Euskara, hizkuntza bat baino askoz gehiago

2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gure iraganak, gure orainak eta gure etorkizunak hizkuntza bera daukate: euskara. Beraz, euskara historia eta sustraiak dituen hizkuntza da; gaur arte, denon artean eutsita, hizkuntza bizia izan dena, eta dena. Gaur, gainera, Euskararen Eguna izanik, gure pentsamenduak, gure hitzak, euskaraz azalduta inoiz baino baliotsuagoak dira. Esangura handiagoa daukate gaur euskaraz esanda.

Euskarak moldatu ditu geure ohiturak. Euskaraz egin dugu geure historia eta etorkizuna ere euskaraz egingo dugu. Herri tradizioei eta, horrekaz batera, euskarari berari ere eutsi gura izan diogu eta horrela erabilera eremu urriko hizkuntza izatetik kalean erabiltzen den hizkuntza izatera pasatu da.

Datuak hala erakusten dute. Azken urteotan, Bilbon, euskaraz ulertu eta hitz egiten dakien bilbotarren kopuruak %10 egin du gora. Guztira, eta Eustatek 2006an gure herriko, gure lurralde historikoetako eta gure hiriburuetako errealitate linguistikoaz egindako azken azterlanaren arabera, herritarren ia %50 euskaldunak edo ia-euskaldunak dira. Baina egia da erdiek egiten dutela normalean euskaraz; hau da, normalean euskaraz hitz egin edo euskaraz bizi direla kopuru horren erdiak.

Euskaraz esaten dugun hitz, esaera, esaldi edo erreferentzia bakoitzaz indarberritu egiten dugu gure iragana, eta, batez ere, etorkizun hobea eskaintzen diogu gure hizkuntzari. Euskara ez da bakar-bakarrik txikitan zein geroago helduak izanda ikasten dugun hizkuntza bat. Ez da hori bakarrik. Hori baino gehiago da, euskaran inplizituki gure ohiturak eta gure kultura daudelako. Historiaz, sinbolismoz eta bertoko senaz betetako hizkuntza dugu. Euskara herri baten nortasuna da, gure herriaren identitatea da.

Gure inguruan euskaraz egitea funtsezkoa da gure kulturaren mapan, elementu integratzaile eta nahitaezkoa, pluraltasunaren aurrean begirunea agertzeko eta herritarren elkarbizitza ona izateko. Bilboko herritar guztiak sentitzen dira bilbotar, edonongoak izanda ere, eta beste elementu batzuen artean euskarari esker indartzen dute bertokoa izatearen sentimendu hori. Euskara irekita dago ikasi, erabili eta zabaldu nahi duten guztientzat. Euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, ez dauka mugarik, sentimenduak baino ez.

Ikastegiak diren aldetik ikastoletan eta euskaltegietan, baina baita gure kale eta saltokietan ere, ahoz aho eta ezpan-belarriz ikasten du bakoitzak euskara, bere moduan eta bere erritmoan; baina denon artean lortzen dugu Bilboren bihotz- taupadak euskaraz egiten jarraitzea. Hizkuntza batean komunikatzeko, kasu honetan euskaraz komunikatzeko, gaitasunari dagokionez, gaitasun zehatzak behar dira; ezagutzak, estrategia eta komunikazio-trebetasunak jasotzen dituztenak; baina, batez ere, nahi izatea eta ahalegina dira garrantzitsuenak. Bilbon, duda gabe, horiek guztiak dauzkagu.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia naizen aldetik, egun berezi honetan, euskararen erabileraren alde, gure hizkuntza sustatzen ibili diren, dabiltzan zein etorkizunean ere euskararen alde lan egingo duten pertsona, entitate eta talde guztiei nire esker ona. Nire esker ona gure hizkuntzari. Nire esker ona euskarari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.