Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua

Euskal zinema: munduarekin hitz egiten duen gure herriaren kontakizuna

Ibone Bengoetxea
2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zinemak nor garen kontatzeko gaitasun aparta du: memoria da, nortasuna da, emozio partekatua da. Horregatik, Zinemaldiaren edizio hau mugarri bat da: orain arte inoiz ez dira hainbeste euskal film aukeratu izan, eta inoiz ez ditugu euskarazko hainbeste lan izan Sail Ofizialean. Lorpen horrek harro sentiarazten gaitu, euskal zinema bizirik egoteaz gain, heldutasun-une batean eta nazioartean errekonozimendua duen une batean dagoela erakusten baitu.

Hori guztia ez da kasualitatea. Lan partekatu baten eta sistema sendo baten emaitza da. Eragile guztion artean ehundu dugun ekosistemak funtzionatu egiten du, emaitzak ematen ditu eta etorkizunari bidea irekitzen dio. Etorkizun horretan, euskal ikus-entzunezko sektorea gure istorioak kontatuko dituen eta mundua eraldatzen lagunduko digun sistema da eta izango da.

Alde batetik, euskal erakundeak gaude. Eusko Jaurlaritzatik politika iraunkorrak jarri ditugu abian, eta 2025ean 21 milioi eurotik gorako inbertsioa egin dugu euskal ikus-entzunezko sektorearen balio-kate osoari laguntza eta babesa emateko. Aipatzekoa da EITBk, ezinbesteko bazkide gisa, betetzen duen zeregin erabakigarria; bai eta foru aldundiena ere, gure herrian sorkuntza eta ekoizpena bultzatzen dituen zerga-esparrua sustatu baitute; eta film comissionen funtzioa proiektu berriak erakartzean.

Beste alde batetik, talentua daukagu. Made in Euskadi talentua. Talentu sortzailea eta teknikoa garatzeko eta detektatzeko aukera ematen duten zentroak eta programak dauzkagu. Gure herriak ikus-entzunezko industria indartsua du, zuzendariek, ekoizleek, makillaje, soinu, argazki eta efektu berezietako teknikariek... eta, jakina, aktoreek osatzen dutena. Talentu hori gure sustraietatik elikatzen da eta, aldi berean, etorkizunerantz proiektatzen da.

Errekonozimendu berezi bat egin nahi diet emakume zinemagileei, baita zinema euskaraz egiten duten pertsona guztiei ere. Izan ere, bi kasuetan, balio erantsia ematen dion kapa gehitzen zaio produkzio lanari. Bai hizkuntzak, baita emakumearen begiradak ere, narratiba propioa dute, eta bi begirada horien pean garatzen den proiektuetako bakoitzaren bereizgarria da. Hizkuntza eta generoa ez dira oztopo edukia kalitatezkoa denean, euskaraz egindako zinemaren eta emakumeek egindako zinemaren kasu.

Gure erronka ekosistema hori bultzatzen eta indartzen jarraitzea da: talentua babesten eta euskal zinemak hazteko, berritzeko eta oraindik ere urrunago iristeko tresnak izango dituela bermatzen jarraitzea

Horregatik, gure zinema, zalantzarik gabe, benetakotasunaren adierazpena da. Tradizioa eta abangoardia da, biak batera. Ama Lur bezalako sorrerako lanetatik hasi eta udazken honetan estreinatuko diren filmekin jarraituz, Jaurlaritzak sustatutako Kimuak programaren babesean hazten joan diren zinemagileen belaunaldi berria barne.

Gure zinematografiak jakin du bere nortasuna galdu gabe munduarekin solas egiteko lengoaia propioa sortzen.

Izan ere, Euskadi horixe da: sustrai sakonak eta begirada irekia, etorkizunera proiektatua. Gure kulturak, gure hizkuntzak eta bizitza ulertzeko moduak definitzen gaituzte eta komunitate gisa kohesionatzen gaituzte. Eta zinema, gaur egun, palankarik onenetako bat da nortasun hori kanpora proiektatzeko, norberaren edo besteen istorioak kontatzeko benetako ahotsak eta begiradak, ahots eta begirada bereziak, nahi dituen mundu global honetan.

Gure erronka ekosistema hori bultzatzen eta indartzen jarraitzea da: talentua babesten eta euskal zinemak hazteko, berritzeko eta oraindik ere urrunago iristeko tresnak izango dituela bermatzen jarraitzea. Izan ere, euskal zinema laguntzea herrialde kohesionatuago, sortzaileago eta irekiago baten alde egitea da. Azken batean, garenaren eta izan nahi dugunaren alde egitea da.

Eta bide horretan, zinemak munduaren aurrean aurkezteko txartela izaten jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.