Gaur mende bat, 1925eko urriaren 15ean jaio zen euskararen erroak arakatzen bizi izan zen Otxandioko pentsatzailea eta euskararen aztertzailea genuen Bittor Kapanaga. Aspaldiko garaiak aztertzeak etorkizunerako munduaren egituraketa berriak ekar ahal dizkigula zioen.
Antzinako berraurkinkuntzak ikusmira berriak sortzen dizkigula eta, han zebilen Bittor, belaunaldi zaharren azterketan. Beti esan izan da gure herriak aurre-historia duela historia bera baino gehiago, baina, aspaldiko denboretan sartuz, galtzeko arriskua ere badugu, eta hark zer eman ahal digun, hori zen haren gaia. Eta halaxe haren Erro eta Gara liburu mamitsua.
Herri zaharrek mitoa eta mitologia dute erakusgarri, eta badirudi gai hori esplotatzen ari garela edota, berau gaurko egunotara ekarrita, hark ematen digula atentzioa. Agian, misteriotzat hartzen dugulako eta misterioa beti da erakagarria. Horixe da bizi-euskarria eta horrexek betetzen eta inguratzen gaitu; herri zahar honek, mendeetan iraunduz, bizi-bizian dagoela erakusten digu gaurko belaunaldian. Erroak sakon dituelako batik bat, eta erroetara joateak eta berau aztertzeak, betiere, gauza berriak ekar ahal dizkigu.
Hori dela-eta ari gara behin eta berriro bagara-ka. Eusten-eusten, mundu berrietara egokitzen eta, aldian aldika, ideia berri-zaharrak sortzen eta urrats berriak lortzen. Sarritan aipatu izan da gure antzinatea erakarri eta era moderno honetan jartzeak, nolabait, japoniarren izaeraren antza ere baduela. Ez dakit misterioa ote den, baina bai, aro berrietara egokitua dugun modernitateari eskaintzen diegun herri zaharren izaera eta portaera da biena, eta bada bai oraindik zer aztertu.
Eta izaera hortan zebilen gure otxandiar pentsalaria, gazteoi gogoa non ote dugun esaka eta indarrak elkartzea dela egin beharreko bide bakarra. Araba, herrialderik zaharrena izanik, lehen alaba zela zioen, eta ez zapigarrena. Eta gure buru-bihotzak auzolanean jarriz, herria maitatzeko era asko daudela zen haren eslogana. Azken baten, gauza deigarriak bezain sinpleak eta erraz ulertzekoak.
Mezu zuzenak harenak. «Baina gu ez gaitu inork askatuko, zer nahi dugu guk zinez gizon izan edota makurtuta bizi». Garai bateko mezuak baina egun ere baliagarri zaizkigunak, eta alferreko nekerik ez dagoela-eta, beti esperantzari eutsi beharra dugula, hori zioen.
Patriarkalismoak merkantilismoa zekarkigula eta, gurean baditugula balio handiko amatasunaren edo matriarkalismoaren zentzuzko ereduak eta irudiak, eta horri ekin behar diogula nahitaez iraupenezko harian. Bittorren ustetan, gizarte patriarkaletik matriarkalera pasatutako arrastoetan ari gara. Ar-etik Ur-erako joanean —Ar (arra). Ur (emea)—.
Aldaketa honen sakontasuna neurtzeko denbora beharko da eta beldurra ere eman diezaguke, zioen. Kapanagarentzat, oraina etorkizunari begira garatzeko, iragana ikuskatzea derrigorrezkoa zen. Eta unean uneko gaietan iragana izango zuen aztergai. Haren azterketak, zientziaren zehaztasunetik kanpo zeudela zioten batzuek; hau da, ezaguera intuitiboa zela harena, baina nik esango nuke hitzen esanahiak aztertzen zebilela eta intuizio garatua zela haren egitekoa. Luis Baraiazarrak hain eder itzulitako Juan Gurutzekoren poesiak dioena ekar dezakegu: «Zientzia gorena zen bake eta errukizkoa, bakardade handian zuzen eta artez ikasizkoa; gauza txit sekretuzkoa, esan ezinik geldituz, zientzia oro gaindituz».
