Euskal Herriko biztanleria hiriburuetan, haien inguruetan eta kostaldean pilatzen da nagusiki. Geroz eta gehiago. Gainerako lurraldeari jaramon gutxiago egiten zaio, baita etxebizitzaren aferari dagokionez ere. Baina herri txikiek ere arreta merezi dute, bizirik mantendu nahi baditugu. Herrian lan eta bizi aspaldiko leloa, egiazki gauzatu behar dena lurralde-oreka egokirako, ez da berez eta naturalki gertatuko, sustatzen ez bada. Eta bizitzeko, etxebizitza duina behar.
Etxebizitzaren arazoa ez da guztiz ezberdina herri txikietan, hiriguneekin alderatuta, baina badituzte ezaugarri berezi batzuk kokapenarekin estuki lotuak. Herriak hiriguneetatik gertuegi badaude, haien higiezin-presioaren arrisku-eremuan daude, eta urrunegi badaude, ordea, despopulatzearen mamua dute bizkarrean. Gazteen errotzea bermatuko duen hazkunde endogenoa izango da gako kasu guztietan. Merkatu-preziotik beherako etxebizitza berriak eraikiz, zein jada eraikita dagoen etxebizitza-parkea zukutuz.
Tamainarekin lotutako arazo bereziak ere badaude. EAEn, hain zuzen ere, 2.000 biztanletik beherako herriek ez dute babes publikoko etxebizitzak erreserbatzeko inolako behar legalik. Araban, esaterako, udalerrien %80 geratzen da behar horretatik kanpo. Borondatearen menpe geratzen da herri txikietako etxebizitza-politika.
Herri txikietako udalek proportzioan baliabide gutxiago dituzte. Horregatik, baliabide publikoak biderkarazteko modu bat erakundeen arteko elkarlana da. EAEn, esaterako, Udalen eta Aldundien artean, Udalen eta Jaurlaritzaren artean, baita hiru erakundeen artean ere.
Hiru kasu horietako adibide berri bana: Bernedoko Udalak bere jabegoko maisuaren eraikina eraberrituko du, Aldundiak obraren %85 ordainduta, alokairuko bost etxe egiteko; Oiongo Udalak lursail urbanizatu bat doan laga dio Jaurlaritzari, hark alokairu babestuko 23 etxe egiteko; eta Aguraingo Udalak herriko Kale Nagusian aurri-egoeran zeuden hiru eraikin desjabetu ditu Aldundiaren diru-laguntza bat tarteko, ondoren Jaurlaritzari doan lagatzeko, hark alokairu sozialeko hamar etxe egin ditzan.
Herri txikietako udalek proportzioan baliabide gutxiago dituzte. Horregatik, baliabide publikoak biderkarazteko modu bat erakundeen arteko elkarlana da
Despopulatze-arriskuan dauden herri txikietarako beste eredu erakargarri bat, herriz herri errepika litekeena: Lagrango Udalak berriki lizitatu du jatetxe-tabernaren eta interpretazio-zentroaren kontzesioa, etxebizitza batekin batera har daitezkeenak bertan erroldatuz, hilean 170 euro baino gutxiagoko alokairu merkearekin. Herri txiki batera familia bat erakar dezakeen egitasmo interesgarria, lana eta bizitza uztartuz.
Beste batzuetan ekimen partikularreko sustapenak dira eredu, erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatibak kasu: badira hamar familia Arraia-Maeztuko Elortzako eskola zaharrean edota 6 familia Gordexolako XVII. mendeko jauretxe batean. Sektore publikoa etxebizitzaren desmerkantilizazioa sustatzen duen eredu horren lagun ere izan liteke, adibidez lursailak merke lagaz.
Horiek eta beste politika eta esperientzia batzuk ezagutzeko antolatu dugu udako ikastaro bat EHUren eta Aztiker ikergunearen artean, irailaren 2an, Donostiako Miramar jauregian eragile eta aditu bereziak bilduko dituena: Etxebizitza eta herri txikiak: erronkak, politikak eta esperientzia berritzaileak. Herri txikietako etxebizitzaren arazoa ere konpondu beharko dugu, bigarren mailako herritarrik gabeko Euskal Herri kohesionatu bat lortuko badugu.