Europartu, baina nerabe batzuez ahaztu gabe

2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
LOGSErekin, 1990. urtean derrigorrezko eskolaldia 16 urtera luzatu zutenean, pixka bat gehiago europartu baginen ere, nerabe askoren etorkizunaz ahaztu egin zirela dirudi. Kuantitatiboki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) bi urtez luzatzea lorpen ikaragarria izan bazen ere, kualitatiboki, adin tarte horretako arazo eta egoera pertsonal latz askori, oraindik ere, ezin izan dio erantzun sistemak. Bereziki, 14-16 urte tarteko ikasle batzuentzat frustrazioz eta arriskuz betetako garai kaltegarri bat izaten jarraitzen du.

Irakasle gehienok eskola inklusiboan sinesten dugu, eta horren alde lan handia egiten dugu. Elkarren errespetuan oinarritu nahi duen gizarte anitz batek, aniztasun horri erantzungo dion eskola behar du. Baina gaur egungo DBHko antolaketak ezin dio, inolaz ere, ikasle multzo baten beharrei erantzun; gaitasunen garapena bilatzen duen DBHko heziketa akademiko-intelektualak ezin die ia ezertan lagundu.

Hamalau urte izan baino lehen ikasleen arteko bereizketarik egitea ez dirudi egokiena denik. Baina behin adin horretara iritsita, ikasle horiek ere duintasunez aurrera egin dezaten, orain arteko egitura serioski birplanteatu beharra dago; baliabide gehiago eta beste antolaketa mota bat ezinbestekoa da.

Adin tarte horretako ikasle batzuk, arrazoi bategatik ala besteagatik (babesik gabe hazi direlako, auto-estimu oso baxua dutelako, hezkuntza ibilbidean ikasteko arazoak izan dituztelako, lanerako ohitura eta lan intelektualerako gogo guztia galdu dutelako...) aurrera egiteko izugarrizko zailtasunak dituzte. Ikasle horiek arrisku egoera handian bizi dira eta, gure gizarteko kide diren neurrian, etorkizun hurbilean gizartean integratzeko arazo handiak izaten dituzte; horietako asko gizarte arazo bihurtzen dira.

DBHko egituran, 16 urte arte eskolan derrigorrez egon behar izatea, ikasle horien garapenerako eta beraien konfiantzarako guztiz desegokia izateaz gain, inguruko beste askorentzat ere oso kaltegarria izaten ari da:

Batetik, urte bat edo bi gazteagoak diren ikaskideei ikaragarrizko kalteak eragiten dizkie. Askotan, irakasleen kontrolpetik kanpo dauden egoera bortitzak jasan behar izaten dituzte. Harreman desorekatu, mendeko eta elkarlan giro zailei aurre egin behar izaten diete.

Bestetik, ikasle horien jokaerak kudeatzeko ezintasuna eta egonezina eragiten die irakasle askori. Eskola Publikoko irakasle askok ikasle nerabeen gaitasunak garatzen lagundu beharrean, psikologoei edo poliziei dagozkien funtzioak bete behar izaten dituzte. Ikasle hauek, gutxi batzuk izan arren, eskola bateko lan-giroa hankaz gora jar dezakete.

Gure gizarteko gazte multzo honek beste era bateko laguntzak behar ditu. Adineko pertsonekin batera, DBHko ikasketak jarraitzeko arazo asko dituzten nerabe hauek gizaki ahulenen multzoa osatzen dute. Eta gizarte bateko agintarien lehentasunetako bat, ahulenak diren eta babesik gabe bizi diren pertsona horiei laguntzea izan beharko litzateke.

Baina nola lagundu ikasle nerabe hauek? Etorkizun hurbilean, gizarteko kidetzat integra daitezen, beraiei egokitutako beste hezkuntza-ibilbide ezberdin bat planteatu beharko genuke. Hezkuntza arautuan eta, bereziki, Lanbide Heziketako oinarrizko egitura sendo batean inbertitu beharko litzateke. Horrela, DBHko hezkuntza akademiko-intelektualetik urrunduz, ikasle horiek kale-hezitzaile, gizarte-laguntzaile, psikologo eta oinarrizko lanbide eta eskulanetan trebatzen lagunduko dieten profesionalen laguntzak jaso ahal izango lituzkete.

Azken finean, pertsona gisa bere autoestimua hobetzen lagunduko dieten oinarrizko eta hurbileko heziketa, eta oinarrizko lanbide heziketa jasoko lukete. Behar besteko lana eta inbertsioa eginda, babesa, konfiantza eta arrakasta lortzen lagunduko genieke. Horrela, horietako asko gure gizarte bizitzarako prestatu ahal izango lirateke eta egoera arriskutsu eta marjinaletatik urruntzen lagunduko genieke. Hauengan inbertituz gero, horietako asko salbatu ahal izango genituzke eta, gainera, euskal gizarteak benetan eskertuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.