ESE ereiten eta ehuntzen

Leire Udabe Nagore Vega
2016ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteetan hainbat txokotatik entzun dugu: «Gure jendarteak alternatibak behar ditu; errealitate ekonomiko eta sozial berriak eraiki behar ditugu kapitalismoa atzean uzteko». Guk, OlatuKoopeko kideok, argi dugu dagoeneko etorkizuneko ekonomia eredua gure artean dagoela, Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) hain zuzen ere. Bizitzaren iraunkortasuna helburu duen ekonomia da. Eredu kapitalista patriarkalarekin alderatuz, ikuspegi feminista barneratu eta beste printzipio batzuk lehenesten dituena, hala nola lankidetza, demokrazia ekonomikoa, jabetza komunitarioa, autoeraketa, ingurugiroarekiko errespetua, eraldaketa pertsonala eta soziala, elkartasuna, ongizatea, zaintza eta abar.

Kapitalismoak etorkizun alternatiboa irudikatzeko aukera kendu digu, baina etorkizunak pentsatu eta gauzatzea gure esku dago. Horregatik, Sorginetxe zein Lakari kooperatibako kideok gure sorreratik argi izan dugu gure beharrak aseko dituen ekonomia batean lan egiteko ametsa errealitate bihurtu nahi genuela. Eta lortu dugu! Egitasmo kolektibo horiek martxan jarri ditugu. Erabakietan eredu demokratikoa bermatuz eta kide guztion inplikaziotik, eraldaketa ereiten ari gara egunez egun. Egia esan, eredu bat baino gehiago da ESE. Eguneroko praktika bat.

Horretaz gain, gure esperientzia pertsonala baliatzen ari gara, bai gu, bai Olatukoopeko gainontzeko komunitatea ere, kapitalismoak sustatzen dituen botere-harreman asimetrikoak iraultzeko. Horren adibide da parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeak automatikoki baztertzeko egon den eta dagoen joera. ESEk, alabaina, harreman parekideen arloan lan egiten du. Gure proiektuetan emakumeok gure komunitateko subjektu politiko eta eraldatzaile moduan ahalduntzeko aukerak ditugu.

Harreman-sistema parekidearen bidean, gure kultura eta arau propioak erdiesteko aukera dugu, bai parte hartzean, bai lan erreproduktibo eta produktiboaren arteko orekatzean, bai eredu honen guztiaren sozializazioan. Eta harreman pertsonalak ere hobetu ditugu, gainera. Goxo, elkar zainduz, ikasiz eta justuak ez diren egiturak aldatzen. Elkarren zaintza eta elkarlaguntza gure harremanen oinarrietan txertatuta daude.

Gure ibilbideak hasieratik erakutsi digu bakarrik ez goazela inora, eta Olatukoop bezalako sare inklusibo eta irekiek erakutsi digute posible dela gure bizi-proiektuak aurrera eramatea. Gizarte-eraldaketarako, ordea, hori ez da nahikoa. Egitasmo txiki eraldatzaile askoren batura —interkooperazioa— funtsezko premisa da eraldaketa soziala helburu badugu. Ezin dugu inkomunikazioan eta sektarismoan erori eredu alternatibo baten eraikuntzan pausoak eman nahi baditugu.

Halere, bada beste afera gako bat honetan guztian: memoria kooperatiboa. Egun badira ehunka enpresa kooperatibo (ez dutenak zergatik kooperatiba izan), gizartean ezagutzen ez direnak. Olatukoopen kezketako bat horixe da, memoria galtzen ari dela eta ez garela gai (oraingoz) esperientzia horiei behar duten ikusgarritasuna emateko. Egia da pixkanaka egitura sozioekonomiko alternatibo horiek bistaratzen ari direla, Alternatiben Herria bezalako ekimenekin. Anekdotikoak izatetik, gure eguneroko bizitzan erreferentzialak izateko pausoa falta da, ordea.

Eta ekintzailetza kolektiboaren gaia ere ezin dugu ahaztu. Aurrez, egunkari honetan bertan aritu ginen hizketan gai horren inguruan (http://www.berria.eus/paperekoa/1870/026/1863/2015-12-13/ekintzailetza_kolektiboa.htm). Eta, orduan adierazi genuen moduan, tokiko garapen ekonomikoa eraldatu nahi badugu, ekintzailetza sozial eta kolektiboaren aldeko apustua egin beharra dugu.

Proposatzen dugun paradigma aldaketa horretarako, alta, esparru publiko-komunitario-kooperatiboa martxan jartzea beharrezkoa da; hots, sare komunitarioaren eta publikoaren arteko harremanaren lanketa sakon bat egiteko garaia da. Eta, noski, kapitalismoak sistematik baztertu dituen sektoreek parte hartze orekatu bat izan dezaten bermatzea ere ezin dugu ahantzi.

Sistema instituzionalaren funtzionaltasunari erreparatuz gero (eskualdeetan zein udaletan), udalgintza berri bat behar da, demokratizazio etengabean eta sarean lan egingo duena. Sistema publikoak ezin du diru laguntzak ematera soilik mugatu. Eta ildo honi jarraiki, honakoa zioen Jordi Viak, Bartzelonako Udaleko Komisionatuak, duela hilabete gutxi, Argia aldizkariak argitaratutako elkarrizketa batean: «Oinarritik antolatutako sarearekin soilik bultza daiteke ekonomia soziala erakundeetatik».

Olatukoopetik, dagoeneko, hutsune horiek betetzen saiatzen ari gara. Hitzak edukiz betetzen ari gara gure eredua zentrora ekarrita. Eredu edota sistema aldaketan laguntzeko gaude hemen. Proiektu eraldatzaileak bilatzen jarraitzen dugu, eta herrigintzan ere bagabiltza. Haziak ereingo ditugu eta komunitatea sortzen eta ehuntzen tematuko gara.

Zuek ere, beste behin errepikatuko dizuegu, ongi etorriak zarete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.