Patxi Zabaleta
Abokatua

Europak euskara behar du

2025eko abuztuaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europar Batasuneko 27en Kontseiluak bigarren aldiz atzeratu egin du katalana, euskara eta galiziera Europako erakundeetako hizkuntza ofizialtzat aitortzeko erabakiaren bozketa. Bigarren ekitaldi horren aurretik idatzitako artikuluan, euskara hizkuntzarik europarrentzat hartu daitekeela idatzi nuen. Izan ere, euskara Europaren nortasun agirietako bat da, nahiz eta baieztapen hori batzuei gehiegikeria iruditu ahal zaien.

Aipatutakoaren haritik tiraka, orain dela 28 urteko bitxikeria esanguratsu bat gogoratzea merezi duelakoan nago. 1993ko uztailaren 30ean Euskaltzaindiak Pabeko hirian egin zuen bilkura irekia; hain zuzen ere, Nafarroako Parlamentua deitzen den eraikinean. Bilera hartan mahaiburu egon ziren Jean Haritschelhar, François Bayrou, Jose Antonio Ardantza eta Javier Markotegi, azken honek Juan Cruz Alli, orduan Nafarroako Gobernuko Presidentearen ezin joana ordezkatzen zuelarik.

Garai hartan François Bayrou Pirinio Atlantikoko departamentuko Kontseilu Orokorreko burua zen, eta gainera, Frantziako Errepublikako hezkuntza eta kulturako ministro izendatu berria zegoen, Edouard Balladur lehen ministroak gidatzen zuen gobernuan. Mahai buruko lauak eta Txomin Peillen mintzatu ziren. Gogoan dut François Bayrouk bere hitzaldiari hurrengo esaldi honekin eman ziola hasiera: «La France a besoin de l ́euskara». Mezu hori jasota dago Euskal Akademiaren egun hartako Euskarazko agirian, Jakobinismoaren gaitzespen zehatzarekin eta «Europak kultur aniztasuna behar duela» baieztapenarekin batera. Txomin gaskoiaz eta euskaraz luze mintzatu zen; luzeegi. Ministroak erlojuari nabarmenki begiratzen zion, baina Txominek segi eta segi...

Bayrouren esaldi haiek itxaropenak sorrarazi zituzten, baina lorpenak ez ziren iritsi. Euskaltzaindiak eta Kontseilu Orokorrak dominak elkarri oparitu zizkioten eta ez zen besterik gauzatu. François Bayrouk ondoreko bost urteak eman zituen Errepublikako hezkuntzako ministro bezala, baina ez zen epe hartan inolako legeztapen edo aurrerapenik lortu.

Euskaldungoaren aldetik ere aitortu beharko genituzke huts egite batzuk. Euskaltzaindiak berak eta euskararen etorkizunaz arduratzen diren beste erakunde eta antolakundeek ez dute batzuetan beren aldarrikapenak behar bezala azaltzen eta argudiatzen asmatu. Esate baterako, Euskaltzaindiak Baionan, hau da, Iparraldean «egoitza» bat beharko luke eta ez «ordezkaritza» bat. Soilik horrela agerian jarriko bailitzateke bertako berezkotasuna aintzat hartzen dela. Ez da itxura kontua bakarrik, baizik nortasunari dagokion begirune edo errespetu sakona azaltzeko modua. Kataluniarrek ongi ulertuta dute aspalditik irudien mailako lehiaren garrantzia, eta L ́Institut de les Lletres Catalanes erakundeak ez du egoitza soilik Bartzelonan baizik baita ere Herrialde Katalanetako hiriburuetan. Tamalez, Bilbon ez ezik Baionan eta Iruñean ere egoitzak jartzeko berriki egindako proposamenak ez zuen jaso Errepublikako lurraldean eta ezta ere Nafarroako Erresuma zaharrean bizi diren euskaltzain gehienen onespena.

