Euskaldunok eta bakea

2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Ukrainako gerra hizpidetzat hartuz, gerra eta bakeari buruzko oso irakaspen baliotsuak plazaratu ditu abuztuaren 27ko BERRIAn Patxi Zabaletak, eta, hori dela eta, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, bakean eta begirunean oinarritutako Euskal Herri libre bat lortzeko lagungarri izango ditugulakoan.

Oso desberdinak dira Ukrainako gerraren eta Euskal Herrian bizi izan eta bizi izaten dugunaren zirkunstantziak, eta hori, jakina, kontuan hartu behar da, desberdinak izan beharko baitute, derrigorrean, bi herrialdeetan bakea lortzeko bideek. Hala ere, funtsezko kontzeptu bat dago bi errealitateetan: bakezaletasunaren aldeko ahalegina da bi herrietan gerra amaitu eta bakea eraikitzeko bide bakarra, eta, beraz, egiazko bakearen aldeko mugimendu bat piztea litzateke bakea Euskal Herrian lortzeko era bakarra. Egiazko bakea diot, bake-faltak kolpatutako pertsona, sektore eta errealitate guztiak hartu beharko bailituzke kontuan, arazo horiei guztiei irtenbidea emateko asmoz: ETAk hildako pertsonak, mehatxatutako zinegotziak, poliziak, Guardia Zibilak eta Brigada Politiko Sozialak torturatutako mila eta milaka pertsona, errepresioaren biktimak izan direnak eta haien senideak, presoak eta erbesteratuak, Euskal Herriko auzi politikoak bakardadean eta triste utzi dituen pertsonak, historian zehar gertatu den euskararen eta euskal kulturaren zanpaketa eta gutxitzea, autodeterminazio-eskubidea planteatu nahi ez izatea... Ikusten denez, hainbat eta hainbat errealitate, oraindik sendatu gabe daudenak eta bakearen aldeko mugimendu baten ahalegina eskatzen dutenak.

Ukrainako gerran Europan gertatzen den legez, Euskal Herrian, oso salbuespen gutxirekin, ez da sortu aurreko paragrafoan aipatutako arazoak konponduko dituen edo konpontzeko bidean jarriko dituen mugimendurik. Alderdi politiko espainolentzat, Podemos-en salbuespenarekin, Euskal Herriko gerra bukatu da ETA desagertu zenetik. ETAkoak ziren haientzat pelikulako gaizto bakarrak, eta, errealitate hori desagertu denez, haien ustez bakea, oro har, lortuta dago eta euskal gizartean, alde horretatik, ez dago arazorik. Euskal alderdi politikoen artean, eta hori tristeagoa da, ez dut ere bakea lortzeko ahalegin handirik ikusten. Aurreko zikloan ezagututako errealitate gogorrarengatik, triste eta minduta dago euskal gizartea eta EAJk eta ezker abertzaleak beren helburu politikoak lortu nahi dituzte eta ez diote Euskal Herrian sufritzen ari diren hainbat eta hainbat jenderen arazo larriari behar adinako garrantziarik ematen. Oso azkar pasatu nahi dugu azken hamarkadetan gertatutako errealitate latzaren orria eta hori, nire ustez, akats larria da. Badakit oso herri txikia garela, eta, horregatik agian, Vietnamgo gerrarekin gertatu zenaren kontra ez da Euskal Herritik kanpo bakearen aldeko mugimendu handirik izango, baina Euskal Herrian sortu beharko genuke mugimendu hori, gatazkaren ondorioak konpontzeko, edo leuntzeko behintzat, eta ez gara hori egiteko gai izan.

Bukatzeko, Patxi Zabaletak dioenez, Aita Frantzisko izan da agintarien artean Europan gerra etetearen aldeko aldarrikapena egin duen bakarra. Setien bezalako pertsonarik ez dugu gaur egun, zoritxarrez, Euskal Herrian, baina, agian, historian zehar bakearen eta elkarrizketaren alde ibilitakoek beren laguntza eman lezakete prozesu honetan: Elkarri-n ibilitakoak, elizaren sektore aurrerakoiak, kontzientzia eragozleak, intsumisioa aurrera atera zuten intsumisoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.