Irakaslea

Euskal Hezkuntza Legea, digitalizazio estrategiarik gabe

Unai Artabe Olea
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken garaiotan, askotariko esparrutan terminorik erabiliena aukeratu beharko balitz, digitalizazioa litzateke. Enpresa boteretsuenetatik herriko denda apalenetara; kulturatik osasunera; epailetzatik segurtasunera; zientziatik ingurumenaren defentsara; baita etxeetatik ikasgeletara ere. Ezinezkoa da etorkizuna planteatzea, digitalizazioaren ideiara jo gabe. Kontzientzia orokorra da: digitalizazioa ongizatea, aurrerapena eta modernitatea da. Are gehiago: gizartea noiz, nola eta zenbat digitalizatu den, horrek biziraupena bera ere baldintzatuko du.

Dena errausten duen mainstream pentsabide honek hausnarketara eraman beharko gintuzketen albo-ondorioak estaltzen ditu. Digitalizazioak aukerak irekitzen dituen arren, argi dago pareko mehatxuak dakartzala. Hezkuntzan, esaterako, duela hamarkada bat —hezkuntzaren digitalizazioa dogma eztabaidaezina bihurtu zen aroa— adituek digitalizazioaren arriskuak aurreikusi zituzten. Koronabirusak eragindako berrogeialdiak, aldiz, zemaiak guztiz mozorrotu zituen. IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologien gorazarre garaia hasia zen; izan ere, teknologia berriei esker ikasleek klaseak etxetik jarraitzeko aukera izan zuten. Baina pantaila bidezko jarraipenak bermatu al zituen ikasleek lortu beharreko oinarrizko jakintzak? Sasoian, Hezkuntza Sailetik ikastetxeetara bidalitako jarraibideen arabera, ikasturte berriko lehen ebaluzioaren hasieran —aurrez aurreko klaseetan— pandemia garaiko edukiak berriz errepikatu beharko ziren. Beraz, eraginkorra izan zen pantaila bidezko ikas-irakaskuntza?

Ordutik, IKTak nahitaezkoak bihurtu dira hezkuntzan. Administrazio eta gobernu guztiak —hasi Europakoetatik eta tokikoetaraino— funts publikoen kopuru izugarria bideratzen ari dira hezkuntzaren digitalizaziorako. 2022-2024 urte aldirako Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planaren arabera 202,6 milioi euroko inbertsioa bideratuko da «ikasleen zein irakasleen gaitasun digitalak» sustatzeko. Besteak beste, CompDigEdu irakasleen konpetentzia digitalaren prestakuntza, Europako Batasunaren Next Generation funtsek finantzatuta. Eraldaketa planak ikastetxeak teknologia digitalez hornituko ditu «kalitatezko prestakuntza-prozesua eta bikaintasuneko ikerketa errazteko». Plan honen arabera, ikasgela eta espazio digitalizatuak diseinatuko dira Lehen Hezkuntzako 1. mailatik hasita; hots, 6 urtetik aurrera geletan pantaila bidezko ikaskuntza eskainiko da.

Suediako Gobernuak pantailak hezkuntzan erabiltzearen inguruan harturiko erabakiak lerroburu ugari hartu ditu azken hilabeteetan. Hori dela eta, eztabaida guraso elkarteetara ere iritsi da. Suediako azken PIRLS probetan ikasleen ulermen mailaren beherakada agerian geratu ondoren, gobernuak 2022ko maiatzean hezkuntzarako aurkeztutako estrategia digitala ezbaian jarri du. Suediako Hezkuntza ministroak, Lotta Edholmek, adituei eskatu die Eskoletako Hezkuntza Nazionalaren Digitalizazio Plana azter dezaten. Edholm kritikoa da pantailen erabilerari dagokionez; onartu duenez, «digitalizazioa oso ona izan daiteke ikasleentzat, baina zentzuz erabili behar da». Bestalde, Suediako Gobernuaren asmoa geletan liburu gehiago egotea denez, aurten 60 milioi euro inbertituko ditu material didaktikoa erosteko, eta beste 44 milioi ikasleen hizkuntzaren garapena, irakurketa eta idazketa indartzeko.

Digitalizazioak ikaskuntza-prozesuan duen eraginari buruz egindako txostenek, onurez gain, ohar argiak ere badituzte: pazientzia eta irmotasun gutxiago, kontzentraziorik eza, ikuspegi kritikorik eza, irakurmena okerragotzea, testu konplexuak edo arrazoituak egiteko zailtasuna, urritasun lexikoa, erantzunen sinplifikazioa —test motako galdetegien unibertsalizazioaren emaitza—, azalkeriara jotzen duen pentsamenduan ñabardurarik ez izatea, papera —liburua edo koadernoak—, boligrafoa, arkatza, arbela edo klariona erauztea...

Euskal Hezkuntza Lege proiektu berriak ez du digitalizazio estrategiarik jasotzen. Proiektuak digitalizazioari dagokionez adierazten duen gauza bakarra zera da: ikasleak zenbat eta lehenago digitalizatu hobe dela, «konpetenteago egiten dituelako». Halako baieztapenen aurrean kritiko azaldu da Catherine L'Ecuyer, Hezkuntza eta Psikologiako doktorea. L'Ecuyerren ustez, «gaur egun ez dago gailuen erabilerak ikasle konpetenteagoa izango dela bermatzen duen inolako ebidentziarik».

Ikasgeletako nabarmenkeria teknologikoak ondorio fisiko eta psikologiko kaltegarriak ditu: sedentarismoa, obesitatea, logabezia, ikusmen arazoak, edo izaera suminkor eta mukerra sustatzea. Beste batzuk are kezkagarriagoak dira: ziberjazarpenera irits daitekeen agresibitatea, esaterako, ikasgeletan gertatzen den fenomenoa, eta, kasurik muturrekoenetan, ahulenen edo desberdinen aurkako indarkeria eragiten duena. Eta oldarkortasun horren atzean, gazteen artean beren buruaz beste egiteko ahaleginak daude. Zentroetako arduradunek giza baliabide eta baliabide ekonomiko gehiago eskatzen dituzte, gero eta handiagoa den olatuari aurre egiteko.

Digitalizatzea ez da ikasgela chroomebook-ez, arbel digitalez eta ordenagailuz betetzea. Digitalizatzea ez da IKTak hezkuntzaren oinarri bilakatzea. Digitalizatzea ez da irakasle jarduna aplikazioekin itotzea. Digitalizatzea ez da hezkuntza Google-ren esku uztea. Hortaz, alderdi politikoek jar dezatela arreta onartzear dagoen EAEko Hezkuntza Lege proiektuan.

Digitalizazioa hezkuntzaren funtzio sozialarekin lerrokatuta egon dadin, lege berriak digitalizazio prozesuaren norabidea zehaztuko duten hastapenak, balioak eta mugak ezarri behar ditu. Edozein digitalizazio eredu onargarria ez delako, hezkuntza sistema ezin delako digitalizatu multinazionalen eskutik, Hezkuntza Legeak ikastetxeetako ume, gazte eta langileen eskubideak bermatzeko, estrategia digital argia eta zehatza jaso behar du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.