Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu taldeak (EAJ-PSE) kenkari fiskal bat sartu du aseguru mediku pribatuak kontratatzeagatik, 2026ko zerga neurrien foru arauaren aurreproiektuan. Arabako eta Gipuzkoako aldundiek bat egiteko aukera airean dago. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kenkari horri esker, aseguru horien kostuaren %20 desgrabatu ahal izango da, urtean 300 euroko gehieneko mugarekin. Neurri horrek osasun zerbitzu pribatuak kontratatzea sustatzen du baliabide publikoekin, osasun sistema publikoa indartu eta hobetu beharrean.
Bereziki justifikaezina da Osakidetza hondamen sakonean dagoenean eta inbertsio handiagoa behar duenean itxaron-zerrendak murrizteko, langileak gehitzeko, gainezka dagoen lehen mailako arreta indartzeko eta oso zahartuta dagoen biztanleriaren gero eta premia handiagoei aurre egiteko. Neurri hori bateraezina da hainbeste defendatzen omen duten osasun publikoa, unibertsala, ekitatiboa eta kalitatezkoa indartzeko helburuarekin.
Osasun publikoa eta zaintza sistema indartzeko dauden baliabideak murrizteaz gain, neurri horrek progresibitate, ekitate eta zerga justiziaren printzipioak urratzen ditu, desberdintasunak areagotzen ditu eta bi abiadurako osasun eredu bat bultzatzen du: bata aseguru pribatu bat ordain dezaketenentzat eta bestea, gero eta ahulagoa, gainerako biztanleentzat.
Proposamen horrekin, Bizkaiko Aldundiak bat egiten du Eusko Jaurlaritzaren estrategia pribatizatzailearekin, zeinak, 2026ko aurrekontuetan, 500 milioi bideratzen baititu itunetara eta osasun pribatura. Zifra hori, gure ustez, nabarmen handituko da osasun pribatura bideratzen dutenean milaka proba diagnostiko eta ebakuntza kirurgiko, profesional medikoen grebaren aitzakiaz.
[Eusko Jaurlaritzak] 2026ko aurrekontuetan, 500 milioi bideratzen ditu itunetara eta osasun pribatura. Zifra hori nabarmen handituko da osasun pribatura bideratzen dutenean milaka proba diagnostiko eta ebakuntza kirurgiko, medikuen grebaren aitzakiaz
Gogoratu behar da, gainera, aseguru erakunde pribatu horien helburu nagusia ez dela interes publikoa, onura ekonomikoak lortzera bideratutako enpresa jarduera bat garatzea baizik. Errentagarritasun ekonomikoa osasuna babesteko eskubidearen bermearen aurretik jartzen dute.
Horregatik, ekonomikoki errentagarrienak diren prestazioetan kontzentratzen dute beren jarduera, eta osasun publikoak, berriz, prozesurik konplexu eta garestienak hartzen ditu bere gain, hala nola transplanteak, jaioberrien erredura handiak, zainketa kritikoak, etab. Horrela, irabaziak pribatizatu egiten dira, kostu handienak sozializatzen diren bitartean. Ez da harritzekoa, osasun pribatuan hasitako tratamendu bat zailtzen denean, azkenean Osakidetzan artatzea.
Proposamen hau EAJk eta PSEk bultzatutako zerga politika atzerakoi baten parte da, kenkari eta hobarien bidez baliabide gehien dituztenei eta elite ekonomiko eta enpresariei mesede egiten diena eta zerbitzu publikoen finantzaketa ahultzen duena.
Beste eredu bat defendatzen dugu: fiskalitate progresiboa, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bermatuko duena eta zerbitzu publikoak indartuko dituena. Osasun sistema %100 publiko indartsu, unibertsal, irisgarri eta kalitatezkoa nahi dugu, osasun publikoa baita pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatzeko gai den bakarra, haien jatorria edo gaitasun ekonomikoa edozein dela ere. Zerga-politikak zerbitzu publikoen finantzaketa nahikoa bermatzen lagundu behar du, eta ez zerbitzu pribatuekin pixkanaka ordezten lagunduko duten neurriak bultzatzen.
Joan den ekainaren 26an elkarretaratzea egin genuen Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, proposamen hori salatzeko, eta alegazioak aurkeztu genituen hura kentzea eta baliabide horiek osasun sistema publikora bideratzea eskatzeko. Uda ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetu, eztabaidatu eta onartzeko prozesuan zehar, kalera itzuliko gara eta hainbat kolektibo sozial, sindikal eta abarrekin harremanetan jarriko gara, erantzun zabal eta irmoa emateko eta osasun sistema publikoaren aurkako eraso frontal hau aurrera ateratzea eragozteko.