Arbolan zegoen mutilak garbi-garbi entzuten zuen lapurrek zer esaten zuten. Leizetik ateratzerakoan: 'Abrite portas, klis klas…!', esan zuten, eta sail bat kanpora atera ziren. Denak kanpoan zeudenean: 'Zerrate portas, klis klas…!', esan zuten, eta ateak berealdiko burdin-hotsarekin itxi ziren». Ahoz aho kontatutako istorioak jaso zituen Joxe Arratibel ataundarrak Kontu Zaharrak liburuan. Ataunen entzun zitezkeen ipuin haiek beste herri eta kultura batzuetan ere entzun izan dira. Nola ez ezagutu Lapurren leizea narrazioan Ali Baba eta berrogei lapurrak? Herri guztietan jazotzen dira gertaera antzekoak eta menderik mende kontakizunak harat-honat ibili dira telefono kaiolatu batean bezala. Mundu globalizatuari bizkar emanda, ipuinak unibertsaltasunean du leku.
Rainar Maria Rilke poeta austriarrak lurralderik gabeko espazio zoriontsu iritzi zion haurtzaroari. Eta ez hori bakarrik: «Umearoa da gizajendearen aberri bakarra», adierazi zuen. Rilke umeari Ali Babaren «Sesamo, zabal zaitez!» bezainbeste kabitzen zitzaion anaia bien «Abrite portas!». Joseba Sarrionandiak ere oso antzera idatzi du berriki Moroak gara behelaino artean? saiakeran: «Haurtzaroa da pertsonaren aberria, fantasia sortzeko aparatuak funtzionatzen duelako, eta dena egitear dagoelako». Haren haurtzaroan ere kabitzen dira ipuin biak, jakina, aberri hori lurralderik gabekoa baita, alegia, mugarik gabea.
Xalotasuna galtzean, aldiz, mugak nagusitzen zaizkigu: lurralde-mugak, muga sinbolikoak, hizkuntza mugak…. Ezin mugituzkoak eta ukituzkoak diren hamaika muga, aste honetan bertan Pia Ahrenkilde Europako Batzordeko bozeramaileak garbi utzi duen bezala. Hala da: helduok nazio-estatu deitzen dugun Universal Pictures horietan ipuin bakarra du tokia: Ali Baba and the Forty Thieves. Nazio-estatu gehienen sortze-prozesuan berean dago. Lapurren leizea, aldiz, bazterreko ageri da Frantzia eta Espainia bezalako nazio-estatuetan, ez da inondik inora unibertsala.
Bihar, Bilboko Arriaga Antzokian, Gazta zati bat filma pantailaratuko dute. Orain dela aste pare bat hiriburuko alderdi politiko eta gizarte eragile askotako kideek jendaurrean aurkezturiko emanaldiak berezia izan nahi du. Jon Maiaren dokumentalak, Idiazabalen sortutako Nazioen Mundua herri-ekimenak eginiko bidea du aztergai eta kontagai. Kamera berezi batez dago filmaturik, usu «ikusten ez dena erakusteko», alegia, «giza faktorea». Herri txipi bateko herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldarria egiten dute folklorearen eta herri kirolaren bitartez: «Erabakitze eskubidea gatazkaren lokatzetatik atera behar dugu eta naturaltasunez eztabaidatzea lortu, erabakitzea». Dokumentalak, bada, barne-mugen (komunitatean guztiekin hitz egin beharra dago) zein kanpo-mugen (inoren aurrean espainola eta frantsesa ez den nazio bateko kide moduan agertu) haustea dakar. Goierritarren ekintzak, zentzu horretan, izaera politikoa du. Eskoziara herri kirola egiten doazenean subjektu politiko gisa azaltzen dira. Baina, gainera, beste inori erreparatu gabe egiten dute. Eskoziako erreferendumari begira garen honetan, Kataluniako Mediterraneo harrotuan zer harrapatuko gabiltzan honetan edo Flandriako lurretan zer gertatuko zain gauden honetan (deus gutxi jakin neronek Flandrian gertatzen ari denaz), Nazioen Munduko kideak, beste inora begiratu beharrean, aritu egiten dira, besteekin aritu, besteekin osatu, eta aritzean azaleratzen zaizkigu. Egiteak izatea dakarkielako irudia agerikoa da filmean, egin gabe ez dago izaterik, egitea eta izatea bereiztezinak dira elkarrengandik. Hori da, bere xumean, talde honek erakusten diguna, herriak beti erakutsi duen moduan bestalde.
Erabakitzeko eskubidearen ukoari eskubidetzeko erabakiaz erantzuten diote Goierriko lagunek. Nazioa ez baita (eta barka errazkeria) Tubalek egin oparia, baizik eta modu kontziente batez (baina zokondo batean utzi gabe, noski, historiaren gurpilak ezarritakoak: «Hildako belaunaldi guztien tradizioak lokamuts batek bezala zanpatzen du bizien burmuina», wasapeatu naute Errekaldetik) eraikitako identitate politikoa. Edo Eduardo Apodakaren hitzetan: «Herria jendea da, jardun politikoan ari den jendea, bere burua 'sortzen' edo 'produzitzen' ari den jendea. Herrria jendea da, baina jendeak jendartekoa eraikitzeari ekiten diolarik, bere bizitzaren subjektu eragilea delarik».
Nazioen Munduko jendea bere burua produzitzen duen jendea da, jendartekoa eraikitzeari ekiten dion jendea. Dokumentalean jardun politikoaren alde bat erakusten dute, gaztaren zati bat. Eskozian barrena dabiltzalarik inoren egiteetan ikusten dute beren burua. Eta hor ageri dira ederki islaturik Joseba Sarrionandiaren hitzok: «Euskaldunak eta berbereak identitatea kolektiboa dutelako diferenteak direla uste dute jende batzuek. Baina alderantzizkoa da benetakoagoa: identitate kolektiboa dutelako dira euskaldunak eta berbereak beste guztien antzekoak». Haurtzaroa izeneko aberri bateko bizilagunak balira bezala, Ali Baba eta Lapurren leizea ipuinen jabe azaltzen zaizkigu Nazioen Munduko lagunak. Dena egiteko duen aberri mugagabea.

Eskubidetzeko erabaki (zati bat)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu