Lapurditik, Nafarroa Beheretik edo Zuberoatik itzultzen naizen bakoitzean, erantzun berbera jasotzen dut: «Iparraldean, eh? Han euskara frantsesa dute». Gehienek ez dute asmo txarrik, baina esanguratsua da nola probintzien arteko doinuaren ezberdintasuna nabarmentzen dugun. Hemen, nire testuinguruan gertatzen dena gailenduko dut, hau da, Araban. Beharbada, ez zara guztiz ados egongo, baina eztabaida pizteko eta hedatzeko xedea dut.
«Iparraldea», hitz komodina. Hasiko naiz hemendik, eta badakit terminoa ez dudala asmatu. Euskal Herriko mapa erabat ezagutzen dugu, zeren kamisetetan, pankartetan eta afixetan etengabe agertzen baita. Baina errealitatea hauxe da: hemendik ateratzen gara turistak izatera.
Zentzu horretan, atzerria balitz bezala erabiltzen dugu «Iparraldea» (alderantziz entzun dut «Hegoaldea» ere). Pentsa, joaten bagara Ormaiztegira jendeak badaki Gipuzkoan dagoela, gutxi gorabehera kausitzen du. Aldiz, Ortzaizera joatekotan eta inguruak bisitatzekotan, jendeak esanen digu Iparraldean egon garela, nahiz eta hiru probintzia hauek 158 udalerriz osatuta egon. Beraz, «Iparraldean, non?» pentsatzen dut nik.
Mugen kontua
Horren harira, mugaren gaia aipatzea beharrezkoa da. «Mugak apurtu», «Mugaz gaindi», «Mugen artean», «Mugaren beste aldean»... Geure nazioa aldarrikatzen dugu, baina marra bat hazten da Bidasoa aldean. Oso eraikuntza zaharra da, eta dagoeneko ikerlari batzuek aztertu dute Euskal Herriko kasua. Eta bai, bi estatupean bizi gara. Gainera, gure nortasunaren gaitza aspalditik dator, mendeak pasa baitira prozesu hau hasi zenetik non Frantziak hiru probintzia irentsi dituen eta Espainiak beste lau. Ezinezkoa da pentsatzea ezberdintasunik ez dugula: otorduen ordutegiak, izen-abizenak, janzkera, besteak beste. Alta, hizkuntzak, kantuek, mitologiak, hala nola dantzek herrialde komun bat irudikatzen dute. Orduan, zer egin behar dugu, memento oro muga aipatu ala naturaltasunez mintzatu existituko ez balitz bezala? Nik bigarrenaren alde joko dut, jakinez beti ez dela posiblea izango.
Mugek bezala, euskalkiek urruntzen, sakabanatzen gaituzte. Eta barkatu, hizkuntzalariak, ez dut terminoa osoki baztertzen, baina kaleko hizkuntzatik bai. «Nahiz eta hitz ezberdinez, bat bera dugu hizkera» kantatzen dugu, baina ezin dut sinonimorik erabili komentario deserosoak entzun barik. Non da jakin-mina? Zer hiztegi eta zertarako ikasten dugu? Azken finean, gauza bera eta ber gauza gauza berbera dira. Honetaz jabetu naiz: hitz gehiago menperatzean, bertako tokiari eta jendeari buruz ikasten dut.
Honekin segituz, herri bat baldin bagara eta hizkuntzaren kontrako erasoak behin ikusita, erantzuna denon artean eman beharko genuke. Alabaina, eremu bakoitzean plataforma bat sortzen da eta bere deialdia egiten du. Hau ez dago batere gaizki, eta naturala da gertuko jendearekin batzea, baina gauden momentuak arrapostu indartsua eta bateratua eskatzen du. Hona hemen adibide bat: uztailak 14a eta abenduak 6a; bi estatu, bi data, zatiketa bat. Eta Aberri Egunaz ez naiz arituko hemen.
Beste aldetik, ez dut ulertzen nola antolatzen diren hainbeste Manifestazio nazional herrialdeko punta batean. Eskertzekoa da antolatzaileek egiten duzuen esfortzua dena ongi kudeatzeko eta aitzina eramateko, baina pentsa ezazue zer den Tuterako edo Sohütako pertsona batentzat Bilbora joatea.
Gauzak horrela, daukagun arrakala handitu ez dadin, gure artean elkartu, nahastu, zaindu eta mintzatu beharko genuke, bestearengandik geure nortasuna elikatuz.