Mundu digitalean denak balio du arreta erakartzeko, like-ak eta jarraitzaileak irabazteko. Sare sozialek kapitalismoaren alderik basatiena islatzen dute, non ospeak eta diruak edozer justifikatzen duten, baita umiliazioak eta laidoak ere. Horren erakusgarri da Jean Pormanove izenez ezaguna zen Raphael Graven streamer frantziarraren zuzenekoan gertatutako heriotza. Militar ohia zen eta 600.000 jarraitzaile zituen. Plataforma digitaletan beste influencer gizon batzuen umiliazioak jasaten grabatzen zuen bere burua, eta batzuetan bere anaiak berak egiten zituen umiliazioak.
Zuzenekoan hil zen, lo zegoela, 10.000 pertsona begira zeudela, bi streamerrek 300 orduz zuzenean umiliatu, kolpatu eta iraindu ondoren.
Nor da bere heriotzaren erantzulea? Borondatez trash izeneko eduki mota hori egiten zuen streamerra bera? Hainbeste denboraz umiliatu eta kolpatu zuten streamer-ak? Ikuskizuna ikusi zuten milaka pertsonak? 300 orduko kolpe eta umiliazioetan, ikusle bakar batek ere ez zuen kanala salatu, ez zituen streamerrak salatu edo ez zion poliziari deitu. Denen artean akabatu zuten eta bera bakarrik hil zen.
Raphael jo zuten streamer-ek, horrelako jardueretan parte hartzen zuen bere anaiak eta horrelako edukiak ikusten dituzten pertsonek Raphael Gravenek bere baimena eman zuela esaten dute, eta hori dela-eta ez dutela erantzukizunik. Baina baimena beti da baliozkoa? Pertsona batek arazo mentalak baditu, baimena baliozkoa da? Pertsona batek arazo ekonomikoak baditu eta berehala dirua behar badu, baimena baliozkoa da? Pertsona bat beldur bada, mehatxatua edo hertsatua bada, baliozkoa al da haren baimena? Eta zerbait ondo ez badago, zer axola dio onartua izateak?
Sortu den eztabaida Kick plataformak eduki mota hori nola ahalbidetu duen zentratzen ari da, baina eduki mota hori ikusten duten pertsona guztien erantzukizun indibidualera ere bideratu behar da, morboak eta enpatia faltak eduki mota hori babestera, hedatzera eta, are gehiago, monetizatzera bultzatzen baititu.
Inor begira ez balego, ez lirateke horrelako gauzak egingo. Sare sozialek gure alderik ilunena asko anplifikatzen dute. Haien toxikotasuna eta indarkeria etengabe ikusi eta pairatzen dugunez, immune bihurtzen ari gara eta, pixkanaka-pixkanaka, pertsona askok umiliazioei eta laidoei garrantzia emateari uzten diote. Hasieran onartezina iruditzen zitzaiena beste entretenimendu mota bat da orain. Gure gizartean indarkeria oso normalizatuta dago, eta indarkeria zerbait ikusteko erakarlea da. Bi pertsona eztabaidan ari direnean, garrasi egitea espero da, eta norbaitek bestea umiliatzea, bestela, oso ikusle gutxi ditu. Youtubeko bideo askoren izenburuek indarkeriazko hizkera erabiltzen dute, klik gehien erakartzen duelako eta biraltasunean laguntzen duena delako.
Sare sozialek ez dute streamer-ek sortzen edo argitaratzen duten edukia aukeratzen, baina eduki hori gomendatzen dute eta horrekin irabaziak lortzen dituzte. Beren negozio-eredua aldatzen ez den bitartean, nagusiki indarkeriazko edukia, eduki sexualizatua, desinformazioa eta emozio negatibo biziak sortzen dituen edukia babesten eta sustatzen jarraituko dute, hori baita guri arreta gehien ematen diguna. Beren negozio-eredua, sortzen ari den gaitz guztien iturria da, eta sare sozialak horren erantzule nagusiak dira, baina berdin zaie, milioi askoko irabaziak dituzte eta.
Errealitateak fikzioa gainditzen du beti. Duela urte pare bat Black Mirror telesail distopikoan izututa ikusten genuena errealitate bihurtu da, eta badirudi inori ez zaiola axola. Pertsona bat hil da, sare sozialen negozio-eredua oso eragin negatiboa izaten ari da erabiltzaileen osasun fisiko eta mentalean eta haien garapen kognitiboan. Faktore garrantzitsua da gazteen suizidioen gorakadan, demokrazia are gehiago higatzen ari da, gizartean balio oldarkorrak ezartzen ari dira, gizartearen zati handi bat mendekotasuna garatzen ari da, eta sare sozialen erabiltzaileek ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dute, plataformei konturik eskatu gabe eta beren kontsumo-ohitura digitalak apur bat ere aldatu gabe.
Oso erraza da horrelako gauzak gertatzen direnean sumintzea eta sare sozialetan gauza horiek onartezinak direla idaztea, guk sareak erabiltzean sortzen dugun diruarekin egoera horiek bermatzen jarraitzen dugun bitartean.
Ikusten ari garena lehen pausoa da; gizartearen iragarritako heriotzaren kronika ikusten ari gara. Sare sozialetako erabiltzaileek ikuskizuna telefonoetatik ikusten jarraituko dute, beste gauza guztiak ikusten dituzten bezala, ikusten ari direna benetan ulertu gabe. Hori da adikzioak eragiten duena.