Erraustegia eta osasuna

Jose Mari Tallon
2016ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Orain egun batzuk, prentsan argitaratu da amonaren kutxatik ateratako Osasun Sailaren ikerketa bat. 2004koa, ez sendagile ez osasun arlokoa ez den pertsona batek egina, argi eta garbi enkarguz errausketa justifikatzeko, eta ikerketen interpretazio interesatuak egiten dituena. Ondorioak hitz anbiguoekin azaltzen du honakoa: «Ez dago arrisku erantsi adierazgarririk legedia errespetatzen duten planta modernoetan». Zenbat eritasun edo zenbat hildako dira eurentzat «arrisku adierazgarriak»? Bestalde, sobran dakigu industria honek ez duela legea errespetatzen (legea bigunegia izanda ere), eta horregatik egin dira non-nahi hainbat epaiketa, azkena orain gutxi Madrilen. Badaezpada ere, orduko OsasunPublikoko buruzagiak esan zuen arriskua «minimoa» zela eta analisiak egingo zitzaizkiela errauskailuaren ondoan bizi zirenei. Ez ziren hain lasai egongo.

Gure taldeak, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak, sendotasun eta metodologiaren kalitateagatik gai honi buruzko ikerketa zientifiko serioenak aukeratu ditu, eta horretan oinarrituz, baieztatzen ahal dugu, 2004ko gure manifestuan plazaratu genuen moduan, datu tinko eta sendoak daudela esateko hondakinen erretzea lotzen dela minbizi kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, sortzetiko malformazioekin, eta eritasun kardiobaskular eta arnasbidekoekin errauskailu batetik 10 kilometro inguruan bizi den populazioan. Baita ere errauskailu modernoen kasuan.

Ez aspertzeko, zertzelada batzuk bakarrik.

Sortzetiko malformazioetan aurkitu da %30eko erbi ezpainaren eta %55eko giltzurrun malformazioen handitzea; minbizietan %29ko gibel minbiziaren eta %14ko biriketako minbiziaren igoera; ez bakarrik minbizi kasu gehiago, baizik eta hilkortasun gehiago ere.

Hurbiltasunagatik eta kalitateagatik aipatu behar da Madrilgo Carlos III Institutuak egindako ikerlana. Hau da Estatuko erakunderik prestigiodunena horrelako ikerketan, eta 2012an eta Estatuko orduko errauskailu, beraz, moderno askoren datuekin, aurkitu du beren inguruneko bost kilometroetan minbiziaren hilkortasunaren handiagotzea: esaterako, pleurakoa, %84koa, besikulakoa %24koa eta leuzemietan %21koa, besteak beste.

Hona ezagutza zientifikoak irakasten diguna, eta osasun-langile moduan gure betebeharra zabaltzea dela uste dugu, eta beraz arreta edo prekauzio printzipio aldarrikatzea, biztanleria ez kaltetzeko, hori behar du izan eta, irizpide funtsezkoena gai honetan erabakiak hartzeko.

Ez dugu nahi Gipuzkoako herritarrak eta, bereziki, beren seme-alabak errauskailuek sortutako minbiziaren eta beste patologia batzuen ikerketetan erreferentzia izaterik etorkizuneko beste zientzialarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.