Gure buru-bihotzak auzolanean jarriz, herria maitatzeko era asko daudela zen Bittor Kapanagaren eslogana. Azken baten, gauza deigarriak bezain sinpleak eta erraz ulertzekoak
Eta orain eta hemen, gure ibilbidearen zuztarrak eta mitoak aztertzen eta goraltzen gaude, eta agian, berarekin amatasunaren justiziaren errainuak erakartzen. Badira honetan, gauzak dauden moduan ikusita, aldaketa eta antolabide berriak eskatzen dituzten ahotsak eta mezuak. Bittorren ustez, gauzak arin badoaz ere, historiaren gaietan dena doa astiro, «Ni nabilen planteaketan, mende bat ez da ezer eta aurrerra ekiteko atzeko ereduak aztertzea derrigorrezkoa zaigu».
Baina ideia edo pentsakera eta zehaztasun filologiko, filosofiko edo antropologiko guztien gainetik, erabaki politikoan dago gure eguneroko bizibidearen egituraketa, eta, horretan, ekonomia da jainko bakarra eta munduaren joanaren eta egituraketaren ardatza. Hori hala izanik, gure egiteko guztien kontrolpean izan nahi gaituen Txina bada geroaren exenplua; ez dugu eredu erakargarriarik aurrera begira. Beraz, portaera bidezkoagora eta onuragarriagora eraman beharko digun beste ikusmira batez jokatzea komeniko litzaiguke.
Nolanahi ere, gure galderei erantzun zehatzak botatzen zizkigun Bittorrek. Aspaldi bateko pentsaeraren euskal senari lotua egon izan den arketipoa genuen Bittor. Formalismoetatik kanpo zegoen. «Rara avis« deituko zion Xabier Kintanak, zeren Bittorrek ez zuen nahi gaurko gizartearen eginbeharretan darabilgun funtzionariotzaren esparru itxian egon nahi. Libre jaio denak, libre bizi behar du, horixe haren lema, baina libre sentitzeak eta libre bizitzeak prezio gogorra zekarkion, bakardadearen zeinuan bizi beharra eta askoren ulertze-ezaren ispiluan egon beharra.
Sarritan aipatu izan dut neure kautan, munduaren funtzionamendua kontuan hartuz eta berau aztertuz, dauzkagun egituraketatik kanpo bizitzea ez dela batere erraza. Eta horrela bizi izan zen Bittor bere Oihandi-Otxandion. Lurrari loturiko arbola genuen Bittor, eta haren gogoetan, utzi gintuenetik, hainbat ekimen egin izan ditugu hark esan eta aztertutako euskararenganako lanak hedatu asmoz. Kimu berri zaharrak hedatzeaz batera, bere Basarteko unibertsitatetik, arbola zahar haien ikuspegia argitzea eta argitaratzea izan zen haren nahia. Estalpean zeuden gauza askotxo egunotara erakartzea.
Gogoan dut Errusia ekialdeko oihan handiko Ussuri izeneko herrialdean bizi zen lurra eta oihana maite zituen Derzu Uzala, orain 50 urte ikusi nuen filma eder-zoragarriak hunkitu ninduela. Haren nolabaiteko antzekotasunak ere ikusi nituen Bittorrengan. Bittor ez zen Derzu Uzala bezalako abere eta hegaztien ehiztaria, baina hitzen ehizan zebilen, erroen, jatorriko lurraren esanahitik sortutako gure hizkuntzak zer berri ekar ziezagukeen aztertzen.
Zentzuzko hitzak zebilzkigun Bittorrek: «Nik uste dot herentzi on bat ixtea beharrezko dogula, gure aurrekoek guri itxi euskun modu berean, guk ondoroengoei, hau naturaren jaio ta hiltzearen antzekoa dogu, joan goaz baina zeozer ixten dogu eta hor gelditzen da».
Euskarak bere aztarnetan dakarkiguna antzinako bizikera baten adierazpena dela esaten zigun; beraz, hasieran hitza bazen, jarrai dezagula orainean eta iraupenean izaten eta lantzen.