ETAk armak uztearen inguruan

2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Duela 15 urte, borrokalari ohiekin mundu osoan egindako DDR Desmobilizazio, Desarmatze eta Gizarteratze prozesu guztiak aztertzen hasi nintzen, eta, gero, DDRei buruzko hiru urtekaritan jasota geratu ziren. Aldi berean, 100 bat negoziazio prozesu eta bake prozesu aztertu ahal izan ditut, eta horietatik guztietatik hainbat ikasbide eta ondorio atera izan ditut, eta bake prozesuei buruzko urtekarietan ispilatu. Jarraian esango dudana, bada, ez da nire desiretan oinarrituriko zerbait, baizik eta mundu osoan gai honen inguruan benetan gertatu izan diren esperientzia askotarikoek erakusten diguten errealitatea. Bada, lagin luze-zabal horretan, ez dago kasu bat bera ere, bakar bat ere ez, inongo estatuk oztopoak jarri dizkionekorik talde armatu baten armak uzteko prozesu bati, edo halakorik zangopilatu duenekorik, nolanahikoa izanda ere talde hori. Borroka armatua bertan behera uztea bera izugarrizko lorpena da haren ondorioak jasan behar izan dituen gizarte batentzat. Armak uztea, edo haiek suntsitzea, izan ohi da hurrengo pausoa, sekuentzia logiko bati jarraikiz, eta, normalean, amnistia baten bidez amaitzen da, edo justizia trantsizionala edo justizia leheneratzailea ezartzearen bidez. Hala egin izan da, beti, negoziazio bat gertatu izan den kasu guzti-guztietan. Kasu bakan batzuetan, ETArenean adibidez, alde bakarrekoak izan dira pausoak, borroka armatua uztetik hasita, eta, negoziaziorik gertatu ez denez, kili-kolo ibili ohi da, eta gobernuaren borondate onaren arabera, ea aldeko neurri juridikorik ezarriko zaien presoei edo pertsona errebelde deklaraturikoei. Baina sekula ez da zalantzarik izaten, esaterako, armak uztea eta suntsitzea errazteari dagokionez, hori izugarrizko onura komuntzat jotzen baita. Mundu osoan, toki bakar batean ez da hori horrela izan: Espainian, ETAri dagokionez, eta hori absurdoaren muga-mugan ere badago, ezin ulertu baitu inork. Uste dut, hala ere, baduela azalpen bat, denek ere ondotxo dakitena edo susmatzen dutena.

Egia da hau ere, onartu beharra daukat: ETAk bere armategiaz gabetzeko hartu erabaki hori, hain zuzen, logikoena izango zen borroka armatua bertan behera uzten zuela deklaratu eta berehalaxe gertatzea. Denbora gehiegi pasatu da, eta horrek berekin ekarri du gobernuak eta haren sektore politiko laguntzaileek kontakizun faltsu bat asmatzea eta gehiegikeriaz baliatzea, hala nola ETAren mehatxuak oraindik ezkutuan dirauelakoa, taldea artean ez zenez ez armagabetu ez desegin. Halako diskurtsoa zoragarri etorri zaie sektore sozial eta politiko disidenteak deabrutzeko, horiek etazale izateaz akusatzeraino. Ez dut uste oker nabilenik, halaber, esaten badut ezinago erabilgarria zaiela ETAren beraren existentzia, hark dagoeneko atentaturik ez eginagatik eta borroka armatua bertan behera utzia izanagatik ere; hortaz, bada, ez dute interesik txikiena ere ETA desager dadin; besterik gabe, beren diskurtsoa hankaz gora jarriko liekeelako. Horregatik, bada, ez Espainiak eta ez Frantziak —horretan elkar harturik— ez dute izan inolako interesik ETA geratzen zitzaion armategi apurraz gabetzeko, eta horrek zuritzen ditu duela hilabete gutxi egindako atxiloketak. Herrialde bietako informazio zerbitzuek badakite, ezin hobeto jakin ere, non dauden zulo ia guztiak eta non bizi diren ETAkoak. Beraz, kontua zen «itxarotea eta ikustea» nola «erortzen zen sagua lakioan», eta ikustea zein arduragabe ausartzen zen zulo horietakoren batera agertzera, armak hantxe uztera, eta, gero, hura tokian bertan atxilotzea; hartara, sendotu egingo zuten, berriro, arriskuaren eta mehatxuaren diskurtsoa.

Halako errealitate tematia ikusirik, irudimena baliatu baino ez zegoen, eta bestela jokatu. Armak Nazioarteko Batzorde bati entregatzeak izugarrizko arriskua zekarren; zaintza ez baita bakarrik ETAko kide jada lokalizatuentzat, baizik eta baita batzorde horretako kideentzat ere. Bazen beste ahalbiderik ere: armak autosuntsitzen hastea. Mekanismoa oso erraza da, horretarako materiala aise aurkitu baitaiteke edozein burdindegitan, baita Nazio Batuek desarmatzeaz aritzeko dituzten erakundeen beren DDR eskuliburuetan ere; denak ere publikoak dira, eta Internetetik hartzeko moduan daude, eta armak nola suntsitu eta erabilezin bihurtu azaltzen dute. Bada beste aukera bat, arriskutsua hori ere, lehen aipatuak ditudan arrazoiengatik: arma horiez gabetzeko, beste batzuekin elkarlanean aritzea lortzea; ahal izanez gero, mugimendu bakezaleren batekin. Ohartarazi nahi dut, bada, ondorio kaltegarriak dakartzala aurrez jakinaraztea «armak uzteko» operazioa, litekeena baita berriro ere oztopatzen ahalegintza. Esango digu denborak, hurrengo asteek.

Nolanahi ere, zinez esperpentikoa da herrialde honetan gertatzen ari dena, armaz gabetzea eta armak suntsitzea zailtzen edo eragozten ari diren neurrian. Berriro diot, mundu osoko beste inon ez da aurrez halakorik gertatu, eta historian eta desarmatzeen liburuetan arrasto gogoangarria utziko dugu, gai honen inguruan izandako herrialderik itsuen eta patetikoen gisa. Giza bizia maite dudanez, sekula ez diot izan sinpatia apurrik ETAri, eta esan dezaket ez nagoela Stockholmgo sindromeak jota; baina talde armatuekin, zuzenean edo analisien bidez, tratuan aritzeko eskarmentuak erakutsi dit edozein estaturen bertute eta betebeharra dela armak uzteko bidea erraztea. Beraz, nire gogoeta hau iristen baldin bazaie estatu horretako aparatuei, argi eta garbi esango diet behingoz utz diezaiotela unibertsoaren aurrean barregarri geratzeari, eta utz diezaiotela ETAri oraindik ere geratzen zaizkion armak autosuntsitzen. Hori egin orduko, aiseago desegin ahal izango da erakundea, eta behin eta betiko amaituko da historia hau; horixe nahi baitu, hain zuzen, euskal gizarte osoak, eta ezinbestekoa baita bizitza politikoa normalizatzeko.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.