Jatorri desberdineko krisiek bat egiten duten honetan hainbat sektore dinamiko hasiak dira inertziazko zama ideologikoak astintzen. Aldaketa sakonak helburu, lekuko baldintzak helbide, hamaika ideia birpentsatu beharra dago geroa ezin baita eskema zaharretan oinarritu. Paradigma berriek galdera berriak ekarri dituzte. Bestelako ibilbide-mapak behar ditugu, lekukoari lotuak. Hortaz, bazen garaia soziopolitikak beharrezkoa duen kultura berritu bidean politikatzat hartu ez diren elementuak uztartzeko.
Testuinguru honetan sartzen da Lurraldearen gaineko gogoeta. Izan ere, asko hitz egiten dugu lurraldetasunaz eta gutxi lurraldeaz. Askotan gutxietsi egin dugu, garapen-ereduaren apustuan, lurraldeak duen garrantzia, zentzuzko Lurralde Antolamendua gainditzeke dugun ikasgai nagusi bat izatera heltzeraino: lurraldeko espazio bakoitzari, guztiak hartuta, bere zeregina eta funtzio propioa onartu eta bermatzen dizkion antolamendu orekatua eta horizontalean integratua. Are gehiago, Iraunkortasuna helburu, Lurralde Antolamenduak izan beharko luke hara hurbiltzeko funtsezko ibilbidea, lurraldea baita sozioekonomian egin behar diren era askotako apustuen espazio-esparrua.
Lurraldea ez da kontzeptu geografiko hutsa: erabakiak hartzeko muga. Lurraldeak berezko ezaugarri bio-fisikoak ditu, giza-jardueren euskarri fisikoa izateaz gain, herrigintza prozesuak behar dituen baliabideak eta gozabideak eskaintzen dituena, bere neurrian beti ere. Lurraldea antolatzeak baliabideok modu iraunkorrean kudeatzea beharko luke, bertan bertokoa, eta bertokoen eskutik. Herria ez da kontzeptu politiko hutsa, eskubideak dituzten pertsona-taldea, hori bizi den lurraldea ere bada, eta horri lotua gauzatu behar da Herrigintza, lurraldeari zeharreko dimentsioa aitortuz. Hortik eskualdeen garrantzia, zoritxarrez juridikoan oraindik izanik ez duten eskualdeak, hurbiltasun paradigmaren funtsezko espazioa.
Zer da Lurraldea? Antxon Lafontek esan ohi duena gogoan, Lurraldea: lurra gehi identitatea. Hots, lurraldearen espazio bakoitzean ematen da elementu bion uztarketa, fisikoa eta soziala. Kontua zera da, antolamendu arauetan tematu egin garela biak espazioan desberdintzen: ingurune fisikoa landa eremuarekin lotu da, gehienbat, eta ingurune soziala hiriarekin. Horrela, lurraldea zatikatu egin dugu, hiri nagusietan fokalizatu, eta hiria-landa continuum-a eten; Gaindegiaren datu-argazkiak dira horren erakusle. Hortik dator azpiegitura handien gaitza (garraioa, merkataritza...), garapena lurraldeaz aparte ulertzearen hurrena. Hortaz, Euskal Hiria nagusitu da, kontu handiz ibiltzeko kontzeptua berau, honen edo haren ahoan jarrita pentsaera mundu desberdina adierazteko balio baitezake.
Lakuako Gobernuak Lurralde Antolamendurako Gidalerroak («politika eta tresnak» barne) berrikusteko prozedura luzea abiatu du, oinarrizko dokumentu bat «proposamen-agiri» modura plazaratuta. Kultura politikoa bera ere berritze bidean garela, oso inportantea da Euskal Herriko «lurralde eragileek» bertoko gobernuen dokumentuak behar bezala aztertu eta behar bezalako proposamenak egitea, bihar-etzi izan daitezkeen bestelako legeen bidean; inoiz ez baikara zerotik abiatuko, soziopolitikaren espazioa ere continuum bat delako. Are gehiago, egun hauetan Eudel eta Udalbiltza albiste direnean, eta, agian, LTH fosil biziduna laster ere bai. Territorializatu behar da politika eta sozioekonomia, espazioa berez delako territorializatua.
Gidalerroak berrikusteko arrazoiak ematen dira dokumentuan, lehen ez ziren paradigmak izan badirelako egun, lurralde politikan guztiz kontuan hartzekoak. Alde horretatik, iradokitzailea da, zeharkako gaiak bilduta: genero-ikuspegia, klima-aldaketa, osasuna, euskara, lurralde-erlazioa. Kontzeptualean aurrerapausoa, dudarik ez. Bilatzen den ereduan hauexek lurraldeari lotzen zaizkion oinarriak: adimentsua (kontuz ibiltzeko kontzeptua berau ere), iraunkorra, sozial-integratzailea, elkarlotutakoa eta parte-hartzailea. Azken hori da beren-beregi azpimarratzen den «berrikuntza» lurralde politikaren «kudeaketan eta garapenean partaidetzarako kultura eta gobernu ona sustatu» nahi delako, «lan egiteko gobernantza berri bat». Izan bedi! Gobernantza kontzeptua erakargarria ere, gobernatzeko kultura aldatzeko bada, behingoz.
Hala ere, kultura berria behar duten gauzen zerrendan kritikatzekoa dena ere sartu behar da. Kritika funtsezkoa da lurralde politikan, gerora begira ez dezagun, paperak jasotako paradigma guztien gainetik, lurraldea hartu orain arteko iraganean hartu legez: zatikatua eta guztiz desorekatua; egunotako hainbat albiste horren lekuko. Are gehiago, lurralde kultura berriak baldintzatzailea behar du izan, lurraldearen espazio desberdinetan izan daitezkeen jarduera iraunkorrak, sozialean eta ingurumenekoan, baldintzatzekoa, eta ez kapitalaren aldian aldiko desira-objektu diren espazioen kudeaketa makillatzekoa. Hortaz, ekonomia kultura bera aldatzeko balio behar du lurralde, parte-hartze eta gobernantza kulturak. Bestela, zertarako hainbeste paradigma?

Espazio soziopolitikoak lurraldeari lotu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu