Eremu linguistikoak, 37 urteko polemika

Beñat Maeztu
2023ko azaroaren 07a
00:00
Entzun
Nafarroako legegintzaldi berria duela pare bat hil hasi zen, eta gobernatzeko paktu bat lortzeko zailtasun handiak izan diren arren, azkenean PSN, Geroa Bai eta Zurekin elkartu eta foru erkidegoa gobernatzen jarraituko dute, maiatzeko hauteskundeen ondoan 2019. urtean sinaturiko hirutarikoaren akordioa berretsi baitzuten. Hamaikagarren legealdian, erronka nagusietako bat linguistikoa izango da, hain zuzen ere egun existitzen diren eremu linguistikoen inguruko debatea zabaldu eta orain arteko hizkuntza-politika mudatzea. Eremuek polemika eskerga sortu dute 1980ko hamarkadan ezarri zirenetik, baina ordutik hona egoniko gobernu gehienek ezer gutxi egin dute hizkuntza-segregazioa bukatzeko.

Euskararen Foru Legea Nafarroako Foru Erkidegoko hizkuntza-pluraltasuna arautzen duen lege-testua da. 1986. urtean hasi ziren nafar politikariak lurraldeko politika linguistikoa arautuko zuen legeria taxutzen. Hizkuntza politikari buruzko debatearen haskaldia kontsentsurik gabekoa izan zen, batik bat euskal nazionalisten eta nafar erregionalisten arteko desadostasunengatik. Desakordio handiak zirela eta, Nafarroako Foru Erkidegora berandutxo iritsi zen tokiko hizkuntza propioa erabiltzen zutenen eskubide linguistikoak bermatzeko araudia, beste erkidego batzuekin alderaturik, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoarekin, Kataluniarekin eta Galiziarekin.

1986ko azaroa bukatu aurretik, legearen inguruko debatea Nafarroako Parlamentura iritsi zen, are zehatzago hizkuntza-politikari buruz eztabaidatu behar zen batzordera. Hasieran, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Eusko Alderdi Jeltzalea utzi eta Eusko Alkartasunara pasa ziren hiru parlamentariak izan ziren proiektua babesteko asmoa agertu zuten bakarrak. Beren aldetik, parlamentu-talde kontserbadoreek, Unión del Pueblo Navarro eta Coalición Popularrek gidaturik, desakordio itzela azaldu zuten lege-proposamenaren aurrean.

Bazirudien PSN eta EAren arteko akordioaren bidetik egingo zela aurrera, bi partidu horiek elkarrekin 23 eserleku baitzituzten, eta kontuan harturik Herri Batasuneko sei parlamentariek ez zutela politika autonomikoan parte hartzen, bazitekeen baiezko bozak 23 izatea, eta ezezkoak 21. Haatik, PSNk bi aldetan ekin zien negoziazioei, ez baitzituen UPN eta CP sumindu nahi. Azkenean, egun denok ezagutzen dugun legea onartu zen, PSNko, Talde Popularreko eta Talde Moderatuko diputatu guztien eta talde mistoko bi parlamentariren botoari esker. UPN abstenitu egin zen, eta EAko hiru diputatuenak izan ziren ezezko boto bakarrak, HBko kideak ez baitziren bozka-saioan egon.

Legeak hainbat neurri polemiko zituen bere baitan, besteak beste Nafarroako Foru Erkidegoaren zatiketa, eremuka, eremu euskaldunaren, mistoaren eta ez-euskaldunaren artean. Eremu euskaldunean euskara erabat ofiziala izango zen, gaztelania bezalaxe; eremu ez-euskaldunean, ordea, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania izango zen, euskarari inolako estatusik aintzatetsi gabe.

Hirugarren eremuaren, mistoaren, ezarketari zegokionez, mami handia zegoen debatean. Eremu hura osatuko zuten udalerrien dibertsitate linguistiko eta soziala arrazoi harturik, zona mistoaren aldeko partiduek defendatu zuten ez zela egokia «bi eremu soilik sortzea». Halatan erabaki zuten zonifikatze-prozesuan zehar hirugarren eremuaren sorrera planteatzea. Zona hartan, euskara mintzaira «tradizionaltzat» hartuko zuten, inguruabar historiko eta soziolinguistikoei erreparaturik. Hizkuntza ofizial bakarra gaztelania izango zen arren, euskara babestu, berreskuratu eta sustatzeko neurri bereziak hartuko ziren.

Legearen onarpenetik oraindaino, hain testu polemikoari leporatu diote segregazio linguistikorik kaltegarriena ahalbidetu duela, baita euskararen normalkuntzaren kontrako arauaren leloa erantsi ere, arrazoi osoz. Izan ere, askoren aburuz, zentzugabea da erabat herri batzuetan euskararen estatusa mintzaira ofizialarena izatea eta aldamenekoan, berriz, ez. Posta kodearen arabera, euskaldunek eskubide batzuk edo beste batzuk dituzte, bai administrazioarekiko harremanei dagokienez, baita euskaraz ikasteko aukerei dagokienez ere.

Endemas, kontuan hartu beharra daukagu 37 urte hauetan zehar joko politiko alderdikari bilakatu dela partidu batzuen jarrera legeari dagokionez. UPN, PP (lehen Alianza Popular) eta PSN beti agertu dira hizkuntza-politika segregatzailearen bando, eta eremu misto eta ez-euskaldunetako euskaldunen eta euskara ikasi nahi duten pertsonen eskubide eta aukerak zabaltzearen kontra.

Tuteran, esaterako, azken datuen arabera, biztanleen %2,6k dakite euskara. Ia mila pertsona dira. Mila pertsona horiek administrazioko arreta zerbitzuekin edota organismo publikoekin komunikatu nahiko balute, legearen arabera posible litzateke administrazioak interesdunei euskaraz eskaturikoaren gaztelaniazko itzulpena galdatzea, edota Iruñean dauden itzulpengintza-zerbitzuek itzultzea. Hau da, euskaraz mintzo diren langileen kopuru minimoa ezarri beharrean, euskara usatu nahi duten herritarren eta administrazioaren artekokomunikazioa errazteko, legeak itzulpenak hartzen ditu soluzio. Mila pertsona, e? Ez dira gutxi.

Anitz pertsonak egoera hori bidegabea dela irizten diogu. Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala da lurralde osoan, eta halere sumatzen dira gabezia eta gaztelaniaren eta euskal hizkuntzaren arteko desparekotasun franko. Imajina dezagun beraz zein den euskararen egoera eremu ez-euskaldunean, eta mistoan, non legeak ez duen espezifikatzen herritarrek, hala nahi izanez gero, euskaraz artatuak izateko eskubidea dutenik.

Soluzioa argia da: EAEn egin zen legez, Nafarroako Foru Komunitatean, euskara lurralde osoan ofizial bihurtzeko lege berria eztabaidatu eta onartu beharko litzateke Parlamentuan, gure bi hizkuntzak juridiko eta administratiboki pare-parean jartze aldera, nafar guztiek aukera berak eduki ditzaten administrazioaren eta erakunde publikoen aurrean nahi duten hizkuntza enplegatzeko. Hori bai, mintzairen aferaren erabilera alderdikaririk egin gabe, osterantzean euskaldunon eskubide linguistikoen bermearen bidean aitzina egiteko prozesuak zilegitasuna galduko bailuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.