Eskuahaldunak eskultoreen elkarteko lehendakaria

Euskal eskultura, inoiz baino beharrezkoagoa

Guillermo Olmo
2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berehalakokeriak, azalkeriak eta neurririk gabeko kontsumoak bizi garen gaur egungo gizartearen jokaera ohiturak zehazten ditu. Historia osoan zehar, eskultura gizakiaren kide izan den jarduera izanik, gaur egun bere balioa zalantzan jarria, gizakiak aurre egin behar dien galdera handiei materiaren eta espazioaren bidez erantzutea eragotzi egiten du. 

Teknologia eta bizimodu berriak agertzean, bertatik kanpo dagoen guztia baliogabe eta dekadentetzat jotzen duen industria artistikoa garatu da, kontsumo azkarreko ekoizpen kulturalean eta espektakuluan oinarritutako adierazpide artistiko berriak bultzatuaz. 

Iragan mendearen bigarren zatian gure herriaren modernizazio aldaketetan buru izanik, mundu osoko aitorpena eta ezagupena izandako jarduera artistikoa testuinguru horretan mugitzen da, gaur egungo euskal eskultura, alegia. Gaur egun ez dago gizartean eragin erabakigarria duen jenio handirik, gure sortzaileen ekoizpen artistikoa ikusteko erakusketa gunerik ez dago, lurralde guztietan museo eta arte azpiegitura handiak eraiki diren arren. Hauek turismo kulturalerako eta nagusi den kultur industriak gustuko dituen bere ildoa jarraituaz gutxiengo den gazte talde baten noizbehinkako sustapenerako erabiltzen dira. 

Kulturgune hauen mantenurako eta urteko programaziorako zerga ordaintzaile guztion diru kopuru izugarriak erabiltzen dira, bertako euskal artisten agerpena murritza izanik, kanpoan ekoitzitako artea balioetsi eta euskal artea interes gabeko eta beheko mailakotzat jotzen da. 

Zer gertatuko zen euskal sukaldaritzarekin, azken hamarkadetan sukaldaritza txinatarra eta gainerako sukaldari handiak sustatzeko erabili izan balitz? Urtero hainbat milioi ematen dizkiogun Guggenheim museoak zein interes izango du gure artistak bultzatzeko? Zergatik izango da desberdina atzerriko frankizia honen bigarren gunea? Non ikus dezake guregana etortzen den turista kulturalak euskal eskulturaren erakusketa egonkorra eta gaur eguneko gure artisten jarduera eta erakusketen programazioa? Euskal gizarteak mundu mailako artistarik sor al lezake, erakusketa gune garrantzitsuenak ukatu eta herrietako kultur etxeetara baztertzen direnean? Galdera horiek erantzun erraza dute, baina zoritxarrez erakunde, komunikabide, unibertsitate eta ikastetxeak beste norabidetik doaz. 

Belaunaldi gazteen artean, pantaila eta mugikorren menpekotasun alarmak jotzen hasi direnean, korporazio teknologikoek bideratutako bizimodu birtualean, munduko kultura homogeneizatzen dute, planetako aniztasun kulturala arriskuan jarriaz; besteak beste, gurea. Eskultura bizitza errealarekiko harreman bide moduan agertzen da, bertako material, natura, hiru dimentsio eta sorkuntza artistikoaz. Gure iraganaz jantzi eta nahi dugun etorkizuna izatea gura badugu, gure nortasun printzak izan beharko ditu mundu globalizatu honetan. 

Duela hiru urte Euskal Herriko eskultoreak biltzen dituen Eskuahaldunak elkartea sortu genuen. Ordudanik, gure erakusketetan 100.000 bisitari izan dira eta bertan berrehun artistak baino gehiagok parte hartu izan dute, eginiko erakusketa kolektibo guztietan. Erakundeek, garatutako beste jarduerez gain, saiakera hau ez dute aintzat hartu, beraiengandik ez dugu diru-laguntzarik jaso, aipagarria den salbuespen txikiren bat izan ezik. Erakunde guztiekin bilera ugari izan arren, gure lana erraztuko duen inolako azpiegiturarik sortzea ez digute ahalbideratu. 

Saileko arduradunen aldetik, gure herriko artistekiko garatzen den politika aldaketa bidera dezakeen hausnarketa egitea espero dugu. Gainerako jendartearekin gure jardueraren loturak lantzen jarraituko dugu, gure jarduera eta antolaketa gaitasunak ahalbideratzen duen heinean, euskal eskulturaren eta bere protagonisten alde lan egiteko dagoen edozein lagun edo elkarterekin. Aldi berean, jasotako babes eta elkarlanak eskertu nahi ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.