Artikulu hau Ernairen IV. Kongresuaren harira hainbat hausnarketa partekatzeko idatzi dugu. Gazte antolakundeen kongresuak ekimen garrantzitsuak dira, antolakundearen eta bertako militanteen ekarpena zer norabidetan egin zehazten baita. Are garrantzitsuagoak testuinguru honetan, zeinetan krisi kapitalista sakon bat daukagun parez pare: soldaten aurkako ofentsiba ekonomikoa, estatuen autoritarismoaren sakontzea, tentsio eta gerra inperialisten hedapena... Krisi testuinguru batean hazi garen belaunaldia gara eta egoera horretan sistemarekin apurtzeko baldintzak irekitzen dira, krisiak kapitalismoa agortuta dagoela erakusten baitigu. Alabaina, Ernaik kongresu honetan norabide iraultzailea guztiz baztertu du, eta azken kongresuetan sakontzen ari zen joera berretsi du, EH Bilduren bide autonomista eta erreformistarekiko menpekotasunean.
Asko luzatu gabe, hausnarketarako hainbat ideia azpimarratu nahiko genituzke. Batetik, Ernaik erabat alboratu du klase auzia. Azken urteetako joera bat da honakoa, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa. Ez da inondik ageri sozialismoaren inguruko hausnarketa edo garapenik, ezta klase borrokaren perspektibarik ere. Era berean, ikuspegi internazionalista ere falta da. Krisi kapitalistak eragindako gerra inperialisten, erreakzioaren gorakadaren eta soldaten aurkako ofentsibaren garaiotan, Ernaik gotortze interklasista baten barruan planteatzen du jarduna.
Egiaz, EH Bilduren bide-orri instituzionalean kokatzen da Ernai, nahiz eta Bildurekiko autonomiaz hitz egiten duten (kontrakoa esateak ez du gazteria erakartzen, noski). Bilduren testuinguruaren irakurketa bera egiten du Ernaik, eta haren apustu estrategikoa konpartitzen du. Baina, hortik haratago, Ernairen praktika politikoa eta militantzia eredua Sortu/Bilduren norabidean kokatzen dira, estatuekiko haustura parametroetatik urrun.
Nabarmena da borondate sozialista-iraultzaileak ez duela lekurik Ernain, EH Bilduren estrategia erreformistarekin talka egiten baitu etengabe
Diogunaren hainbat adibide: Ernaik, independentzia aldarrikatzen duen bitartean, bide-orri autonomista bere egin du, PSOErekin batzea aukera historikoa dela esanez (horrela bildu dute ponentzian); Israelen aurkako genozidioaren aurrean bi estatuen aterabidearen alde egin dute, sionismoaren aurkako masa indar iraultzailearen aukerari atea itxiz; urriaren 12an edota Vox unibertsitatera etorri zenean (besteak beste), faxismoari aurre egin ordez mobilizazio instituzionalak lehenetsi zituzten; edota poliziaren inguruko diskurtsoa moderatu dute, polizia-ereduaren inguruko eztabaida egin behar dela esanez.
Instituzioetara bideratutako eta estatu-aparatuak gobernatzeko EH Bilduren estrategia horrek, instituzioen mugak seinalatu eta berau deslegitimatu ordez, haren integrazioa dakar estatuan. Horrek guztiak inplikazio nabarmenak ditu, diskurtso politikoan, eguneroko praktikan eta militantzia ereduan, besteak beste.
Gauzak horrela, nabarmena da borondate sozialista-iraultzaileak ez duela lekurik Ernain, EH Bilduren estrategia erreformistarekin talka egiten baitu etengabe. Hala ere, zorionez, gero eta gehiago dira Euskal Estatu Sozialistaren aldeko borroka indartzeko asmoz militantziara batu diren gazteak. Kapitalismoaren krisi garaiotan, sozialismoaren aldeko borroka Euskal Herrian eta nazioartean hedatzeko aukera dugu, eta norabide horretan milaka gazteren beharra daukagu. Horregatik, eskua luzatzen diogu borroka horren parte izan nahi duen orori. Borrokan ikusiko dugu elkar, borroka garaia baita.