Lege bakoitzak justizia ulertzeko modu zehatz bat darama berekin, eta, horrenbestez, legeak ez du zertan justizia izan berez; izatez ere, legea justizia hori ulertzeko eta administratzeko modu zehatz bat da, sostengatzen duten botere soziopolitiko eta ekonomikoek baldintzatzen dutena.
Legeak egin eta administratzen dituztenak erreferentziazko esparru arau-emaile bati atxikitzen zaizkio euren jarduna zilegitzeko eta homologatzeko. Espainiako estatuan, azken hamarkadetan, legeen legitimotasunak aldaketa jasan du: 1936ko uztaileko matxinatuen garaipen militarrean oinarritzetik («Jaungoikoaren graziari esker»), botere legegilea (legebiltzarrak) duen ordezkaritza instituzionalean oinarritzera igaro da. Nolanahi ere, legeak ezarri izana ez da baldintza nahikoa nazioarteko komunitate juridikoak onartutako estandarretara homologatu ahal izateko. Eta hori horrela da, «monarkia konstituzionala» eredutzat daukan Estatuak gaur egun berarekin daramalako frogatuta dauden gizateriaren aurkako krimenen eta genozidioaren inguruan inpunitatean zimendatu den oztopo historikoa.
80 urte bete dira II. Errepublika aldarrikatu zenetik. Egundaino, gobernu sistema bakarra da herri borondatetik irten dena eta es-pektatiba politiko erreal batean garatu dena, hots, aurreko erregimen diktatorial eta monarkikoarekin hautsi duena. Biztanleriak udal hauteskundeen emaitzak Estatu sistema eta gobernuaren inguruko plebiszitutzat hartu zituen.
1936ko uztailaren 18an altxamendu militarra izan zen, hots, matxinatze militarraren delitua izan zen, gizateriaren aurkako makina bat krimenekin batera.
Altxatuek irabazi zutenetik, legaltasuna ulertzeko modu zehatz bat ezarri zen, indarrean oinarritzen zena, herritarren borondatea kontuan hartzen ez zuena. Zuzenbide estatuaren kontzeptua bera (demokraziaren sinonimo gisa erabili ohi dena maiz) garaileek jarri zuten indarrean, euren garaipena zilegitzeko asmotan. Bertsio iberikoak legea sakralizatu egiten du, bere jatorriari jaramonik egin gabe. Ontzat hartzen da boterea duenak botere hori inposatzeko eskubidea daukala.
Franco hil ostean ez zen hautsi legaltasuna ulertzeko modu horrekin. Erregimen «berriaren» kudeatzaileek beren gain hartu zuten Diktadorearen oinordekotzaren eduki nagusia: inpunitatea, hobi komunak, errepresioa, ahanztura, oligarkia, monarkikoa, ereserkia eta bandera. Frankistek, sable hotsen erritmora, oinordekotza horren onarpena ezarri zuten. Antifrankismotik zetozen alderdien buruzagitzak uko egin zien bere helburuei zein milaka gudari eta milizianok borrokarekin ehundutako historiari; euren militanteak ahanzturaren bidetik joatera bultzatu zituzten, hiltzaile frankisten inpunitatea onar zezaten eta, aldi berean, milaka hobi komunek Euskal Herriko eta Espainiako estatuko paisaia ezkutuaren parte izaten jarrai zezaten.
Testuinguru horretan uler daiteke frankismoaren oinordekoek eta zordunek erabili nahi ez izatea zenbait termino; adibidez, Estatu espainiarrak eragindako krimenak aipatzerakoan gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa bezalako terminoak erabiltzen direnean. Izan ere, ondorioen beldur dira: goian aipatu delituak preskribaezinak direnez definizioz, bi erabaki hartu beharko lituzkete derrigorrean: ezarritako «puntu eta kito»-aren aldeko bi legeak (hots, 1977ko amnistia eta 2007ko memoria historikoaren legea) ezeztatu, batetik, eta, bestetik, justiziaren aldeko neurriak abian jarri. Jarraipen bat ikusten da kontzeptu juridiko eta jokabide politikoetan. Jarraipen bat instituzioetan eta pertsonetan (horietako zenbait, krimenen arduradun zuzenak). Jarraipen bat kolpe zaleen eta haren jarraitzaileen inpunitateari eusteko helburuei dagokienez. Terrorearen eta errepresioaren funtzionario gisa jokatu ostean, erregimen frankistan irabazi ekonomiko eta sozialak eskaini zitzaizkien, aipatu erregimen frankista horren aurkakoek eragindako kalteren bat jasateagatik. Eta hori guztia testuinguru zehatz batean garatzen da: gaur egun ere ukatzen eta urratzen dira 1936ko altxamendu militarraren, erregimen frankistaren eta Estatu terrorismoaren biktimen eskubideak.
Jarraipen hori beste zenbait egoeratan ere antzeman daiteke: eskubideen urratze sistemakoak, torturak, legez kanporatzeak, adierazpen askatasunaren ukatzea, errugabetasun presuntzioa (praktikan) ukatzea, nortasun propiorako eskubidea ez errespetatzea, langileen eskubide ekonomiko eta sozialen urratzeak, gerretan parte hartzea (azken aspektu hori konstituzioaren aurkakoa izan zitekeen II. Errepublikan, eta, alde horretatik, ideia hori presente egon zen Irakeko gerraren aurka egin ziren kale protestetan 2003an).
Estatu espainiarrean «trantsizioaren» alderdi bultzatzaile izan zirenak euren historiaren menpe bizi dira, iraganeko eskemak errepikatzen ari dira. Klase politikoak eta hori sostengatzen duten botereek nazioarteko legaltasunaren bidea hartzen ez duten bitartean, Diktaduraren oinordekotzaren konplize eta jarraitzaile izaten segituko dute. Arestian aipatu den moduan, inpunitatea, ahanztura, biktimen gaia jorratzeko bitasuna, biktimak bi eratara ikustea… ez da zoriaren kontua, oligarkia frankistarekin egindako hitzarmenen ondorioa baizik. Hitzarmen horien eskutik gizarte osoari gobernu eredu zehatz bat ezarri zitzaion, monarkia alegia. Monarkia horren buru, gainera, Francok berak izendatutako pertsona ilun bat jarri zen, hots, Estatu espainiarraren azken mendeetan izan ziren gertakizunik odoltsuenen arduraduna izan zen errege familia bateko, hots, borboien dinastiako kidea jarri zen.
Jatorri eta ezaugarri horiek dituen Estatu bat ezin daiteke aurkeztu eskubideen bermatzaile gisa 1936ko altxamendu militar, erregimen frankista eta Estatu terrorismoaren biktimen aurrean. Izan ere, bere oinarrian, erregimen politiko diktatorial baten zordun da, eta, gainera, berarengandik ez aldentzeaz gain, egindako krimenen arduradunei babesa ematen jarraitzen du.
Osasuna, Askatasuna eta errepublika.
Errepublika vs monarkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu