Euskal Herria amildegi ertzean geratzeko arriskuaz

Aner Garmendia
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Grezia izango omen da datorren urtean, munduan, gutxien haziko den herrialdea (-4). Gehien handituko dena, berriz, Mongolia (+15,7). Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) 2013ko hazkuntzaren araberako 105 herrialderen zerrenda agerrarazi du eta, Greziaren aurretik, 104. postuan, Espainia (-1,7) azaltzen da. Azken-aurrekoa, beraz, mundu guztiko estatuen artean, bost urte aurretik munduko zortzigarren potentzia omen zena.

NDFren zerrendak eskaintzen duen panorama latza da. Batetik, datorren urtean hazkuntza negatiboa izango duten sei estatuak (Eslovenia, Italia, Zipre, Portugal, Espainia eta Grezia) europarrak izango dira eta, hiru izan ezik (Sudan, Iran eta Japonia), zerrenda osoko azken hogeita bost herrialdeetatik hogeita bi europarrak dira.

Zenbaitek esango du datuok engainagarriak direla. Hau da, esaterako, nahiz Alemania %0,9 besterik haziko ez den eta Mongolia, aldiz, %15,7, Alemaniaren barne produktu gordina ($ 40,41) Mongoliarena ($1,78) baino hogeitaka aldiz handiagoa denez gero, baten eta bestearen hazkuntzak ez direla inondik ere alderagarriak. Baina, hala ere, esanak esan, egiazko egoera NDFren zerrendaren inguruan suma daitekeena baino nabarmen kezkagarriagoa da.

Beharbada, Espainiaren ikuspegitik begiratuta, alderdirik larriena ez da Europaren hazkuntza urria, Europa bera dela baino espainiar esportazioen norakorik garrantzitsuena. Hau da, gaitz erdi Espainiaren egoera eskasa izan arren, bere saltzapenak gehien haziko diren merkatuetarantz gogotik bideratuko balira. Alderantziz gertatzen ari da, ostera. Sekulako paradoxa ezkorra: Europa krisian dago eta krisian dagoenari saldu nahi dizkio Espainiak bere nahi eta ezinezko ekoizpenak.

Datuok ezin adierazgarriagoak dira. 2010eko emaitzen arabera, espainiar esportazioen %76,25 Europara joan ziren eta kopuru horretatik ia %90 Europar Batasunera. Bestelako merkatuak, aldiz, dezente ahulagoak eta apalagoak. Honelatsu: Hego Amerika %5,89, Afrika %5,28, Ipar Amerika %4,58 eta Ozeania, azkenik, %0,70 besterik ez.

Aurreko hamarkada arte, arrakastarik lortu nahi zuten enpresa guztien egitekoa esportazioa lantzea eta areagotzea zen. Gaur egun ez da aski, ordea, esportatzea. Horrez gainera Europatik kanpo esportatu behar da, mundu zabalera atera behar da, eta bizkortzen edo bizkortzear dauden herrialde suspertuetara, batez ere. Ondo samar iraungo balu ere, Europa «egina» dago honezkero. Oinarrizko azpiegiturarik handienak osotuak eta premiarik nabarienak asetuak. Aurrerantzean, eskatzailerik jorienak eta naroenak hazten eta indarberritzen ari diren estatuak izango dira. Orain arte txirotzat, behartsutzat eta hutsaren hurrengotzat jo izan ditugunak.

Datu guztien arabera begi bistakoa da orain arte iraun duen oreka auzitan jarriko dela eta hurrengo belaunaldiak erabateko aldaketak ezagutuko dituela. Hogei urteren buruan, Txinaren BPGa Estatu Batuena baino handiagoa izango da; Indiarenak Japoniarena gaindituko du eta G7koen (Alemania, Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japoniaeta Erresuma Batua) barne produktu gordinaBRICena (Brazil, Russia, India eta China) baino txikerragoa izango da, 2030eko hamarkadan. Eta aipatu lau estatuon buruzagitzapean, ekonomia errealaren etorkizuna Mexiko, Korea, Turkia, Indonesia, Irak, Pakistan, Nigeria, Filipinak, Egipto, Bangladesh, Vietnam eta era horretako herrialdeen ildotik abiatuko da hurrengo berrogei urteetan.

Bitartean, mugimendu hauek etengabe gertatzen ari diren artean, Espainiako eta Euskal Herriko enpresa askok eta askok Europako merkatu hurbilari atxikiak jarraitzen dute, atxikiegiak. Nonbait, Ozeania ez ezik, Mediterraneoz haraindiko Magreb aldea ere urrunegia iruditzen zaie, nahiz auzo-auzoko 90 milioi biztanleko merkatua izan. Eta, aldi berean, inork ez du konturatu nahi datorren urtean munduan gehien haziko diren hamar estatuen artean (Txinaz gainera) bost afrikarrak izango direla. Alegia, Ghana, Nigeria, Kongo, Tanzania eta Mozanbike, guztira 350 milioi biztanle, %7-8 inguru haziko direnak.

Egia da, bai, guk, oraindik ere, euren aldean, aberatsak izaten jarraitzen dugula. Egia den bezalaxe, eurek, oraindik ere, geure aldean, txiro samarrak ematen dutela. Baina, era berean, ez da inondik ere gezurra gu gero eta txiroagoak garena eta beraiek, berriz, gero eta aberatsagoak. Europa ez dela honezkero munduaren erdigunea konturatzen garen egunean, aldatzen hasiko gara segurutik. Baina, erritmo honetan, gu jabetu orduko, beharbada berandutxo izango da.

Ikastolan irakatsi ziguten munduko mapan, Atlantikoa erdi-erdian zegoen eta, ezker-eskuinez, Ameriketak eta Europa. Eta, edonork ikusteko moduan, berriz, pare-parean, Euskal Herria. Orain irudika dezagun beste munduko mapa bat non Pazifikoa erdi-erdian dagoen eta, ezker-eskuinez, Asia eta Ameriketak. Inork sumatu al du zein amildegi-ertzetan geratzen den Euskal Herria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.