Aurkeztu dituzte Urdaibaiko biztanleekin abiatutako entzute prozesuaren lehen emaitzak, eta gauza bat argi geratu da: inork ez du nahi museoa Muruetan egin dadin. Badaude museoaren guztiz kontra daudenak, badaude beste leku batean egingo balitz erabat aurka egongo ez liratekeenak, badira proiektua nola burutzen den alde batera edo bestera egin dezaketenak… Baina denek argi dute ezin dela Muruetan izan. Naturari kalte egingo lioke eta bisitari kopuru handia sartuko luke egon behar ez den lekuan. Bada emaitza esanguratsua, kasu egiteko modukoa.Â
Hala ere, asko larritzen nau zein seriotasun gutxirekin hartzen ari den «egin dezatela baina ez hemen» erantzuna. Erantzun zilegia da, eta ulertzen dut kulturaren ekosistema ezagutzen ez duen Busturialdeko biztanle batek hori esatea. Arazoa da Guggenheim museo berri bat eraiki behar ote den ez zaiola soilik Busturialdeko biztanleriari galdetu behar: kultur arloko eragileekin beste prozesu paralelo bat egin beharko litzateke, Urdaibain egin denaren oinarri berberarekin. Mila, bostehun edo nahi bada berrehun kulturgile eta adituri galdetu beharko litzaieke zeintzuk diren kultur esparruaren behar orokorrak, ea Guggenheim museo batek horiek beteko lituzkeen eta horren alde dauden ala ez.Â
Izan ere, Guggenheim museo batek ezartzen den lurraldeari eragingo dion modu berean, kultur arlo guztiaren gaineko eragin zuzena ere izango du. Eraikuntza kostatuko den 130 milioiez gain, aparteko partidekin osatu beharko direnak, museo batek mantentze gastu handiak ditu. Bilboko Guggenheimek, adibidez, urtero zortzi milioi euro jasotzen ditu Jaurlaritzatik. Zenbat diru jasoko luke berriak? Nondik etorriko litzateke diru hori? Bada, erkidegoko kultur arloak gastu gehigarri hori bere gain hartu beharko badu, kultur arloari galdetu beharko zaio zein den proiektuaren inguruan duen iritzia.Â
Hain zuzen, Guggenheim museoa Busturialdean planteatu omen zen eskualde horri beste bultzada bat emateko. Hasieratik egon dira zalantzak, baina orain agerikoa da bertan ez dutela nahi eta ez duela zentzurik. Hasierako proiektuaren logika hondoratuta, beste inon zentzurik al du? Busturialdeari ezer ekarriko ez badio han egiten ez bada, hurrengo galdera da zer ekarriko dion Euskal Herriko kulturari halako inbertsio batek, eta zer kenduko dion. Ez al da garaia, proiektua beste kokapen batera mugitzea pentsatzen hasi aurretik, kultur arloari ere entzuteko, adituei kasu egiteko eta arituei euren iritzia galdetzeko?Â
Busturialdeko biztanleriari hitza eman bazaio, kultur arloari ere ez al litzaioke eman beharko?