Etxebizitza-prestazioen 34.000 hartzaileak, itxarotera

2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Harrigarria bada ere, Eusko Jaurlaritzak ez ditu etxebizitza-prestazioak inoiz eguneratu 2010ean sortu zituenetik. Duela jada 11 urte zehaztu baitzituen kopuruak, dekretu bidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileei merkatu librean alokairuaren zati bat ordaintzen laguntzeko: hilean 250 euro, kopuru orokorra, eta 320 euro, kopuru berezia (inoiz ordaindu ez dena, orduz geroko aurrekontu-lege guztiek mugatu dutelako). Hori da Etxebizitza Prestazio Osagarria, Lanbidek kudeatzen duena, eta gaur egun 32.800 herritarrek jasotzen dutena.

Bost urte ondoren onetsi zen EAEko 2015eko Etxebizitza Legea, eta, harekin batera, beste prestazio bat, aurrekoa ordezkatu behar duena oraindik, eta analogiaz kopuru berdina eduki duena: hilean 250 euro, alokairu libreko etxebizitza bat ordaintzen laguntzeko. Hori da Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa, Etxebizitza Sailak kudeatzen duena, eta gaur egun 1.200 herritarrek jasotzen dutena, etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortua izan arren Jaurlaritzak ez duelako alokairu sozialeko etxe bat guztiei eskaintzeko.

Kontua da prestazioak 11 urtetan eguneratu ez diren arren EAEn etxebizitza-alokairuen batezbesteko prezioa %17 igo dela 2010etik (1.040 eurotan dago jada), Jaurlaritzak berak emandako datuen arabera, OFIN edo Higiezin Eskaintzaren Inkestaren bidez. Ondorioz, hilean 250 euroko prestazioa gero eta murritzagoa egin zaie bi prestazioen 34.000 hartzaileei. Gutxienez %17 murritzagoa.

Horrez gain, oso kontuan izan behar da EAEn alokairuan bizi diren herritarrek haien errentarekiko egin behar duten esfortzu ekonomikoa itzela dela. Espainiako Estatuko handiena, hain zuzen, CCOO sindikatuak otsailean argitaratutako La vivienda de alquiler en España txostenaren arabera: diru-sarreren %30 baino gehiago alokairua ordaintzera bideratu behar duten herritarrak, alokairuan dauden guztien %65 dira EAEn. Ikaratzekoa.

Arazoaren aurrean, EH Bilduk etxebizitza-prestazioak %20 igotzea proposatu berri du Eusko Legebiltzarrean. Prestazio orokorra, hilean 250 eurotik 300 eurora, eta berezia, 320 eurotik 385 eurora. Horretarako urtean 16 milioi euro beharko lirateke, gutxi gorabehera. Jakinda iaz ez zirela guztiz gastatu bi prestazioetarako aurrekontuan sartutako 84,5 milioi euroak, sei milioi euro gastatu gabe geratu baitziren. Hortaz, zilegia eta beharrezkoa izateaz gain, prestazioen eguneratzea egingarria ere bada, lehentasunak argi edukiz gero.

Eta kontuan izanda, halaber, etxebizitza-prestazioen soluzioa behin-behineko salbuespena besterik ez dela izan behar. Ez dela arau bihurtu behar, gertatzen ari den moduan. Benetako helburua izan behar dela etxebizitza-eskubide subjektiboa aitortu zaien herritar guztientzat (dagoeneko 6.000 baino gehiago) alokairu sozialeko nahikoa etxebizitza egotea. Horretarako, EAJk kontra bozkatu zuen 2015eko Etxebizitza Legeak tresna interesgarriak jarri zizkigun mahai gainean. Besteak beste, etxe hutsen aurka borrokatzeko araubide interesgarria, hainbat pauso zehaztu zituena: etxe hutsen deklarazioa, kanona kobratzea, derrigorrezko alokairua, eta are, desjabetzea ere. Ez baita ahaztu behar EAEn 34.000 etxe huts kudeagarri daudela une honetan, Jaurlaritzaren arabera. Bai, bitxia bada ere, ematen ari garen etxebizitza-prestazio kopuru bera: 34.000 prestazio ematen ari gara eta 34.000 etxe huts ditugu. Ez da behar krokis bat egitea, ezta?

EAJk eta PSEk, baina, ez dute ezertxo ere egin etxe hutsen arazoari ekiteko (Etxebizitza Legea 2015ean onetsi zenetik ez dute ezta etxebizitza bakar bat ere huts gisa ofizialki deklaratu EAE osoan), eta, gainera, prestazioak eguneratzearen aurka bozkatu berri dute Legebiltzarrean. Nahiko bitxia, iragan urtarrileko aurrekontuen negoziazioetan bertan etxebizitza-prestazioak %10 eguneratzeko prest baitzeuden, hilean 250 eurotik 275 eurora. Baina 2021eko urtarrilean posiblea zena, martxoan ezinezkoa izan da. Gobernukideen alderdikeriaren ajea: EH Bilduren ekimen eraikigarri bati bide ez emateagatik, etxebizitza-prestazioen 34.000 hartzaileak are gehiago itxarotera kondenatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.