Gakoa zera da, irabazi al daiteke Europar Batasuneko Kontseiluan euskara ofizialtzat hartzeko erabakia, baldin eta Frantziak berari dagokion gorabehera honetan ez baldin badu esku hartzen? Zaila dirudi. Logikak eskatzen du 27 estatu horietatik zuzenki eragindakoak gertatzen diren hiru estatuak ados egon beharko luketela. Gaur-gaurkoz Espainia, Frantzia eta neurri batean Portugal dira. Espainia eta Frantziako lurraldeetan euskararen eta katalanaren koofizialtasun ezberdinek bertako zerikusia dute. Portugalen kasuan galiziera eta portugaleraren antzekotasunari buruzko betidaniko gorabehera dago tartean.

François Bayrou Frantziako Hezkuntza ministroa izan zen bost urteetako lehenengoetan Errepublikako Presidentea François Mitterrand zen, bizikidetza edo kohabitazio sistema erabiliz; Hurrengo urteetan, Jacques Chirac izan zen Presidentea. Baina ez aro batean eta ez bestean euskarak ez zuen inolako aurrerapenik lortu legeztapenari dagokionez. Gaur egun François Bayrou Errepublikako lehen ministroa da; eta agian, iradokizun berri bat botatzeko garaia iritsi da. Zergatik ez bultzatu Espainia eta Frantziak euskararen etorkizuna bermatu ahalko lukeen hitzarmen bat egin beharko luketelako premia? Badakit iradokizun honen kontrako lehen kritikak abertzale eta independentisten aldetik etorriko direla. Txillardegi adiskideak esaten zuenez, independentziarik gabe ez dago euskararen bizi iraupena zeharo bermatzerik; baina bere bizitzaren adibideak beste ezerk baino hobeki frogatzen du independentziarik gabe ere euskararen bizi iraupenaren alde lan egin daitekeela eta egin beharra daukagula.

Gaur egun, euskarak inoiz baino eraso maltzurragoak nozitzen dituen aro honetan, gure heldulekurik eraginkorrena ideologikoa da. Egiazki gaur egungo eraso legalak, judizialak eta sozialak gero eta kaltegarriagoak dira, nahiz mozorrotuak egon eta hizkuntzen ezberdintasuna bultzatzen duten, ustezko edo hitzezko koofizialitateari gezurrez eusten dioten bitartean. Euskararen aldeko arrazoiak eta argudioak ere nahi eta nahi ez gero eta zuhurragoak behar dute, ez baitute jada lehengo arrazoi berdinek balio. Euskararen kontrako ziztada pozoitsuenak ez dira tamalez eskuin muturretik etortzen, baizik beren burua aurrerakoitzat dutenen aldetik; esate baterako, errazagoa baita Jakobinismoaren eta zentralismoaren kontra lehiatzea, epaitegietan, sindikatuetan, unibertsitatetan eta gezurtegi ustez progresistetan lan eskubideen aldeko gezurrezko argudioak jartzen dituztenen kontra baino.

Hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla errepikatu eta lelo bihurtu behar dugu. Hamaiketan hamaika aldiz koofizialitatea hizkuntzen arteko berdintasuna dela abar hots egin beharko dugu. Legala bermatzen ez duen koofizialitatea zapaltzaile edo injustutzat salatu behar da.

Europar Batasuneko erakundeetan euskararen koofizialtasuna aitortzeak ez ditu edo ez lituzke gaur egun euskarak nozitzen dituen arazo guztiak konponduko, baina hizkuntzen berdintasuna eskatzea eta euskaldunen askatasuna ezartzea gauza bera direla gogoratzeak sakonki aldatu lezake egoera. Euskara ikerkuntzan beharrezkoa ez ezik lehen mailan jarri beharrekoa dela eta gurekin batera bizitzera etortzen diren eta etorri beharko duten immigranteek bertako egitearren euskara dutela heldulekurik onena azaltzea dugu aurreko erronka.

Ez dakigu François Bayrouk denbora luzea emango ote duen orain daukan Frantziako Errepublikako lehen ministro karguan. Baina Hezkuntzako ministroa izan zen bost urte haietan euskarari buruz egin zuena baino gehiago egiten saiatu beharko luke eta ez luke zaila izango. Babestuko ote luke euskarari buruzko bi estatuen arteko hitzarmen bat, beste toki batzuetan egin izan diren bezala? Jakobinoek bezala jokatzekotan, nahiz haien kontra mintzatu, ez litzaioke balantze ona izango Nafarroako Parlamentua delako eraikuntza dagoen Biarnora itzultzen denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.