Hatortxutik bueltan, malkoak oraindik begietan, festa, aje eta txandaren osteko nekeak soinean, auzora heldu, eta mundu kapitalaren zein kapitalistaren talka sentitu dut. Ez dago hemen inongo maitasunaren apologiarik. Egun hauetako lilura hautsi zait bat-batean, bortizki.
Etxekotasuneko dinamikek berehala ekarri naute bueltan. Antza, egunak zeramatzan apurturik hozkailuak. Nire faltan, beste bi pisukideak etxearen jabearekin harremanetan jartzen ahalegindu dira, alferrik. Gaur, lau egun pasatxo igaro ostean, nik lortu dut telefonoaren bestaldean norbaitek erantzutea. Hara non, nire harridurarako, esan didanean baloratu beharko zuela ea errentagarria ateratzen zitzaion. Ez konponketa, ezta berritzea ere, baizik eta ez zekiela konponbidea emateak etekinik ekarriko ote zion. Horrela, gordin, matxuraturiko hozkailuak ematen ez duen hozkeriarekin jaurti dit esaldia. Hitzik gabe geratu naiz, erantzunaren bila, nire amorruan.
Hiru pertsonako 1.000 euroko alokairuaren ordainketan, hor gure ordaina: errentagarritasuna. 400 eurora iristen ez den etxetresna elektriko baten ordezkapenarekin, ez du irabazi nahikorik, bere ustez, gure «miseriazko» errentaren truke.
Hala, hiru urte hauetan enegarren matxura dugu hau: hezetasunak pisuan, itoginak, sei hilabetez iraun duten obrak, berogailurik gabe negu gorrian pasatutako bi aste... Eta, hala ere, sistemak emandako boteretik, hitz horiek, zikin, atera zaizkio ahotik.
Tamalez, egoera hau ez da salbuespena, patroia baizik. Erraza da inguruan horrelakoak topatzea, gertu-gertukoak, izen eta abizen propioak dituztenak: lagun, ahizpa, loba edota auzoko batenak. Biktima edo biktimario espekulatzaile. Badirelako putre-funtsak, opor-alokairu plataformak, baina baita banakako espekulatzaile amorratuak ere, gure hiriak eta auzoak desegituratu, gentrifikatu eta jatorritik botatzen gaituztenak. Etxebizitzaren beharretik negozio eginez, gure bizi-egoerak prekarizatzen dituztenak.
Horrela gaude, 2025eko udara honetan, urte erdia pasatuta, hurrengo KPIaren zein merkatuaren beraren igoerak zenbateraino itoko gaituen zain. Hamarkada batean, Bilboko hirian bertan, hiru pertsonaren artean partekatutako alokairuagatik 650 euro ordaintzetik 1.000 eurora pasatzeko pixkanakako saltoa egin izanak egoera lazgarriaren berri lehen pertsonan bizitzeko aukera eman dit. Bai, ez delako egoera hau bizitzen, sufritzen baizik.
Aitzitik, oraindik entzun behar izaten dut tarteka, tabernetako koinatuen ahotan, ezin naizela kexatu, ez dudala horretarako eskubiderik, esker onekoa izan beharko nukeela hiriko prezioak ikusita, alokairu aukera paregabea omen dugula. Noren mesedetan, argi dago, eta noren kaltetan ere bai. Beraz, ez dut esker hitzik eskainiko, zapalduak garen bitartean. Errentagarria dut oraindik aldaketa bilatzera eramaten nauen amorru sentimendua.
Eta hala, gazte zein ez-gazte, prekarizaturiko sistemaren arrakalak pairatzen ditugun bitartean, irakasleok urtarriletik hona bederatzi greba egun aurrera eramatera behartuta ikusi dugu geure burua. Hego Euskal Herriko eskolak hustu, eta Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleak bete genituen lan-baldintzen hobekuntzen alde. Denon Euskal Eskola Publikoaren eta gure lan-baldintzen aldeko borrokan, tinko. Bide honetatik, mobilizazioek beren fruituak eman zituzten: batzuentzat lorpen eskasak, beste batzuentzat nahikoak —lorpen maila eztabaidatzeke—, baina argitasunez marraztu zuen berriz ere bateratasunaren bideak oraindik ere baduela jomuga.
Orduan, nire egun hauetako bizipenetara itzulita, elkartasunez eraikitako txandaleros, txandaleras eta txandalarien bide honetatik, Hatortxuri agurra egin, eta beso zabalik, amodioaren apologiatik, aske besarkatu nahi dut. Gazte eta aske, beste mundu bat posible delakoan.