Euskararen aurkako oldarraldi judizial berri bat altxatu dela ukaezina da. Berria, historian zehar euskararen aurkako gurutzadak konstante bat izan direlako. 1492tik, Antonio de Nebrijak Gaztelako Isabel erreginari, gaztelaniarako lehenengo gramatika bateratua proposatu zionetik, helburua argia izan da: garaitutakoari gaztelania inposatzea. Eta mendeetan zehar zeregin horretan ibili dira espainiar estatuko erakunde asko.
Euskal Herria frantziar zein espainiar estatuen parte zatiezina dela pentsatzen duten horientzat, euskal kultura eta hizkuntza beren ezaugarri kultural gorenetako bat izan beharko lirateke. Euskara Europako hizkuntza zaharrenetariko bat da eta hizkuntza isolatua dela ere azpimarra genezake, hots, ez duela hizkuntza ahaiderik. Kulturalki altxor bat dela sarritan entzun dugu. Ez al da paradoxa ikaragarria, Euskal Herria espainiar zein frantziar estatuen zati den ideia hori horren gogotsu defendatzen dutenek euskal kultura eta kultura honen ezinbesteko adierazlea den hizkuntza indar handiz ez defendatzea? Izan ere, Euskal Herria Espainia edo Frantzia bada, bertan sortzen eta birsortzen den kulturak, belaunaldiz belaunaldi transmititzen eta erabiltzen den hizkuntzak espainiar zein frantsesentzat izan beharko luke harrotasun motiboa. Errealitatea oso bestelakoa da.
Testuinguru honetan ez da ulertzen euskal administrazioek euskaren aurkako oldarraldi judizial berri honen aurrean inongo lidergorik ez hartzea. Espainiar estatutik euskararen aurkako erasoak etengabe jasaten ari garen honetan, nekez ulertzen da euskal administrazioek indar gehiagorekin euskararen aldeko politika integral bat ez osatzea. Etsigarria da euskal administrazioetako postu gorenetan, Kutxabankeko lehendakaritzan edo EITBko zuzendaritzan, arduradun euskarafoboak edota erdaldun elebakarrak jartzea. Postu horietan dauden pertsonak ez dira iritsi lehiaketa edo oposizio publiko baten bidez: alderdi batek jarriak dira, suposatuz, alderdi horren irizpideak jarraitzeko. Nafarroan ere nekez ulertzen da bi alderdi abertzaleek sustengatzen duten gobernuan Hezkuntza sailburu euskarafobo bat egotea. Agian, alderdi horiek ezingo diote PSNri sailburu euskaltzaleak jar ditzala eskatu. Sailburu euskarafoboak ez jartzeak marra gorria izan beharko luke.
Oldarraldi judizial berri baten aurrean gaudela ukaezina da, baina baita euskarak euskal agenda politikoan duen leku eskasa ere. Harrigarria da. Euskalgintzak, bere militantziak eta bere lanak inbidia ematen dute gure mugetatik at. Korrika, Euskal Eskola Publikoa, Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA, Kontseilua, Euskaraldia, UEMA, eta beste hainbat ekimen abiatu dituen herria gara. Zinez, euskalgintzari askoz gehiago eskatzerik ez dago. Mendeetan zehar estatuen helburua euskara bukatzea bazen, euskalgintzak mende erdian eraiki ditu euskara babesteko eta zabaltzeko egundoko sareak eta dinamikak. Politikaren unea delakoan nago: herri moduan erantzun zabala eta bateratua emateko unea. Orain arte eraikitako euskaren legedia aldatu ezean, epaileek hizkuntza politika egiten jarraituko dute. Ezbairik gabe, euskarari babes juridikoa ere eman behar zaio.
Eusko Legebiltzarrean inoizko gehiengo abertzale handiena dago. Egoera honen aurrean, bide bat izan daiteke Bilboko Udalak edo Bizkaiko Foru Aldundiak egin dutena: epai euskarafoboen aurrean men egin eta lan-deialdi publikoak euren esanetara birformatu. Kontrara, beste bide bat izan beharko litzateke oldarraldiari aurre egitea, euskara lehenestea, lanpostu publikoen deialdietan euskararen jakintza ziurtatzea eta euskara babestuko duen legedi berri bat adostea. Euskalgintzak bere lana egin du, eta egiten jarraitzen du. Euskarak arkitektura juridiko berri bat behar du. Orain, inoiz baino gehiago, politikaren garaia da.