arta, pazientzia eta tolerantzia ikasten ditugu. Mutilak bere emozioak pixka bat komunikatzen baldin baditu, lixiba bat egiteko gai baldin bada eta ez baditu bere maiteminduak iraintzen, beldurtzen, bortxatzen, ideala bezala agertuko zaigu. Pozten gara abisatzen dutelarik berantean sartuko direla. Pozten gara komunetako papera erosi dutelako guk galdetu gabe... Maila ez ote da oso, oso apala? Ez ote dugu gehiago merezi? Ezin ote ditugu gure estandarrak igo? Azkenean, gure mutil idealak ez ote dira erdipurdiko emazteak? Bizilagunarekin egin behar diren indarrak oso ezberdinak dira genero batetik bestera. Gizon batek nahiko ote luke haiek bezalako pertsona arrunt batekin harremanetan izan? Andereei horrelako maitasun istorioak ametsaraztea ez ote da patriarkatuaren zerbitzurako? Zenbat pertsona ezkonduak ote dira itxurarentzat, haurrentzat, edo bakardadeaz beldur dutelako? Bakarrik izatea problema bat ote da?
Azkenik, hau da gogoeta zentrala. Bakardadeari egiten diogun tokia gure jendartean. #breakupglowup bideoak azalekoak bezala ikusten baldin baditugu, errealitate bati erantzuten dute: bikotekiderik gabe urduritasun eta estres gutxiago, denbora gehiago geure buruaz arduratzeko, lagunak ikusteko, kultibatzeko aukera gehiago ditugu emazteok. Ikerketa batzuek erakutsi dute gure bizi esperantza igotzen dela jaunena apaltzen delarik... Irudi horiek askapen ereduak dira. Zergatik geure buruaz kudeatzea ezingo litzateke maitasun istorioa bat izan? Nik horrelako ipuinak ikusi nahi ditut: mutiko ideal (edo egia erran, arrunt) horietaz askatzen diren neskak beren burua besarkatzeko eta bakardadea maitatzeko.Â
Ez ote da hori zinezko mehatxua gure jendartean? Lotura heteronormatiboari bizkarra ematea erdipurdiko gizonei bizkarra emanez?