Lekitto Musika Banda bezalakorik ez da erraza izango topatzea. Ez da zuzendariaren meritua bakarrik, inola ere ez. Lekeitiok musikarekin duen lotura oso aspalditik dator, harrigarria da zenbat musikari biltzen diren herri bakarrean eta zenbat musikari on. Musikarekiko zaletasuna oso errotuta dago herrian, era eta molde ezberdinetakoak dira musikari lotutako artista lekittarrak.
Aurreko zuzendariak, Miguel Arrietak, egindako lan bikainari jarraipena emateko hartu zuen zuzendari batuta Urtzi Iriondok 2006an. Sekulako fitxajea izan zen. Urtzi Iriondok goren mailara eraman du Lekitto Musika Banda, bandakideen ahaleginarekin eta bandalagunen konplizitatearekin batera.
Bikainak dira haren eskutik bultzatutako ekimen ezberdinak, guztiek dutelako helburu bat: kalitaterik handiena.
Ibilbide hori eten egin da. Premiazkoa iruditzen zaigu ongi egindakoa goraipatzea eta esker ona agertzea.
Gogora dezagun azken bi hamarkada hauetan Lekitto Musika Banda aitzindaria izan dela musikagintzan: euskal kultura eta musika klasikoa uztartzerakoan erakutsitako trebezia gozatu ahal izan dugu, esaterako, udaroko formatu handiko ekitaldietan.
Bertso-band, Ttakun band, Delirium TBand, Dantza band, Euskal Kanta Band...
Euskal kulturaren unibertsoko eragile nabarmenekin elkarlanean sortuak: Jon Maia, Amets Arzallus, Oreka Tx, Andoni Delirium, Andoni Aresti, Miren Agur Meabe, Edu Muramendiaraz, Miren Narbaiza, Donostiako Orfeoia, besteak beste. Esperientzia berritzailea eta erreferentziala, zalantzarik gabe.
Hori gutxi balitz, abuzturo Gau Magikoa oparitzen zigun, non Gorka Benitez saxo jotzailea gidari lanetan ibiltzen zen. Jazz munduko hainbat musikagile apart igaro dira gau zirraragarri honetatik.
Azken urte honetan Nolatu sortu zuen. Lekeitio New Orleans bihurtu zuten aste oso batez. Ikusgarria!
Lekitto Musika Banda hamaika hilabetez aritzen zen herriari soinu banda jarriz. Kalejirak, kontzertu bereziak, plazako dantzaldiak, jaiak... sekulakoa da betetako lana.
Euskara izan dute eguneroko hizkuntza. Euskaraz sortu dute, euskaraz komunikatu dute eta euskara unibertsoa izan dute ikusmiran. Dena euskaraz burutu dute. Arnasgune bat izan dira, ezinbestekoa euskal kulturan sinisten dugunontzat.
Herriko hogeita hamarretik gora gazte eta ez horren gazteren musika sormen gunea eta musikari gaitasuna garatzeko gunea izan da banda. Kalitatea zainduz, betiere. Bigarrenez aipatzen dugu, kalitateak duen garrantzia azpimarratu nahi dugulako.
Kalitateaz mintzo garenean, ezinbestean exijentziaz hitz egin behar dugu. Lana, diziplina, estutasuna, olgetarako denbora urria... gainerakoei, herrikideei, plazerez betetako esperientzia eskaintzeko.
Ez dezagun plazera gutxietsi. Plazera da gure bihotzetan, gure gogoan, talde identitatea txertatzeko gakoa. Eta plazerak maila eskatzen du. Ederto asko erakutsi digute hori Urtzi Iriondok eta bandako gainerako artista handiek. Biba zuek!