Patxi Larrainzarreko bi ikasleren ama

Eskola jardunaldia: botoa ematerakoan, gogoan izan itzazu

Eguzkiñe Aiesa Andres
2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Denok dakigunez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak erabaki du, azkenean, zer eskolaldi mota den egokia gure seme-alabentzat. Hainbat diziplinatan adituak diren pertsonek osatutako Nafarroako Eskola Kontseiluaren ondorioak eta Europatik datozen eskaerak kontuan hartuta, eskola-jardunaldi zatitua aukeratu du. Azpimarragarria da erabaki honen ausardia, departamentuaren zerbitzura dauden langile gehienen nahiari aurre egitea eskatzen baitu.

Izan ere, eskolaldi zatitua txikien biorritmoak errespetatzeko gaitasunagatik, krononutrizioaren kudeaketa hobea eskaintzeagatik (otordu-ordutegi hobea ematen baitu) eta ikasleen ongizate sozioemozionalean eragin positiboak izateagatik nabarmendu da. Horretaz gain, etxerako lanen murriztearekin, arreta-gailurrak hobe erabiltzearekin, ikasketa-emaileen hobekuntza seinaleekin, hizkuntzaren murgiltze eredu handiagoarekin eta gizarte- eta genero-desberdintasunen balizko murrizketarekin ere lotzen da, besteak beste.

Hala ere, ziur aski, ebazpen horrek irakasleen artean sortzen duen eztabaidaren jakitun, gobernuak berriro ere zabalik utzi du gobernuari berari egokitu beharko litzaiokeen erabaki bat (jokoan dauden interes ugariak kontuan hartuta eta legeriak ezartzen duen «adingabearen interes gorena» lehenetsiz) familiok hartzeko aukera, gure egoeraren interes gorena lehenesteko joera baitugu.

Edonola ere, aurten hainbat ikastetxetan eskolaldia berriz bozkatzea tokatzen da. Beste batzuetan bezala, Haur Hezkuntzako 1. mailatik Lehen Hezkuntzako 5. mailara arteko familiok gaude botoa ematera deituta. Alta, aurreko urteekin alderatuta, aldaketa nagusia da oraingoan gutxienez lau ikasturterako bozkatuko dugula. Horrela, bada, Lehen Hezkuntzako 5. mailako familiek ikasturte bakar batez gozatzeko botoa emango dute, eta hurrengo ikasturteetan matrikulatuko diren hiru kintek, aurtengoa barne (2021etik 2023ra bitartean jaiotako txikien familiek, gutxienez), orain bozkatzen duguna onartu beharko dute. Eta «gutxienez» diot; izan ere, eskolaldi jarraitua hautatuz gero, oso aukera gutxi baitago aurrerantzean atzera egiteko, neurri handi batean irakasleen esku geratzen baita.

Beraz, uste dut botoa ematera deituta gauden familiok kontuan izan behar dugula etorkizuneko ikasturteetan izango duen eragina, eta baita eskolaldi jarraitua aukeratuz gero erabakia leheneratzeko zailtasuna ere. Enpatiaz bozkatzera gonbidatzen dut, gogora ekarriz eskolaldi jarraitua zuen «handien eskolara» iristen ziren haur-eskoletako umeak gure seme-alabak zirenean (gure kasuan, pandemian egoteagatik): nola 11:30ean bazkaltzetik 14:00etan bazkaltzera pasatzen ziren, nola batzuetan hain nekatuta irteten ziren, ezen parkeetan lo hartzen baitzuten, nola ia ez genuen eskolako patioaz gozatzen...

Zorionez, nire bigarren alabak jardunaldi zatituan hasi zuen eskola, eta esperientzia guztiz kontrakoa izan zen. Neurri batean, eta azaldutakoa alde batera utzita, zortea iruditzen zait bi jardunaldiak alderatzeko aukera izan izana.

Imajinatzen dut Lehen Hezkuntzako azken mailetako txiki batzuek nahiago izango dutela eskolaldi jarraituan joatea. Edo ez joatea. Era berean, imajinatzen dut nahiago izango dutela egunero nozilla meriendatzea, egunero pizza afaltzea eta egunero pare bat ordu telebistaren aurrean ematea. Haurrak dira. Uste dut denok ados gaudela erabaki guztiak ezin ditugula beren esku utzi...

Gauza guztietan bezala, iritzi ezberdinak daude eta guztiak dira zilegi eta errespetagarriak. Besterik gabe, zalantzan egon daitezkeen familiak gonbidatu nahi nituzke jokoan dauden faktore guztiak kontuan hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.