Irakaslea

Euskara, jalgi hadi Errioxara!

Iñigo Madinabeitia Arakistain
2026ko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ayabarrena, Allende, Altuzarra, Amunartia, Arviza, Arrubal, Atxamil, Azarrulla, Badaran, Bonicaparra, Donemiliaga Kukula, Eskartza, Espurgaina, Ezkarai, Ezquerra, Iregua, Galbarruli, Herce, Herramelluri, Kalagorri, Kozkorrita, Kukula, Larrea, Marulla, Matalturra, Mendigurria, Nabarrate, Naiara, Naharruri, Ollauri, Oiakastro, Otxanduri, Ozkabarte, Sagastia, Sajazarra, Turtza, Txurrumendi, Ulizarna, Urdanta, Urdamendia, Uyarra, Velasco, Zabarrula, Zalaya, Zaldierna, Zarzabala, Zilbarrena, Ziuri, Zorrakin…

Dudarik gabe, zerrenda irakurrita Nafarroako zein Arabako herri izenak datozkigu burura, baina Errioxako lekuak dira. Begi bistan, Soriako mugaren atarian bertan euskal toponimia aurkitzeak bitxia eman dezake, ukatu nahi izan diguten iraganaren lekuko mutu baitira. Ongi dakigu duela mila urte inguru Arabako eta Bizkaiko herritarrek —beroi izendatuek— haran hura birpopulatu zutela, euren izaera, ohitura eta hizkuntza hedatuz. Horregatik, ezin ukatu lur horiekiko sentitzen dudan gertutasuna; umetan, lehengusuekin batera, aske ibiltzen nintzen bazter haietan, eta, orduz geroztik, paisaia horiek nire oroimenik goxoenen babesleku izan dira. Orain, badakit zergatik.

Gurasoekin Donemiliaga Kukulan izandako aldi hura datorkit gogora. Euskal glosen jaioterrian, monasterioaren paretan zegoen «Izioqui dugu, guec ajutu ez dugu» esaldi misteriotsuen aurrean so geundela. Gidariak sutsuki eta temati zioen egilea Arabatik etorritakoa zela, harresiotatik kanpo euskararik sekula mintzatu gabe zegoela. Burugogorkeria hutsagatik, ez nion hitz erdirik ere sinetsi. Banekien ongi Oiakastroko Fazaña ospetsuak argi eta garbi erakusten zuela XIII. mendean bertako bizilagunek alkatearen aurrean euskaraz deklaratzeko eskubidea zutela. Harresietatik haratago, euskaraz bizi ziren.

Ni neu, historian graduatua izanik ere, irakasle xume bat besterik ez naiz. Baina badut barren-barrenean iltzatuta geratu zaidan beste bizipen bat, aurrekoak baino harrigarriagoa, sekula ahaztuko ez dudana. Abuztuaren amaiera zen. Burgosko Atapuercako haitzuloetara nindoan, mapa digitalek zehaztutako bide arruntenetik. Oja haranean, Valgañon parean, behi-talde batek errepidea moztu zidan ezinbestean. Ustekabeko eten hartan ezkutatzen zen bidaia osoko asaldurarik handiena. Hantxe zegoen, errepide bazterrean, Tres Fuentes baseliza: erromanikoa, aratza, eder-ederra, nire mapetan agertzen ez zena.

Euskarazko lehen liburutzat daukagu 1545. urteko 'Linguae Vasconum Primitiae'. Nola demontre ulertu, orduan, Valgañongo orri horien existentzia? Benetan hain zaharrak badira, gure hizkuntzaren lehen lekukotasun idatzien aurrean egon gintezke

Haren magalean, Extremadurako gizon heldu bat. Haren ahotik jakin nuen aspaldi udalak eraikina botatzeko asmoa izan zuela. Gizon hark eraispen-asmo horiek geldiarazi, horma bat eraitsi eta iraganeko altxor ezkutu bat atera zuen argitara: abside erromaniko zoragarria. Hormekin batera, dokumentazio eskerga. Aulki batzuen eta VIII. mendeko fresko baten pean hezetasunak jandako kaxa zahar bat zetzala kontatu zidan. Barruan, ehunka agiri eta haien artean, hirurogei bat orri, euskaraz. Latin eta erromantzez idatzitako batzuk, antza denez, VIII. mendetik hasi eta 1084. urtera bitartekoak omen ziren; beste batzuk, ordea, berantiarragoak. Egun, Madrilen daude ikertzaileen esku, zati hondatu horiek argitu nahian, baina gizartearen gehiengoarentzat erabat ezezagunak dira.

Datu hark halako zirkuitulabur historikoa eragin zidan, ezin sinetsi nezakeen entzun berri nuena. Euskarazko lehen liburutzat daukagu 1545. urteko Linguae Vasconum Primitiae. Nola demontre ulertu, orduan, Valgañongo orri horien existentzia? Benetan hain zaharrak badira, gure hizkuntzaren lehen lekukotasun idatzien aurrean egon gintezke. Eta berantiarragoak balira ere —XVI. edo XVII. mendekoak—, pentsatu baino mende askoz gehiagoz iraun ote zuen euskarak Errioxa eta Burgosko mugetan? Errioxako euskara ezagutzeko aukerarik izango ote dugu?

Zoaz, irakurle, Valgañonera. Eseri baselizaren aurrean, eta hitz egin ezazu ermitako zaindariarekin. Hori egin ostean, ezinbestean etorriko zaizu galdera hau burura: ez ote dute hemengo herritarrek euren iraganeko hizkuntza ezagutzeko eskubiderik?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA