Beste behin ere, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu bihar, eta kaleak eta komunikabideak jendez, zenbakiz eta estatistikaz beteko dira. Beti bezala, aditzen ditugun errealitatearen bertsioek arretaz irakurtzen duen hainbati azkura sortuko diote, eta beste hainbatek, berriz, domina jarriko dio bere buruari, horretarako merezimendurik izan gabe. Hala ere, errealitatea oso bestelakoa izanen da: lan siniestralitateak behera egin du enpleguak behera egin duen heinean, eta argitasun falta nabarmena da gaixotasun profesionalen onarpenean. Hezkuntzan, gure esparruan, polipoak baino ez dira eritasun profesionaltzat hartzen.
Hezkuntzako langileok ez dugu islaturik ikusten geure burua zenbaki horietan, eta, ondorioz, hainbat datuk harrituko gaitu, eta beste hainbatekin ez gara bat etorriko. Krisiaz hitz eginen duenik ere izanen da, eta akaso laneko estresaz. Orduantxe begiak zabalduko ditugu, eta arretaz irakurriko ditugu.
Laneko estresa pertsona jakin batek izaten ahal duen erreakzioa da, jasotzen duen exijentzia maila eta laneko presioa gehiegizkoa denean bere ezaguera, gaitasun edo eginkizunetarako, eta lankide eta nagusiengandik jasotzen duen laguntza eskasa denean.
Garbi dago gurea bezalako inguru laboralean estresik izatea ezinbestekoa dela, eta maila egokian bada, onargarria da, alerta, motibazioa eta lan eta ikasteko baldintzak mantentzen laguntzen ahal baitu; egia ere bada presioa gehiegizkoa denean edo kontrolaezina denean, langileen osasuna kalteturik suertatzen ahal dela, etamuturreko kasuetan arazo psikologikoak zein desoreka psikiatrikoak ere sortzen ahal dira. Egoera honek, ezbairik gabe, gure eguneroko jardunean eragin okerra izan dezake.
Estatuko Laneko Higiene eta Segurtasun Institutua nahiz Osalan bat datoz emaniko datuetan: %25 eta 30 bitartean dira lantokian estres handia jasotzen dutela esaten duten langileak, eta horietako askok eta askok aurreko urtean baino estresatuago dagoela baieztatzen du. Egoera hau laneko segurtasunik ezaren eta lana galtzeko beldurraren ondorioz igo da.
Estresa ez omen da laneko gaixotasuna (zenbait kasutan laneko istriputzat har liteke). Nahiz Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) nahiz Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE) urteak daramatzate aldarrikapen hori egiten, hots, laneko gaixotasun zerrendan sartzeko zerbitzuetako langileentzat, eta horien artean hezkuntzako langileontzat. Erakunde horien arabera, asko dira irakaskuntzan estresa sortzen duten arrazoiak, eta, besteak beste, honako hauek aipatzen dira: pertsonen arteko harreman sakonak, exijentzia handia, laguntzarik eza, promozionatzeko espektatiba falta, eta sozialki gutxi baloraturik den jarduera izatea.
Ezbairik gabe, ezin ditugu ahaztu zerrenda honetan aipatzen diren kausak, hezkuntzako legeetan onartutako aldaketak (gobernu berriarekin batera legea bera ere aldatzen da, eta horren adibide garbia LOMCE dugu), ikasle eta familiei eman beharreko azalpenak eta ikastetxeetan gero eta ugariagoak diren bortizkeria kasuak (irainak eta hainbatetan erasoak).
Honi guztiari gehitzen badiogu krisi garai honetan gobernuek irtenbideak asmatzen dituztela langileon lepotik (krisiaren sortzaileak ez izanik ere) etengabeko murrizketa basatiak eginez (agerikoak edo ezkutuak), erretiro erreforma (jubilatzeko adin duina alde batera utziz), ratioen igoera, soldataren izoztea... ; testuinguru honetan ez da harritzekoa estres tasak gora egitea urtero-urtero, eta amaierarik gabeko maldan gora doa.
Momentu honetan prebentzioaz, jarduera osasungarriaz eta presiorik gabeko inguruneaz hitz egitea alferrikakoa da, behar bezalako inbertsio eta plangintzarik ez badugu egiten. Langile errearen gaineko informazio zabala izan ahal dugu, bai eta lan osasunaz ere; hezkuntzan adituak izan gaitezke, eta arrisku psikosozialez ere bai; baina ekoizpena eta etekina pertsonak baino garrantzitsuagoak badira, eta merkatuari eta bankari zerbitzu publikoei baino balio handiago aitortzen badiete, kalera aterako gara behar adina aldiz ozenki aldarrikatzeko gure osasuna euren etekinak baino baliotsuagoa dela, eta zerbitzu publikoetan ez dugula murrizketarik onartuko. Ez dugu estresak gu ahitzerik nahi.
Estresa, hezkuntza eta krisia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu