Sanferminen ezaugarririk behinena parte hartzea da, jendearen protagonismoa alegia. Programa ofizialen, errituen eta ohitura errotu eta ez hain errotuen gainetik, jendeak egiten du festa, bere bizipenekin, momentikoz momentiko, hasierako txupinazotik bukaerako Gaixoa ni ekitaldira arte. Eta horrela, jendeari iritzia emateaz gain erabakitzeko aukera ere ematen zaionean, behin eta berriz azaleratzen da Iruñeko bizilagunen esentziarik onena. Iruñe alai eta matxinoa, Martin Villak eta haren jarraitzaileek zentzarazi nahi izan zutena 1978ko uztailaren 8 tragiko hartan, eta, berrogeita zazpi urte geroago, elkartasuna eta elkarbizitza hitzekin markatu nahi izan dituena festan bereziki garrantzitsuak diren bi gertaera.
Hala da, bai, horretaz ari gara, Iruñean egin diren bi herri kontsulten emaitzaz: batetik, sanferminetako kartela aukeratzekoa, eta, bestetik, txupinazoa nork bota erabakitzekoa. Ezer baino lehen, argitu behar dugu, noski, kontsulta horien emaitzak ez dituela inola ere gutxiesten irabazi ez duten hautagaien merituak. Hemen nabarmendu nahi duguna da Iruñeko herritarren sentsibilitate komunitario eta solidario sakona, bi kasuetan, errealitate desberdinetan oinarrituta bada ere, hautatu dituztelako festaren erdigunean elkarbizitza jartzen duten bi kausa. Hil ala biziko egoera bat, agerikoa: palestinarrak jasaten ari diren sarraskia buka dadila eskatu beharra dakarren kausa. Eta beste kausa bat, garrantzitsua hori ere: festaren alde bat ikusaraztea, askotan estalirik dagoena baina hiriaren identitatearen adierazgarri dena. Iruindarren etxea izeneko kartela azaltzean, egileak alderatzen ditu zaintzak, egunerokotasuna eta elkarbizitza —arropa hedatzean irudikatuak— abegikortasunarekin, berotasunarekin eta komunitate senarekin. «Gure festetan, den-denak, bertakoak nahiz kanpokoak izan, babestuak, ongi hartuak, etxean sentitzen baitira».
Sarrera horrekin, testuinguruan jarri nahi dugu motibazio politikoengatik preso segitzen dutenak une historiko honetan Iruñeko bizitza sozialera itzultzeak duen esanahia. Ez diogu utziko esateari, behin eta berriz, pertsona horiek etxean beharko luketela indarreko espetxe legeria ponderazioz eta zuzentasunez aplikatuz gero. Urte luzeak eman dituzte kartzelan eta aspalditik betetzen dituzte legearen arabera zigorrak erregimen irekian (100.2 artikulua, hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna…) bete ahal izateko baldintzak. Preso jarraitzeko azalpen bakarra da salbuespen politikari eusteko obsesioa, aldeei jadanik sufrimendu nahikoa eta gehiago eragin dien arazo politiko bat kroniko bihurtzeko eta betikotzeko gogo bizia.
Oraindik preso zein erbestean dauden pertsona horiek etxera itzultzea aurrerapauso erraldoia litzateke gure gizartearen normalizazio politikoan. Ez dago sobran gogora ekartzea zezen plazan Amnistia zioen pankarta agertu zen unea aukeratu zuela Poliziak Iruñea zigortzeko operazioa martxan jartzeko, ehunka zauritu eta German Rodriguezen heriotza ekarri zituena. Berrogeita zazpi urte geroago, hainbat herritarrek motibazio politikoengatik preso jarraitzea gure hiriko bizitza sozialaren normaltasuna eta elkarbizitza baldintzatzen dituen faktore bat da, eta familia askorentzat bidegabeko sufrimendua eragiten du, gainera.
Horregatik guztiagatik, dei egiten diegu Iruñeko herritarrei sanferminetan ere mobilizatzera, preso, erbesteratu eta deportatuak itzul daitezen Etxera!