«Amorioaren preziorik/ merkeena/ promesa bat da,/ baina karioena/ urrezko/ eleztun/ bat», idatzi zuen Arestik 1964an.
Ez dugu maiz berba egiten maitasunaz eta ekonomiaz aldi berean, elkarrekiko loturan. Askok hau irakurri eta maitasuna zikindu edo hondatzen ari naizela esango didate, halako hoztasunez berba egitean hari buruz. Stop, in the name of love!. «Ez izan hain zinikoa, Leire; erromantizismoa falta zaizu».
Argi dago erromantizismoa falta zaidala uste duenak ez nauela ezagutzen. Edonola, kontua da joera dugula amodioa eragile lurtarrez gaindiko zera zerutartzat hartzeko. El amor todo lo puede; I can’t help falling in love with you... Txiki-txikitatik landatu dute gugan maitasunaren indar ahalguztidunaren ideia. «Maite baduzu, zoaz bere bila!», «zelan utziko diozu ihes egiten benetako maitasunari?», «maitasuna sakona eta zintzoa denean, ez haizete ez itsasaldiek ez ei dute geldiaraziko».
Maitasunaz ari garenean haizete eta itsasaldiak aipatzen ditugu, eta ez benetan, egunerokoan, gure bizitza baldintzatzen duten eragileak. Esaterako, lanordu amaigabeak eta soldata eskasak. Edo langabezia. Distantziak, autobideen prezioak. Edo alokairuenak. Zaintza. Nekea. Baina horiek guztiak ekartzea ere maitasuna hondatzea litzateke, ez?
Bada, ez dut uste berdin maitatzen duenik asteburuero eskapadatxoa egiteko ibilgailua eta denbora dauzkanak, edo senidea zaintzetik domeketan ere deskantsatu ezin duenak. Nik ezin ditut lagunak berdin maitatu Bizkaian daudenean edo Donostian bizi direnean eta, beraz, haiek ikusteko trenean lau ordu egin edo hogei euro autopista gehi erregaia ordaindu behar ditudanean. Eta hori, alde batera utzita edonork ez duela autorik edo Euskotreneko harri paleolitikoz egindako aulkietan lau ordu emateko moduan dagoen gorputzik. Hortaz, lagunekiko dudan afektua berbera izan arren edonon daudela ere, zelan erakutsiko diet? Ez baita gauza bera kalitatezko denbora eskaintzea edo afalostean betazalak erortzear dituzunean bideodei bat egitea.

«Ez dute berdin maitatzen pobreek eta aberatsek», zioen Gata Cattanak. Eta horrekin ez dut esan nahi pobrea izanez gero maitatzeko aukerarik ere izango ez dugunik—eskerrak geratzen zaigun hori behintzat. Baina harekiko ditugun espektatibak aldatu behar genituzke, agian. Ez direlako errealistak, eta, gainera, bestela nekez mahai-gaineratuko ditugulako zenbait gai, zeintzuk, iruditegi erromantikoan tokirik izan ez arren, zuzenean eragiten baitiote maitasunari. Baldintza sozioekonomiko desberdinak dauzkaten pertsonen arteko harremanek, adibidez, eska dezaketelako gastuen eta denboren banaketa birpentsatzea, edo aisialdi eredua. Eta, mundua aldatzen dugun bitartean, gure harreman intimoek gai izan beharko luketelako gure beharrak jasotzeko. Maitasunez.
Orain itzul gaitezen I can’t help falling in love with you-ra. Izan ere, beste alderdi bat ere badu iruditegi honek. Baldintza sozioekonomikoei pisua kentzeaz gain, norbere buruari kentzen diogu agentzia eta erantzukizuna maitasuna tartean dagoenean.
Denok entzun dugu inoiz «zer egingo dut, ba, hura maite badut?» eta antzeko esaldirik. Eta zer egon ohi da haren atzean? Askotan, zaintza falta, edo botere harremanak, eta mina. Maitasuna minarekin batera etorri ohi dela entzutearen entzuteaz, askok dugu maitasunaren izenean sufritzea eginbehartzat. Eta, hala, ez diogu geure buruari hortik ateratzeko tresnarik aitortzen.
Badira muturreko egoerak non bortxa sufritzen ari den pertsonak ez baitu, itxuraz, min egiten dionarekin geratzea beste erremediorik, sostengu ekonomikoa faltan duelako, adibidez. Hor instituzio publikoek esku hartu beharko lukete, eta ez naiz horretaz ari. Baina, hortik urrun ere, askotan kokatzen dugu geure burua berez desiragarriak ez zaizkigun tokietan ustezko maitasunaren izenean. Behin eta berriz itzultzen bagara min egiten digun pertsona batengana, akaso maitasunaren kontakizuna alde batera utzi eta katean lotuta mantentzen gaituzten mekanismoak zeintzuk diren galdetu beharko genioke geure buruari. Arretak harrapatzen gaitu? Adrenalinak? Zelan bidera liteke hori modu jasangarriago baten?
Ez-monogamiez berba egiterakoan, esaterako, asko agertzen den kezka bat da zer egin norbait ezagutu eta «harreman berriaren energia» sentitzen duzunean, une oro egon nahi duzunean pertsona horrekin. Non geratzen dira, orduan, gainontzeko harremanak? Norbaitenganako zerbait sakon eta bizia sentitzera heltzeko, ordea, bide eman behar zaio sentipenari. Izan dezakegu bulkada norbaiti idazteko edo norbaitekin egoteko, baina geuk erabakitzen dugu hori den komeni zaiguna ala ez. Eta izan behar dugu gai neurtzeko zer sostenga dezakegun, zer kabi daitekeen gure bizitzan; pisu gehiegi hartuz gero, zerbait hondoratzen hasiko delako nahitaez.
Uste dut edozein harreman motatara eraman daitekeela pentsaera hau. «Amodioak» bultza gaitzake uretarantz, baina gure esku dago buruz salto egin edo une batez gelditzea haien sakontasuna kalkulatzeko. Aztertzeko gure ekintzek zelan eragingo dieten gure bizitzari eta harremanei, izan sexu-afektiboak edo laguntasunezkoak. Eta analisi arrazional horiek guztiak egiteak xarma kenduko dio egoerari, igual. Baina kontzienteki eta konbikzioz egongo gara hartutako erabakiaren alde egiten. Eta hori ez al da nahiko erromantikoa?