Orain dela egun batzuk, ETAk hildako Joxeba Pagazaurtunduari omenaldia egin zaio Andoainen. Omenaldi horretan, Andoainek gorroto eta mendeku hitzak entzun ditu. Andoaingo Alderdi Sozialistaren bozeramaileak, Estanis Amutxastegik, esan zigun: «Jakina da nork eragin zion pistolari, baina oraindik zain gaude jakiteko herri honetan nortzuk izan ziren gure kidea hil egin behar zela erabaki zutenak». Hotzikarak hartu nau. Gure herriari ezer ekartzen ez dioten hitzak. Garaipen eta porrotaz, ezertarako balio ez duen bake prozesuaz ari zitzaigun. Errendizioa, zigorrak. Guda hitzak. Ez dakit zein izango den helburua mezu hauek igortzean, ez bada terrorearen eta gorrotoaren bidean jarraitzea, andoaindarren atxiloketa indiskriminatuak, kartzela, familia hautsiak. Hauxe izango da Andoaingo PSE-EEren bozeramaileak ulertzen duena gatazkaren irtenbide gisa.
Bat nator Maite Pagazaurtunduak omenaldian esan zuenarekin, alegia, «urrezko aukera dugu trikimailurik gabeko etorkizunari heltzeko, injustuki sufritu dutenen zauriak ixten, jendarte bezala berregituratuz eta gaizkiaren oinatza errespetu demokratikoagatik eraldatuz». Bai, bat nator; baina guztion artean, guztiontzat, guztiekin. Euskal Herriak zauri asko ditu ixteko. Asko eta sakonak. Baina zauriak ixteko, «trikimailurik gabeko etorkizunari heltzeko», Maitek dioen bezala, ezin dugu, ez dugu nahi, gorrotoa eta mendekua helburua izatea. Euskaldun guztiok dugu egiaren, erreparazioaren eta justiziaren eskubidea.
Andoainen, Errenterian bezala, asko dira irekitako zauriak, asko sendatu beharrekoak. ETAren biktimak, bizkartzainekin ibili beharreko mehatxatuak, torturatuak, atxilotu ugari, gure lurra, arrazoi bat edo beste dela medio, utzi behar izan duten pertsonak. Dramaren arrastoek eragindako elkarbizitza. Baina Andoaingo Alderdi Sozialistako bozeramaileak, Estanis Amitxastegik, justiziaz, askatasunaz eta demokraziaz ari denean, pentsatzen dut ez diela hitz egiten bere ideiekin bat egiten ez duten andoaindarrei. Pagaza-ren izena nork eman zuen oraindik jakiteko dagoela dioenean, imajinatzen dut sekulako poza hartuko lukeela hurrengo egunetan hainbat atxilotu baleude, orain dela urtebete Iñaki eta Ttintto herrikideekin gertatu bezala. Ez zaio axola izango akusazioak egia edo gezurra diren. Ez zaio axola izango, imajinatzen dut, torturak jasaten badituzte. Sendi hautsiak dauden ere ez zaio inportako. Joxeba Pagazaurtunduaren senitartekoek eta lagunek omenaldia egin dezakete, baina badira andoaindar familiak beren senitartekoen argazkia bera ere ezin dutenak erakutsi, atxilotuak izateko mehatxupean daudenak eta terrorismoaren goratzeagatik Audientzia Nazionalean amaitzeko arriskua dutenak. Argazki bat erakusteagatik! Kontua da guda irabaztea.
Ordea, bestelakorik entzun dugu Errenterian. ETAk mehatxatutakoak eta bere biktimen senitartekoak, torturatutako pertsonak, estatuaren biolentziak hildakoen familiartekoak, ETAren kide ohiak; horiek guztiek lortu dute (nahi izan dute) mahai berean elkarrekin esertzea; euren sentimenduen gainean mintzatzeko, baina baita ere bestea entzuteko. Bihotza eta eskuak zabalik. Ez dakit ulertzeko adina, baina bestearen arrazoiak jakitea urrats handia da. Arrazoiekin ados egon zintezketen edo ez; baina bat etorri ziren jendarte ezberdina eraikitzeko aukera paregabe baten aurrean gaudela. Garaile eta garaitu gabea. Edozein gatazkatan inork ez baitu irabazten, guztiok gara galtzaile. Guztiok dituzte, ditugu biktimak izateko arrazoiak.
Indarkeriarik gabeko jokaleku baterantz abiatu nahi badugu, ezinbestekoa da elkarrekin joatea. Ikuspuntu ezberdinak izango ditugu, ekiteko bestelako irizpideak; baina nahi dugula onartzea ezinbestekoa da. Sektarismoak alde batera utziz. Agian ez gara lagunak izatera helduko, berez helburua ez da hori, baina argi dugu ezin dugula etsaiak izaten jarraitu. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da elkartzen gaituzten aldeak bilatzea, minaren sentimenduak direnak hain zuzen, sufrimenduarenak, horretan ez baitago alderik. Bila dezagun bestearen lekuan jartzea. Bestearen mina onartzearen bidea has dezagun. Bazterketarik eta aurreiritzirik gabe.
Errenteria eta Andoain. Historia bera. Bide bera? Hala espero dut.
Errenteria eta Andoain, minaren antzeko bideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu