Euskal patologia

2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Identitateez aritzerakoan, komenigarria da identitate politikoaren eta antropologikoaren arteko bereizketa egitea. Lehenengoa borondateak determinatzen du; bigarrena, aldiz, ez. Identitate politikoa etorkizunerako dugun nahi kolektiboak emango digu; horrela, independentzia nahi izateak subjektu independentistakoa egiten gaitu, adibidez. Azpimarratzekoa da, era berean, identitate politikoa ez dela ezerezetik sortzen; bizitzea egokitu zaigun inguruak eragin zuzena du etorkizunera begira ditugun nahietan. Inguru horrek gure hautu politikoa (identitatea) baldintzatuko du, baina ez du determinatuko. Badugu askatasunerako tartea, beraz. Tarte hori da politikaren esparrua; independentista berriak sortzeko dagoen posibilitatea.

Baina zergatik pizten du Euskal Herrian antropologiak horrenbesteko interesa? Zaletasun horren zergatia abertzaletasunean legoke, Euskal nazionalismoak sarri identitate antropologikoa erabili baitu politikoa den identitatea artikulatzeko; eta horrek bere jiteak utzi ditu. Euskal identitatearen azterketak, interes antropologikoa baino gehiago, interes politikoa du gurean, ordea. Ondorioz, egin beharreko galderak ere politikaren esparrukoa beharko du izan: euskal identitateaz aritzeak indartu egiten al du independentziaren, feminismoaren, euskararen, sozialismoaren... aldekoen multzoa?

Identitateen definizio guztiek sortzen dituzte gutarren eta besteen taldeak. Diferentziaren logika darabilte. Identitate antropologikoaren kasuan, bien arteko muga mugiezina da. Identitate politikoaren kasuan, aldiz, bere formulazioak, eraginkorra bada, muga hori mugitu eta bere aldera ahalik eta pertsona gehien erakartzea ahalbidetu behar du. Euskal identitateari (antropologikoa) politikotasuna emateak independentismoari muga estuak jartzea dakar. Erresistentziaren logika jartzen du agerian, ez zabaltzearena. Euskaratik, euskal kulturatik... ez da diferentzia eraiki behar, berdintasuna baizik.

Identitaterik indartsuena aipatzen ez dena da. Patxi Lopezek, Gasteizeko parlamentuan bota zuen diskurtso sonatu batean, bere identitatea Koskojales kaleko pisu txiki batean hasi eta ez zela inon bukatzen baieztatu zuen. Patxi Lopez, noski,operazio hegemoniko bat egiten ari zen; bere unionismoa aipatu gabe identitate normala-ren estatusa ematen ari baitzitzaion. Bada, euskal identitatearen inguruko amaierarik gabeko eztabaida eta aipamenek, independentismoa, obsesio identitarioa bilakatzea dakarte, unionismoari normaltasuna-ren estatusa oparituz.

Identitateaz behin eta berriz aritzea patologia baten seinale da. Ez ote dugu diferenteak garela (hizkuntzarik zaharrena, Europako lehenengo biztanleak, borrokalarienak...) pentsatzearekin plazera sentitzen? Eta Imanol Galfarsorok askotan azpimarratu duen moduan, ez al diogu independentziari beldurra horrek gure berezitasun sentsazioaren desagertzea lekarkeelako? Batzuek nahiago dute diferente izan aske izan baino, eta horrelako patologietatik zaila egiten da estrategia politiko eraginkor bat egituratzen. Patologia honen adibidea da ┬źEuskal Herria euskalduna, sozialista... ezean, ez dut independentziarik nahi┬╗baieztapena. Euskal identitatearen inguruko matraka ematen duen independentismoa da unionismoari komeni zaiona, hortaz. Estatua lortzeko gai izango den naziotasun sentimendu diferenteak barnebiltzen dituen independentismoa eraiki nahi badugu, antropologia gutxiago eta politika gehiago egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.