Duela gutxi, Facebookeko orrialde batean bat egiten ikusi nituen lagun batzuk: «Gutxitutako hizkuntza mintzatzen dut eta harro nago».«Atsegin dut» botoia sakatu ala ez pentsatzen nuen bitartean, gauza batez konturatu nintzen. Euskara kanpoan ikasi dut, eta heldua nintzelarik etorri nintzen hona; hori pribilegio handia izan zen niretzat. Nik ere «gutxitutako hizkuntza» termino tekniko bezala erabiltzen dudan arren, euskara ez dut gutxitutako hizkuntza moduan sentitzen, alderantziz baizik.
Euskal Herrira etorri eta gero, euskara izan da nire bizitzako hizkuntza. Etxean, kalean, lanean, kultura kontsumoan, bankuan, aseguru eta telefonia konpainian, ohean, lagun artean, eta abar. Beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen ditut, batzuetan nahita, lagun edo profesional jakin batzuekin, beste batzuetan behartuta, erdalgunetan edo medikuarenean.
Dena den, joan den neguan, lehenengo aldiz, gaztelania hutsean funtzionatzen duen enpresa batean egin nuen lan, eta niretzat ezusteko handia izan zen euskaldunek gaztelaniazko lan munduaren aurrean duten onarpena deskubritzea.
Berriro euskaraz egiten dut lan, baina, erronkak berdina da: euskara bizitzako hizkuntza izatea, eta ez leku jakin batzuetan bilatu edo borrokatu beharrekoa.
Hala ere, hori horrela sentitzeko edo gauzatzeko, nire ustez, funtsezkoa da euskal gizarte baten ikuspegi osoa edukitzea, edo, nahi izanez gero, benetako elebitasunaren ikuspegia; bestela, irudikapenik gabe, ez dugu helbururik ikusten, eztaharantz eraman gaitzakeen pauso zehatzik ere.
Baina iruditzen zait euskaldun gehienek ez dutela euskal gizarte orokorraren ikuspegirik. Euskaldun gehienek euskara «arlo» bat bezala, bakoitzak berea bezala ikusten dute: zerbait pertsonala, lagun batzuekin, edo leku batzuetan egiten dena; lanerako bete behar den profila; aldarrikapen politikoaren zatia; defendatu behar den eskubidea; kultura eta tradizioaren altxorra; nortasunaren ezaugarria, euskaldun egiten gaituena .... Baina gutxitan euskaraz bizi den gizarte oso baten ikuspegiaren barnean.
Hala ere, gaur egun euskaraz bizi den gizartea, euskal hiztunen elkartea, komunitate garatua da eta gizarte osoaren ezaugarri asko ditu. Eta batez ere, ekonomikoki aberatsa eta ikasketa mailan oso ondo prestatutako komunitatea da, batez ere 40 urtetik beherako belaunaldietan. Euskal elite berri-berria dugu, aurrekoarekin zerikusirik ez duena: laikoa, sexuen parekotasunean orekatua, ipar-mendebaldeko balioetan hezia —Manhattanera edo Berlinera begiratzen duena, Madrilera baino gehiago—, eleanitza eta nazioartean esperientziaduna, hainbat tituluren jabea, eta enpresetan, unibertsitatetan eta instituzio publikoetan lanpostuak dauzkana.
Baina elite edo klase erdi altu horien parte ez izan arren, euskaraz bizi den gehiengoa klase ertainekoa da, edo ekonomikoki segurtasunean bizi den langile klasea: lanpostu finkoduna, pisu baten jabea, etxean bi soldata dauzkana, langabezian edo kreditua eskatzeko unean familiaren babes ekonomikoa duena...
Aldiz, segurtasun ekonomikorik gabeko klase baztertuetan, lanerako adina duten pertsonen artean, hizkuntza nagusia gaztelania da, edo, etorkinen eraginez, munduko beste hainbat hizkuntza.
