Gaurko egunez, duela urte batzuk, Manifiesto por la Lengua Común delakoa aurkeztu zen Madrilen, zalaparta handiz. Intelektual entzutetsuek sinaturik eta, gerora, 140.000 sinadura inguru biltzea lortu zuelarik. Baina… hizkuntza hori espainola zelakoan.
Eta intelektual frantsesek berdin egin izan balute, Parisen? Guretzat, berdin-berdin. Ez baitira gure kasuak.
Zer ondorioztatzen da manifestu horren esaldiak itzuli eta bere hastapenak gure kasura egokitzean? Proposamen hori aurkeztu zutenei, eta sinatu zutenei, pentsarazi egin beharko lieke. Baita lurralde elebidunetan kanpotik etorritakoari menpekotasun otzanarekin jarraitzen diotenei ere.
Hemen duzu:
Euskal hizkuntza komunaren manifestua
Herritar guztien hizkuntza komunaren inguruan gero eta kezka handiagoa dago gure herrian, hitz egiten den bi estatuetan aparteko presioa daukalarik bere estatu hizkuntzen aldetik. Baina herrialdearen komunikazio demokratikorako tresna komun bakarra da. Ama hizkuntza gisa dutenek eta komunikaziorako lehen tresna gisa aukeratzen dutenek hezkuntza eta herritar eskubideak urratuak dituzte, etenik gabe.
Abiapuntu gisa, beraz:
1. Euskara hitz egiten den lurraldeetan hizkuntza guztiek merezi dute babes instituzionala, baina bakarra da horietan denetan komuna: euskara. Gure hizkuntza ez-komunak ofizialak eta derrigorrezkoak izatea, gure hizkuntza komuna ofiziala eta derrigorrezkoa ez den bitartean, asimetria bidegabea da. Hizkuntza komuna aberastasun izugarria baita demokraziarentzat.
2. Herritarrek dituzte hizkuntza eskubideak. Ez estatuek eta, are gutxiago, beren hizkuntzek.
3. Hortaz, estatu agintariek (frantsesek eta espainiarrek) ez dute zilegi estatu hizkuntzen nagusitasuna dekretatzea. Goraipatzekoa da herritar guztiek estatuko hizkuntza ezagutzea, euren hizkuntza komun eta jatorrizkoaz gain. Baina abusuzko inposizioek kaltetuenen, kulturalki baztertuenen eta herritar guztien lan eta gizarte aukerak gutxitu egiten dituzte, eta herri mugikortasuna mugatu.
4. Frantziako Konstituzioa: «Eskualdeetako hizkuntzak Frantziako ondarea dira» (75-1 artikulua). Espainiako Konstituzioa: «Espainian hizkuntz modalitate ezberdinak errespetu eta babes bereziaren xedea izango diren ondare kulturala dira» (3. artikuluko 3. atala). Xedapen horiek iruzur konstituzionalak eta benetako delituak dira euskal herritarren eskubide linguistikoen kontrako debekuetarako, murrizketetarako, diskriminaziorako, marjinaziorako eta gutxiespenerako erabiliak direnean.
Honakoak ondorioztatzen dira, beren estatuen legedietan barneratu ditzaten dagozkien agintariek:
A. Euskara komuna eta ofiziala da hitz egiten den lurralde guztietan, eta euskal herritar guztiei suposatu lekieken bakarra.
B. Hala nahi duten herritar guztiek dute euskarazko hezkuntza izateko eskubidea, ama hizkuntza edozein dutelarik ere. Herritar guztiei bermatu behar zaie beti hizkuntza komunaren ezagutza osoa.
C. Herritar orok du erakunde arreta bere hizkuntza komunean jasotzeko eskubidea.
D. Seinaleak, komunikazio administratiboak eta herritarrentzako informazioa ezingo dira inola ere estatuko hizkuntzan soilik adierazi.
E. Ordezkari politikoek hizkuntza komuna erabiliko dute beren eginkizunetan, une zehatz batzuetan izan ezik.
Amaiera.
Ba… horra hor. Ez duzu zertan sinatu. Soilik gogoratu intelektual espainiar entzutetsuek adostu zituztela abiapuntuak eta ondorioak beren hizkuntzarako, gure hizkuntza komuna euskara dela ahaztuta.
Soilik hausnartu.