Nafarroako suhiltzaile laguntzaileak

Erreta gaude

Ibai Zenoz Berasategi, Ugaitz Tollar Villanueva eta Aitor Gonzalez de Zarate Ordoño
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lerro hauen bidez eta Nafarroako Gobernuak ekainaren 9an emandako prentsaurrekoaren harira, zeinean baso suteen aurkako udako kanpainaren hasiera iragartzen zen, langileon zati batek eta zerbitzuak berak pairatzen duen egoeraren berri eman nahi dugu.

Hasteko, udako operatiboa nola antolatzen den laburki azaltzea komeni da. Alde batetik, suhiltzaile arruntak daude, urte osoan zehar guztiok ezagutzen ditugun lan eta funtzioak egiten dituztenak, bakoitzak dagokion parkean, Nafarroako geografian sakabanaturik. Nafarroako Suhiltzaileek baso suteen eskumena dutenez, lantalde hau urtean bi sasoitan suhiltzaile laguntzaileekin indartzen da. Azken langile talde hau, batez ere, baso suteetan eta laguntza-babes funtzioetan aritzen da, eta baso suhiltzaile bezala ezagutzen dira. Horien parte batek urtarriletik urrira egiten du bere lana; 42 langile guztira. Udako hilabeteetan beste 117 langile batzen gatzaizkie, eta, hala, 159 gara guztira.

Udan soilik lan egiten duen azken kolektibo honen barruan kokatzen gara sinatzaileok. Ez Funtzio Publikoak, ez Nafarroako Suhiltzaileek, ez dute benetako interesik agertu azken urteetan talde honen lanegun kopurua handitzeko, gure ogibide nagusia izatea erraztera bidean. Egiten ditugun lanak beste sasoi eta alorretara zabaldu litezke, baina gaur ez dugu horretan sakonduko. Aldi baterako lana dela asumituta ere, lau hilabete baino gutxiagokoa, horrek dakartzan ondorioekin; azken kanpainetan sufritu ditugun hurrengo egoerak salatu nahi ditugu.

Alde batetik, aipatu beharra dago lanpostu hau, administrazio publikoan beste batzuk bezala, egonkortze prozesu batean sartu dela, eta udako 117 langileotako batzuek bere postua egonkortzea lortu dutela. Hala ere, lau hilabeteko lana izanik, plaza hauek eszedentzien bidez eskutik eskura igarotzen dira. Sinatzaileon artean bi, hiru edo kanpaina gehiagoko antzinatasuna dugun zenbait gauden arren, prozesutik kanpo geratu gara. Kontratuak bertan behera geratu dira eta hautatze prozesu berrietan zerotik hastera behartuak ikusi ditugu geure buruak, lan esperientzia ez baitute meritu bezala aintzat hartu.

Prozesu horiek neurrigabeak izan dira hain iraupen txikiko lan baterako eta, era berean, forma eta moduetan desorekatuak. Iragan den maiatzaren 30ean, 30 gradutik gorako tenperaturarekin egin zen zerrenda berria egiteko hautatze probaren atal fisikoa. Hainbat parte hartzaile ospitalera eraman behar izan zituzten. Hainbestekoa izan zen, ezen anbulantziarik gabe geratu eta probaren erdi aldera bertan behera utzi eta atzeratu behar izan baitzuten.

Era berean, salatu nahi genuke kontratazioak gauzatzen ari diren modua. Lan kanpaina hastear dagoela edota hasita jada, egun eskas lehenago egiten dira bai deialdiak eta baita kontratazioak ere, kasu askotan kontratu egunak galduz edota jakin gabe kontratua bera izango duzun ala ez. Horrek guztiak dakarrenarekin bizitza pertsonala antolatu ahal izateko; ziurgabetasuna eta urduritasuna. Horri guztiari gehitu nahi genioke administrazio eta erakundeen aldetik (Funtzio Publikoa, Nafarroako Suhiltzaileak eta Sindikatuak) erantzun eta atentziorik eza oinarrizko kezka laboralak argitzeko. Pertsona kaltetuak deiak eta deiak egitera behartuta daude erantzun argirik jaso gabe, eta ez dago bestaldean ardura hartzen duen interlokutorerik. 

Adibide bat jartzearren, ekainaren 10ean, suteen kanpaina hasita zegoela, 30 plaza gelditzen ziren esleitu gabe, udan batzen diren langileen %25. Lanean daude momentuotan brigada osatu gabeak, horrek dakarren arriskuekin lanpostu honetan. 

Azpimarratu beharra dago prekarizazio honek eta kontratuen iraupen laburrek  langile askok beste lan aukerak bilatzea eragiten dutela, lantaldearen ezegonkortasuna sakonduz. Hortaz, urtero errepikatzen da inongo esperientziarik gabeko langileak egotea brigadetan, horrek dakarren arriskuarekin. Esperientziarik gabeko brigada horiek, oro har, Nafar hegoaldeko parkeetara egokitzen dira, orokorrean jendeak hautatzen ez dituen lanpostuetara. Gogora dezagun lanbide honetan arrisku eta emergentzia egoeretan zuhurtziaz eta bizkortasunez erantzun behar dela, kamioiak gidatu edota urteen lan eskarmentu eta formakuntzaren bitartez barneratzen eta egonkortzen diren lan prozedurak eta teknikak aplikatu.

Mahaigaineratutako arrazoi horiengatik guztiengatik, salatu nahi dugu zerbitzuaren egiturazko prekaritatea, kudeaketa kaskarra, arduragabekeria instituzionala eta duintasun gabeko lan baldintzak.

Salatzen ari garen egoera hau guztia ez da soilik lan afera bat. Eredu osoaren arazoa da, errespetu instituzional eta erantzukizun soziala ere bai. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Suhiltzaileei eta inplikatutako sindikatuei eskatzen diegu esku har dezatela egoeran. Langileok ezin dugu jarraitu sostengatzen gizartearentzako funtsezko zerbitzu hau, horren baldintza ezegonkor, inkoherente eta bidegabeetan. Kolokan dagoena ez da bakarrik langileon etorkizuna, Nafarroako emergentzia zerbitzuen kalitatea eta segurtasuna ere kolokan dago.

Oharra: Artikulu hau 50 suhiltzaile laguntzailek sinatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.