Politologoa

Euskara: guztiona eta guztion ardura

Ane Miren Atin
2026ko martxoaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zer gara euskara bera ez bagara? da aurtengo Korrikaren abestiak airean uzten duen galdera. Herriz herri, bazter guztietatik, hamar egunez korrika ibiliko garenok galdera horri eutsi eta gure pausoekin erantzuten saiatuko gara.

Atharratzetik Bilbora eramango dugu aurtengo leloa, eta lurraldea zeharkatzearekin batera, euskararen errealitate askotarikoak ezagutuko ditugu. Horrek guztiak agerian uzten du beharrezkoa dela administrazioen arteko ikuspegi bateratuagoa eta araudiaren inguruko hausnarketa sakona egitea; izan ere, euskararen etorkizunak zubiak eraikitzea eskatzen du. Artikulu honetan ibilbide honi hasiera emango diot.

Korrika berezi honen abiapuntua Iparralde da. Bertan, gizarte gero eta euskaldunagoa dugu, herritarren atxikimendu gero eta zabalagoarekin. Hala ere, Frantziako Estatuak ez du behar adinako urratsik egiten hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Testuinguru horretan, elkarlana eta indarrak batzea funtsezkoak dira euskararen erabilera sustatzeko. Helburu horrekin dihardu Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak ere; mugaz gaindiko lankidetzak ahalbidetuko baitu mugarik ez duen hizkuntza zabaldu eta sendotzea.

Nafarroan, azken urteotan, euskararen alde egindako lan instituzionalak —irmoa, koherentea eta askotan ausarta— eta hiztunen eguneroko ahaleginak funtsezkoak izan dira, gure hizkuntzaren prekaritate-egoera iraultzeko.

Hala ere, ezinbestekoa da oraindik ere indarrean dagoen salbuespen egoerari heltzea. Ez baita onargarria bizilekuak hizkuntza-eskubideak baldintzatzea, ez ikaskuntzan ez erabileran. Horregatik, zonifikazioa gainditu eta euskararen ofizialtasuna lurralde osora hedatzea helburu duten neurriak bultzatu behar dira.

Kezkagarria da ikuspegi jakin batzuetatik euskararen erabilera bera zalantzan jartzea, bereziki administrazioan. Horrek arriskuan jartzen du herritarren hizkuntza-eskubideen bermea eta erakundeen jarduna baldintzatzen du

Ibilbidearen azken zatian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditugu. Urteetan gure erakundeek bultzatutako politika onei esker eta, noski, hiztunen esfortzuari esker ere, euskararen egoera osasuntsua da. Baina beste hainbat erronka ditu: esparru digitalean euskararen presentzia handitzea, komunitatea zabaltzea, eta, bereziki, euskararen erabilera sustatzeko hartu diren erabaki publikoek jasaten dituzten oztopo juridikoei aurre egitea.

Duela 44 urte onartu zen euskararen normalizaziorako oinarrizko legea, Gasteizko Legebiltzarrean, aho batez. Bertan jasotzen da euskararen ofizialtasuna eta herritar guztiek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea. Printzipio horiek dira gure hizkuntza-politikaren oinarri.

Gaur egun, ordea, kezkagarria da ikuspegi jakin batzuetatik euskararen erabilera bera zalantzan jartzea, bereziki administrazioan hartutako erabakien aurkako interpretazio judizial zorrotzen bidez. Horrek arriskuan jartzen du herritarren hizkuntza-eskubideen bermea, eta erakundeen jarduna baldintzatzen du.

Are kezkagarriagoa da zenbait sektorek mehatxu gisa aurkeztea langile publikoei bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzea. Ez da eskakizun arbitrarioa: herritarren eskubideen berme zuzena da.

Korrikan bete-betean gaudela, gogorarazi nahi dut euskararen etorkizuna ez dagoela soilik urte luzez lanean ari diren eragile eta erakundeen esku. Euskaratik urrun dauden herritarren inplikazioa ere beharrezkoa da. Euskarak esparru gehiago, sektore gehiago eta hiztun gehiago behar ditu.

Eta zu, euskalakari, ez zara zertan kirolari euskalduna izan Korrikan parte hartzeko. Ez zara zertan ahobizi izan. Baina ezin da, aldi berean, euskararen aurkako jarrerak elikatu eta norbere burua euskararen aldeko ekimen batean kokatu. Nik argi dut: korrika egitea edonorentzako kirola ez den arren, euskara guztiona da eta guztion beharra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!