Baina paradoxa bat gertatzen da: euskaldunok bizi dugun segurtasun ekonomiko eta oparotasun honek, ez du, hizkuntza mailan, jarraitzeko moduko adibide bat sortzen. Bi arrazoirengatik, nire ustez: bat, gure hiztun komunitatean sortzen den nortasun-irudi publikoa biktimarena eta bigarren mailako herritarrena delako; eta bi, euskararekin diru-sarrera bat lortzeko oso maila baldintzatura iritsi behar delako.
Euskarak eta euskal gizarteak azken hogeita hamar urteotan izan duen bilakaeran, aurrerapen prozesuan eta lorpen guztietan, ziur asko eragin handia izan du, eta bide egokia zen, lehentasuna erdi eta goi-mailako klasetan jartzeak: hezkuntzan, kulturan, aisialdian eta ekonomian. Geografikoki bizi garen lekuan eta munduko ekonomia sistema kontuan hartuz, klase horiek gabe, zoritxarrez, hizkuntza komunitate batek ezin du bizirik iraun. Baina gaur egun euskal gizartea eta hiztun komunitatea ekonomikoki egokituta eta profesionalki prestatuta dago, eta garaia da euskal hiztunen komunitatea gizarteko beste sektore batzuei irekitzeko.
Garaia da, gaur eguneko elite berriak, maila ertainekoen eta segurtasun ekonomikoan bizi diren klaseen parte-hartzeekin, euskarazko gizarte-ekintza eraikitzeko, euskara eta lana eskaintzen duena, euskara lan ordainduaren bidez ikasteko aukera emango duena, euskara pertsona pobre eta baztertuentzat gizarteratze zubi izateko aukerak sortuko dituena. Gizarte-ekintza barneratzailea, elkartasuna eta berdintasunaren balioen gainean eraikitakoa, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko aukera klase pobreekin konpartituko duena.
Jatekorik ez duenak nekez parte hartzen du kulturako edo aisialdiko ekintza batean, gaur egun euskarazko eskaintza arruntenak direnak eta gutxi inporta zaio administrazioan zer hizkuntzatan hitz egiten zaion, berarentzat ez delako elebitasun hori. Zeren euskaraz hitz batzuk ikasi eta esango balu «Mesedez, jatekoa behar dut», eta ez «Por favor, necesito comer», estralurtar bat bezala begiratuko genioke. Gutaz barre egingo balu bezala. «Ez daukazu ezer, eta gainera euskaraz!», edo «Hori ikasi duzu nire dirua lortzeko!», pentsatuko genuke. Pertsona horrek berehala ulertuko luke, hemen, jateko, gaztelaniaz egin behar dela, eta bere mailan dagoen bati denak gaztelaniaz egingo diotela.
Euskal hiztunen komunitatea osatzen dugunok geure indar intelektual, ekonomiko, eta gizatiarrarekin eraiki behar ditugu giza ekintza horiek, ahal bada, hizkuntza politika lagun. Guk geuk, geure balioengatik eta geure buruari ematen diogun nortasun irudiagatik, besteak beste, arduratu behar dugu euskara gizarte sektore guztietara iritsarazten eta euskara guztientzat bideragarri egiten.
Baina euskaldunok gutxituta sentitzen garen bitartean, beste hiztunen aurrean geure burua neurtzen dugun bitartean, ez dugu geure burua besteen parean ikusten eta biktima izango gara beti. Erosoago da akaso, gure gizarteak sortu duen status quo horretan bizitzea. Baina askoz interesgarriagoa eta aberatsagoa da norberaren indarraz ohartzea eta elkartasuna bihurtzea indar horren euskarri. Garaia da, dagoen errealitatetik eta lortu dugun guztitik euskaraz bizitzeko aukera gizarte osorako irudikatzeko eta gizarte horren benetako eraikuntzan pausoak emateko.
Euskaraz bizi naiz eta pozik nago. Atsegin dut.
Euskara eta lana (II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu