Euskalgintza deitu zaio euskararekin estu loturiko giza talde aktiboari —euskararen komunitateari—, izan herri mugimenduetakoa, izan herri erakundeetakoa, izan euskara garatzeko elkarteetakoa. Horiek horrela, gizarte ekimeneko euskalgintza eta euskalgintza instituzionala bereizketa ere sortu da termino horren barnean. Komunitate hori Euskal Herri osoan (Euskal Herritik kanpo ere bai, diasporan) erakundetze prozesuarekin batera joan da garatzen, 1982ko Euskal Autonomia Erkidegoko Euskararen Legearen eta 1986ko Nafarroako Euskararen Foru Legearen onarpenaz geroztik.
Dakigunez, euskararen aldeko politikak indartsuago garatu ahal izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan, oro har; Nafarroa eta Iparraldean neurri apalagoan, oztopo handiekin, arrazoi administratibo juridiko eta politikoengatik. Baina, era berean, euskalgintzak bermatu du herrialdeen estatus politikoaren gainetik aritzea, Euskal Herri mailako ikuspegiarekin.
Euskal komunitatearekin eta euskal komunitatearentzat ari da euskalgintza, euskara suspertzen eta zaintzen.
XXI. mendea eraldaketa sakonekin heldu da, eta euskara zein euskal kultura bidegurutzean daude, beste hizkuntza, kultura edota komunitate askoren eran. Dibertsitatea jokoan dagoela esan genezake. Beraz, joera negatiboak iraultzeko eta mehatxuei aurre egiteko, eszenatoki berriak irudikatzeko garaian gaude.Â
Euskalgintzatik eta euskaratik (zergatik ez?) XXI. mendeko gertaerak —soziologikoak, ekonomikoak, teknologikoak, politikoak, kulturalak…— begiratu, aztertu eta eralda daitezke. Era berean, beste hainbat kultura eta hizkuntza minorizaturen bidelagun izan gaitezke. Gainera, euskalgintzak badakiela arazoarekin bizitzen azaldu nahiko nuke.
Baina zer esan nahi du horrek? Kontzeptua Donna Haraway pentsalari eta biologo feministarena da. Hark bere Staying with the Trouble. Making kin in the Chthulucene liburuan (Arazoarekin bizitzen. Ahaideak egiten Chthuluzenoan) mundua birgaitzeko proposamenak egiten ditu. Izan ere, filosofo estatubatuarrarentzat gizakia ez baita munduaren erdigunea, sareak eratzen ditu honako hauekin: animaliak, ekosistemak, teknologiak… Bide batez, esan dezadan aipatutako liburuaren gaztelaniazko bertsioa Consonnik argitaratu duela.
Harawayk proposatzen du gaur egungo krisi ekologiko eta teknologikoaren aurrean ez ditugula irtenbide azkarrak bilatu behar, ezta etorkizuneko salbazioa ere; baizik eta ikasi arazoarekin bizitzen, hau da, bizi, pentsatu eta jardutea gatazken barnean, haiengandik ihes egin gabe. Narratiba tradizionala kritikatzen du, alegia: progresoa, salbazio teknologikoa eta desastre apokaliptikoa. Proposatzen du soluzio globalaren fantasia uztea eta modu arduratsuan bizitzea gizakien eta ez-gizakien arteko interdependentziaren munduan.
Haren teoriaren interpretazio libre bat eginez, hizkuntza minorizatuen arlora eramanez ideia horiek, Harawayk ulertzen du izakiak ez direla modu isolatuan existitzen, baizik eta interdependentzia sareetan. Ikuspegi horretatik, hizkuntza gutxitua ez da hitz sistema hutsa, baizik eta pertsonen, lurraldeen, memorien, praktika kulturalen, ezagutzen eta munduan bizitzeko moduen arteko harreman sare biziak dira. Beraz, euskara ez da soilik komunikazio tresna bat, baizik eta komunitatearekin eta ingurunearekin loturak eraikitzeko modu espezifiko bat.
Azken garaian nazio mailako egitasmo berriak sortzen ari dira, izaera desberdinekoak. Lerro hauetara ekarri nahiko nituzke udaberriarekin batera loratu direnak.
Hizkuntza gutxitu baten kasuan, hitz egitea, irakastea edo ikastea ez litzateke soilik ondare bat gordetzea, baizik eta harreman komunitate batean aktiboki parte hartzea
BIHAR ekimena. Munduko hizkuntza gutxituak saretzeko egitasmoa da, bertakoa. Munduko hizkuntza komunitate ezberdinak bilduz, biziberritze diskurtsoen inguruan gogoeta egin eta hizkuntzen biziberritzearen inguruko diskurtsoak mundu mailan eta modu eraldatzailean kokatzeko egitasmoa da.
UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) urgentziazko hamar neurri proposatu ditu, bere baitako herrietan atzerakada gertatzen ari delako euskararen erabileran. Orotara 121 udalerri daude, 355.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute, arnasgune deiturikoak. Neurriek berme juridiko eta instituzionalak dituzte bere barnean, erabileran atzerakadarik ez izateko.
Batuz Aldatu abiatu da berriki. Euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza politiketan eragiteko Euskalgintzaren Kontseiluak sustatutako adostasun sozialen ekimena da. Erronka zehatzak proposatu dituzte, gizarte mobilizazioarekin batera, hala nola euskararen ezagutza orokortzea, erabilera normalerako baldintzak sortzea, estatusean aurrerapausoak egitea, eta komunitatea ahalduntzea.
Eusko Legebiltzarrean onartu berri den Enplegu Publikoaren Legearen erreforma ezin aipatu gabe utzi. Gobernuko eta oposizioko bi talde nagusiak, hurrenez hurren, ados jarri dira (lehen aldiz), legea erreformatuz, euskara erakunde publikoetan gara dadin. Izan ere, ez bailuke hizkuntza eskubideen eta langile eskubideen artean talkarik egon behar, beste alderdi batzuk uste duten eran. Nafarroan, berriz, aurrerapauso handia litzateke euskara herrialde osoan bertako hizkuntza ofiziala izatea, Foru Komunitateko lehendakariak proposatu duen eran.
Jarraitzeko iritsi diren egitasmoak dira, erantzun berriak topatzeko egoera berriei, beti helburua bera delarik: euskararen eta euskal kulturaren garapena, saretzea eta herri kohesioa.
Harawayk beste kontzeptu interesgarri bat du, beste askoren artean, ahaidetasuna egitea (making kin); proposamena zaintza komunitateen eraikuntza bezala interpreta daiteke. Hizkuntza gutxitu baten kasuan, hitz egitea, irakastea edo ikastea ez litzateke soilik ondare bat gordetzea, baizik eta harreman komunitate batean aktiboki parte hartzea. Hizkuntza bizirik mantentzen da pertsonek haren bidez konexio berriak sortzen dituztelako.
Euskara eta euskal kultura apokalipsitik atera behar ditu komunitateak. Balio horiekin bat datozenekin atxikimendua lortuko du, gainera.
Â