Eusko Alkartasunako afiliatua eta EH Bilduko legebiltzarkidea

Erratz digitalen harrobia

Lore Martinez Axpe
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Konputazio kuantikoaren finkatzea, adimen artifizialaren/superadimenaren suspertzea, 6.0 industria, osasun eta zaintza digital pertsonalizatua, 7G, bioingeniaritzaren iraultza, androide ikertzaileak... Urte gutxian teknologia digitalen berrikuntzak eta adimen artifizial edo superadimenak ezagutzen ez dugun eta agian imajinatu ere ezin dugun Euskal Herri bat irudikatuko dute.

Eraldaketa digitalaren tsunami horretan eta aurrerapen teknologikoek pertsonen bizitzan gero eta eragin handiagoa duten mundu honetan, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako (STEM) adituen beharra nahitaezkoa izango da, eraldaketa digital hori guk egitea nahi badugu behintzat. Beharrezkoa izango da STEM talentua sortu, egokitu, atxiki eta erakartzea, harrobi teknologiko digitala sortu beharko dugu, orain zoritxarrez ez duguna. Eta talentuaren behar horretan, emakumeek zein toki izango duten eta zertarako hausnartu beharra dago, iraultza digital honetan emakumeak erabiltzaile soilak izango diren edo barrenetik eraldaketa digitala sortzeko, garatzeko, eraikitzeko eta eraldatzeko gaitasuna eta ardura izango duten.

Emakumeek erabiltzaile soilak izan behar badute, orain arte bezala jarraitzea nahikoa izango da, baina herri honen eraikuntzan parte hartzaile aktibo izan behar badira, emakumeek ekarpenak egingo badituzte, garatzaile teknologiko izateko lan itzela daukagu. Eta gero eta kontzientzia gehiago dago, bai, zorionez, baina kontzientzia hutsa da: errealitatea aldatzeko politika irmoak falta dira.

Datuek ez dute itxaropenerako zantzurik ematen. Eustaten otsailaren 9an ateratako 2021/2022 ikasturtea aztertuaz, batxilergoan Zientzia eta Teknologia aukeratu dutenen kopurua handiagotuz doa: %51,4 izan zen, baina Humanitate eta Gizarte Zientzietako batxilergoan nesken presentzia nabarmenagoa da, %62.

Unibertsitateetako matrikulazioetan, Osasun-zientzietan %78 emakumeak dira, eta aldiz ingeniaritza eta arkitekturan %29ra ez dira heltzen. Eta datu esanguratsua, elektronika, informatika edo mekanika bezalako ingeniaritzetan %20 baino gutxiago.

Goi-mailako Lanbide Heziketako datuekin ere antzerakoa da eszenatokia, osasunera emakumeen %77 eta kimikara %63,4. Eta aldiz elektrizitatea eta elektronikan %7,1, fabrikazio mekanikoan %11 edo informatika eta komunikazioan %15,1.

Langile gehien dituen jarduera Ingeniaritza eta Teknologia izanik (I+Gko guztizkoaren %63,6), emakumeak langileen %28 baino ez dira.

Datu hauekin, etorkizun latza aurreikus daiteke, benetan kezkagarria. Emakumeek zaintza eta osasunarekin erlazionatutako arloetan nabarmentzen jarraitzen dute, eraldaketa digitalari lotutako ikasketa eta lanbideetan oso presentzia urria izanik.

Eta emakumea ez da egun batetik bestera bertaratuko eremu teknologikora. Neskak haurrak direnetik hasi behar da lanketa sakona egiten, estereotipoak suntsitu, gaitasun espazialak landu, jostailuek generorik ez dutela erakutsi, teknologiarekin pertsonen bizitzak hobetu daitezkeela adierazi, emakume erreferenteak aurkeztu (eta gertukoak badira hobe), neskak ahaldundu, muga gabeko imajinarioak zabaldu eta nahi dutena izan daitezkeela sinetsarazi.

Herri honek aurrera egin dezan eta etorriko diren erronka berriei aurre egiteko, emakumeak eta neskak beharko ditugu. Emakumeak iraultza honen protagonista izan behar dira, beraien iritzia, egiteko modua, esperientzia eta ikuspegia txertatu behar dira eraldaketa digitalaren garapenean, emakume teknologoen aztarna bermatu behar dugu eraikitzen ari garen etorkizuneko Euskal Herri horretan.

Xabi Solanoren abestiak dioen bezala, «Erre zenituzten sorginen oinordeak gara gu. Erre zenituzten sorginen erratzak guk dauzkagu...».

Erratz horiek erratz digital bilakatu beharko dute eta gure erantzukizuna da erratz digital horiek feminismo-digitalez konfiguratzea, adimen artifizialak, superadimenak eta etorriko diren teknologia digital guztiak ekar ditzaketen alborapen guztiak, diskriminazioak suntsitzeko, euskara ingurune digitalean bermatzeko, nazio gisa kokatzeko, digitalizazio berdea lehenesteko eta nola ez, egiten dugun eraldaketa digitala etikoa izan dadin; finean, nahitaez pertsonak eta natura erdigunean jar ditzagun.

Erratz digitalak, emakumeek ere ekarpen digitalak egin ditzaten eta historiako aro askotan ez bezala, lidergotik eta feminismo teknologikoaz bizitzea tokatuko zaien Euskal Herriaren protagonista izan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.