Arantza Santesteban

Estatua eta bizitzaren zentzua

2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Abuztuaren 17an, 17:00ak inguruan, Mossos d'Esquadra-ko Twitter kontuko txio batek hala zioen: «#Cambrils-eko gertaerak eraso terrorista baten ondorio diren hipotesiarekin ari gara lanean. Ustezko egileak tiroz hil ditugu». Hipotesi bat baino ez zen arratsaldeko ordu horretan, eta egileak, ustezkoak ziren arren, tiroz jo eta hil zituzten.

Bizitza guztiek balio bera ote duten, hori izan da egunotan mahai gaineratu den gaietako bat. Bizitza ez izaera biologikoan ulertuta, noski, baizik eta haren zentzu sakon eta filosofikoan. Zer sentitzen dugu Rambletan furgonetak harrapatuta hil zuten ume haren heriotzaren aurrean? Gauza bera sentitzen al dugu Younes Abouyaaqoub-en gorpua tirokatu zutela jakitean?

Oroitzen dut duela urte batzuk Iruñean egin zen torturaren inguruko jardunaldi batean, ikerlari batek bideo adierazgarri bat jarri zuela. Bideo horretan kalean zebilen jendeari galdetzen zitzaion ea inor torturatzea zilegi zen. Jendearen gehiengo batek ezetz esaten zuen, salbu eta terrorista bazen torturatutakoa. Orduan bai, justifikatua zegoen, antza, poliziak norbait txikitzea. Urteak pasa eta DSS2016k antolatutako performance batean izan nintzen Donostiako Amara auzoko plaza batean. Artistak pantaila batean idatzita askotariko galderak luzatzen zituen eta bertan ginenak —berrehun bat lagun— bai ala ez adierazi behar genuen, eskuinaldera edo ezkerraldera emanez urratsak. Horietako galdera bat izan zen tortura polizialaren aldekoa ala kontrakoa ote zinen. Duda-mudatan geratu zen jende kopurua adierazgarria izan zen. Berriz ere errepikatzen zuen batek baino gehiagok: salbuespen kasuetan? Terrorista doilor bat bada? Beste tragedia bat ekiditeko balio badu?...

Bizitza ezberdinen balio diferenteen harira, El País egunkarian Carlos Yarnozek artikulu bat idatzi zuen duela egun gutxi. Han esaten zuenez, ETAren jarduera armatua indarrean zegoenean, errefusatu egiten zen segurtasun indarrek erakunde horretako kideak hiltzea. Gutasun sentimendu moduko bat mahai gaineratzen zuen; ETAkoak izan bai baina jatorri berekoak ginela guztiak nonbait. Bizitzen sailkapen horretan baina, non ote zeuden ETAko horiek espainiar gizartearen gehiengoarentzat?

Afera konplexua da. Izan ere galdera ugari azaleratzen ditu: gaur egungo ezkerreko ikuspegi batetik zein da honen inguruan alderdi eta mugimendu eraldatzaileek duten posizioa? Eta burujabetza politikoaren aldeko indarrek? Zein da geratzen zaigun esparru politikoa horrelako gertaerak baloratzeko?

Bartzelona eta Cambrilseko gertaeren aurrean Kataluniako gobernuak modu eraginkorrean erantzun duela esan du jende askok. Puigdemont lehendakariak Kataluniako poliziak Younes Abouyaaqoub eta beste bost pertsona tiroz hil ondoren zera esan zuen publikoki: mundua leku seguruagoa zela. Estatus politiko propioa duen agente gisa agertu ei da Katalunia munduaren aurrean. Baina, estatu bat zilegi bihurtzeko operazio guztiak onartu behar ditugu halabeharrez? Ez dugu ezbaian jarriko Terrorismoaren aurkako borrokan eraginkor izatea eta estatu hegemonikoen modus operandi-a errepikatzea?

Bai, ez gara atzo goizekoak, eta badakigu estatu bat sortzeko gaur egun mundu aldrebestu honen erronkei aurre egiteko gai zarela erakutsi behar duzula ezinbestean. Alabaina, hori bezain garrantzitsua behar luke izan herrialde horretan bizi diren pertsonen maila demokratiko eta kritikoa aldarrikatzea. Egunotan, Kataluniari estatu izaera berezitua eman diona, neurri handi batean, bere herritarrak izan baitira. Europako beste herrialde batzuetan eraso jihadistak egon direnean aktibatu ez direnak ikusi ditugu bertan. Bide batez, horiek izan dira mundura salto egin duten keinuak, New York Times-ek egin dituen kronikak horren lekuko. Ekintza zibil ezohikoak ikusi ditugu: Mossoek hildakoak gogoratzen zituen Ripolleko hezitzaile haren testigantza kasurako. Diskurtso orokorretan arrakalak sortuz pertsona horien alde humanoa ekarri zuen Facebookeko bere profilera. Bertan aipatzen zituen Younesen giza alderdiak, bere adineko edozein gazteren antzekoak zirenak.

Norabide horretan, euren seme txikia hil eta hurrengo egunean, ondoko meskitako imana besarkatu zuten gurasoek ikusgarri egin zuten bestelakoetan ikusi ez direnak. Egun gutxira, espainiar gobernuak babestutako arma salmentak salatu zituzten herritar askok manifestaldi bateratuan. Eta, ez ahaztu, ultraeskuindarren mobilizazioak gelditu dituztenak ez ziren poliziak izan, gizarteko arrazakeriaren kontrako mugimenduko norbanakoak baizik.

Bizitzek komunean duten hori zaurgarritasuna dela esan digu Judith Butlerrek. Bizitza guztiak sortzen direla indarkeria testuinguru batean, eta horrek ezinbestean bihurtzen dituela zaurgarri, ahul. Estatuek ere, bizitza ezberdinak hierarkizatzen dituzten heinean, indarkeria-testuinguruak kritikoki aztertzeko eta politika eraginkorrak egiteko tresnak beharko lukete izan. Izan ere, hilketa eta torturak, modu ageriko zein ezkutuan, babestu eta bultzatzea, bizitza batzuk beste batzuen azpitik jartzea zilegi jotzen dela esan nahi du. Egia da, Kataluniakoak erakutsi digu, estatu bezala onartua izateko, estatu baten kontzientziarekin funtzionatu behar dela; halere, ez ditzala estatu horrek ahaztu zentzu komuna eraikitzeko gizarte antolatu eta kritiko batek ematen dion autoritatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.