Euskal Herria, Euskadi, Euzkadi, País Vasco, Pays Basque, Euskaria, Vasconia, Nafarroa-Navarra izenen edo adieren inguruko eztabaida interesgarriaren aurrean, testu honen bidez euskal ekosistema kontzeptua plazaratu nahi da. Ekosistema espazio bat da non bizidunen arteko erlazioa gertatzen den, bai eta bere ingurumen fisikoarekin ere. Hariztia da adibide polita eta hurbila guretzat. Ekosistemaren ideia naturatik industria mundura ere zabaldu da. Horrela, bada, ekosistema industrialak (ekoindustriak) aipatzen dira, pertsonen arteko harremanak eta enpresarenak ingurumenarekin izateaz gain, arlo ekonomikoa, lan-kultura, jakintza eta abar barneratzen direlarik sistema osoan.
Orduan, euskal ekosistema zer da? Euskal herritar guztien arteko harremana gure artean eta munduko biztanle guztiekin, gure eta inguruko eko anitzei zabalik (eko-ren adierak etxea-herria, ingurumena eta ekonomia dira). Euskal gizartearen eta lurraldearen gaitasuna sendotzea da helburu nagusia. Ikuspegi honetatik, naturan gertatzen den bezalaxe, ez diegu bereziki so egingo muga administratiboei, fisikoak edo plano gainekoak izan arren. Horretarako, eta naturan jazotzen den legez, arrano, balea edo igelak bagina bezala, egokiena den euskal komunitatean eta espazioan biziko gara (birtuala bada ere). Hala ere, eta ingurumenarekiko dugun menpekotasun osoa ahaztu gabe, gure beharrizanak asetzeko inguruko edo urrutiko espazioetara edo herrietara hurbilduko gara, era berean ateak zabalik izanik harreman justu eta solidarioan.
«Bai, baina muga administratiboak hor daude nonahi», dio batek. Arlo honetan, pentsa dezagun enpresa edo gobernuz kanpoko erakundea garena eta sustatu dezagun euskal ekosistema egon dauden bitarteko guztiekin eta adimena erabiliz.
«Bai, baina euskal izaera edo euskara bera ez dira ofizialak lurralde guztietan», dio besteak. Euskal izatea eta euskara bera debekatuta, baztertuta eta itota ikusi genituen, eta herrialde eta eremu batzuetan oraindik egoera horretan dago. Baina horiez zen oztopo izan; alderantziz, akuilu lana egin zuen, euskararen aldeko mugimenduak abiatzeko, ikastolen sarea ezerezetik sortzeko eta euskal kultura lau haizetara zabaltzeko.
«Bai, baina euskal herritarrak gutxi gara», dio haratagokoak. Norberaren jokaeraren menpe dago interpretazio hori. Munduko biztanleekin erkatuz, gure kopurua txikia da. Hala ere, hemen kohesiorako tarte handia dugu oraindik. Bestetik, jakintza-maila altua dugu eta munduan erabat zabalduta gaude (enbaxadore amateurrak?) eta, gainera, enpatiaren eta sormenaren esparruak ez du mugarik. Diamante ikusgarriak eta desiragarriak izan gaitezen.
«Bai, baina gure lurraldea txikia da gure beharrizan ekonomiko eta fisikoetarako», dio albokoak azkenean. Gure gehiegikeriak mugatzea, baliabideak zentzuz erabiltzea eta aztarna ekologikoa txikitzea euskal ekosistemaren zeregin nagusien artean daude.
Euskal ekosistemak eraketarako eta berreraikuntzarako gaitasuna behar du, barne zein kanpoko prozesu eta erronka naturaletara, sozialetara, kulturaletara eta ekonomikoetara taxuz egokitzeko. Bestetik, aldaketei eta ezusteko egoerei aurre egiteko, euskal erresilientzia landu beharko da; funtsean, perturbazioei erantzuna eman eta oreka berriak lortzeko gauza izateko.
Euskal ekosistema lurraldetik, giza-gaikuntzatik eta ekimenetik loratu behar da, geureari eutsiz eta mundura zabalduz, elkarrekintza aberasgarrian eta iraunkorrean.
Sabin, Gorbeiako zaindari, zure aholkua sekula ez dugu ahaztuko: «Beti aurrera!».Musu bat eta gero arte.
Euskal ekosistema (Sabin Intxaurragaren omenez)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu